Garaipenik gabe itzuliko da Bilbao Basket Badalonatik (Katalunia), galdu egin baitu Joventuten aurka (97-86), ACB ligako hamaikagarren jardunaldian. Partida berdinduta joan da azken laurdenera arte, baina azkeneko tarte horretan nagusi izan dira etxekoak, 33-24ko partziala eginez.
Bolada onean zen Kataluniako taldea, ligako aurreko sei partidak irabazita, eta Alex Mumbruren taldea ere konfiantzaz azaldu da pistara, lan oso ona ari delako egiten. Gaur ere txukun aritu da, eta 16. minutuan 25-38 aurretik zen Bilbo Basket. Ezin izan dio aldeari eutsi, ordea, eta etxekoek, saskiratze bolada on batez, estutu egin dute emaitza. 38-40 jartzen zuen markagailuak bi taldeak aldageletara joan direnean atseden hartzera.
Ziztu bizian ekin dio Joventutek hirugarren laurdenari, eta 47-40 aurreratu da. Gainera joan zaizkio bizkaitarrak, eta baita aurretik jarri ere 27. minutuan: 54-58. Azken laurdenera, baina, etxekoak iritsi dira bi puntuko aldearekin. Hamar minutu geratzen ziren, eta berdintasuna izan da nagusi bukaerako zatiko lehen minutuetan, baina epaileek teknika adierazi diote Jaylon Browni, eta segituan kirol legearen kontrako falta Rafa Martinezi. Aukera ondo baliatu du Joventutek emaitza alde jartzeko. Bi minutu geratzen zirenean, hamar goitik zen etxeko taldea, eta ondo eutsi dio aldeari azkenean.
FITXA
Joventut 97: (19+19+26+33): Zisis (8), Prepelic (19),
Lopez Arostegi (18), Morgan (7), Omic (12) —hasierako boskotea—,
Dimitrijevic (8), Buford (9), Kanter (2), Ventura, Zagars eta
Harangody (14).
Bilbo Basket: 86 (21+19+22+24): Rousselle (10),
Bouteille (23), Rafa Martinez (5), Kulboka (8), Balvin (6) —hasierako boskotea—, Brown (6), Rodriguez (3), Schreiner (3), Rigo (3), Cruz (2), Sulejmanovic (7) eta Lammers (10).
Epaileak: Jordi Aliaga, Jorge Martinez eta Ruben Sanchez.
Kanporatuak: Bilbo Basketeko Brown (37. min.).