PAOK 79-73 Bilbo Basket

Bilbo Basketek sei punturen aldeagatik galdu du finaleko joaneko partida

Erasoan kamuts aritu dira bilbotarrak FIBAren Europako Kopako finaleko joanekoan, PAOKen aurka, Grezian: 79-73 bukatu da partida. Miribillan irauli beharko dute lehia, datorren asteazkenean.

Jaworski Bilbo Basketeko jokalaria Beverley zaintzen, gaur, Tesalonikan. ACHILLEAS CHIRAS / EFE
Jaworski Bilbo Basketeko jokalaria Beverley zaintzen, gaur, Tesalonikan. ACHILLEAS CHIRAS / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2026ko apirilaren 22a
20:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilbo Basketek bigarrenez jarraian irabazi nahi du FIBAren Europako Kopa, baina apur bat zaildu egin zaio bidea. 79-73 galdu du finaleko joaneko partida, Grezian, PAOKen aurka. Jaurtiketetan ez du asmatu, eta bukaeran ordaindu egin du. 

Bilbotarrak ez dira infernuan erre, baina ez dute nahi luketen emaitza lortu. Hurrengo asteazkenean jokatuko dute lehia erabakigarria, Miribillan, eta irauli egin beharko dute finala. Gogotsu daude zaleak, ilusioz, eta bete egingo da pabiloia. 

Sei punturen aldea ez da hainbestekoa, baina gogotik egin beharko dute lan Jaume Ponsarnauk zuzendutakoek. Badaude baikor egoteko motiboak, dena den. Txalotzekoa da taldea egiten ari den txapelketa. Bilbo Basketek galdu egin zuen lehen partida Peristeriren aurka, baina ordutik jokatutako neurketa guztiak zituen irabaziak. Finaleko joanekoa galdu egin du, baina itzulikoan erabakiko da dena.

Lehiakor hasi du partida Bilbo Basketek: defentsan sendo aritu da, eta adi. Aurkaria baino erosoago sumatzen zen kantxan, baina ez du asmatu erasoan. Lehen lau minututan bi taldeek hiruko bana baino ez dute saskiratu. Jokoan hobeto ari ziren bilbotarrak, baina baloia uztaian sartzea falta zitzaien. Horiek horrela, apurka orekatu egin da partida. Greziarrek neurria hartu diote lehiari, eta aginte makila hartzen saiatu dira. Etxekoek lau hiruko sartu dituzte lehen laurdenean, eta aurrea hartu dute markagailuan: 16-13 bukatu da.

Errebotean eta defentsan fin ari ziren bilbotarrak, baina erasoan, oso kamuts. Eta hori aprobetxatu dute greziarrek, markagailuan ihes egiteko. Hirukoetan asmatu dute, eta, ohartzerako, 26-15 jarri dira.

Beverleyk buruhauste asko eman dizkio Bilboko taldeari. Hura izan da jokalaririk arriskutsuena eta gehien asmatu duena. Lehen bi laurdenetan hamasei puntu lortu ditu, eta, guztira, 24. Gainera, asko hartu du parte jokoan. 

Ondo aritu da Tyree ere, eta seinale txarra zen hori bilbotarrentzat. Denera, 21 puntu eskuratu ditu hark. PAOK taldeak jokalari trebeak ditu buruz buruko jokaldietan, eta antzeman da. 

Azkenerako, 43-35 joan dira atsedenaldira. Hobeto ari ziren etxekoak, baina, behintzat, ez da guztiz hautsi neurketa.

Presio handia

Partidaren norabidea aldatzekotan, jaurtiketetan asmatzen hasi beharra zeukan Bilbo Basketek. Lehen zatian 21 biko jaurtiketa egin ditu, eta zortzi baino ez ditu sartu, oso gutxi. Eta hirukoetan ere ez da ikusgarri aritu: hamahiru jaurtiketa egin ditu, eta lau saskiratu. 

Bada, bigarren laurdena amaitu bezala hasi da hirugarrena. PAOKek asmatu du, eta Bilbo Basketek ez. Hala ere, bi hiruko segidan sartu dituzte bilbotarrek, eta arnasa hartu dute. Pixkanaka, indarrak parekatu dituzte. 60-53 amaitu da hirugarren laurdena.

Une zailetan, Bilbo Basketek jakin du markagailuari eusten, eta une erabakigarrian, kolpea eman du. Sei puntu lortu ditu azken laurdena hasi eta berehala, eta 60-59 jarri da markagailua. Justin Jaworskik konfiantza hartu du, eta gakoa izan da haren joa. 

Hala ere, aurkaria ez da kikildu. Lau minutu eta erdiren faltan, 71-70 zihoazen. Greziako zaleek asko estutzen dute, eta final bat izanda, are gehiago. Harmailetatik presio handia egin diete Ponsarnauk zuzendutakoei, batez ere partida amaieran. Dena den, bilbotarrek ere izan dute jarraitzaileen babesa. 

Azken minutuetan lehia estua izan dute bi taldeek. Azken jokaldian bikoa sartu du Tyreek, eta, horrela, aldea apur bat gehiago handitu du. Saiatu da Jaworski partidaren azken hatsean aldea murrizten, baina kale egin du. Horiek horrela, 79-73 bukatu da partida. 

Orain arteko lanak ondo egin ditu Bilbo Basketek, baina azken urratsa falta zaio gailurrera iristeko, zailena. Bilbon erabakiko da finala. 

Lointekek Gernikaren babesle izateari utziko dio

Azken urteetan Lointek enpresa izan da Gernika saskibaloi klubaren babesle nagusia, baina datorren denboralditik aurrera ez da hala izango. Klubak eskerrak eman dizkio Lointeki. Halaber, ohar batean argitu duenez, hainbat erakunderekin eta enpresarekin elkarrizketak izaten ari da, «taldeari izena emango dion bidelagun berri bat aurkitzeko helburuarekin».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA