EH Bilduk eta Podemosek Israel Premier Tech taldea Vueltatik kanporatzea eskatu dute. EH Bilduk nabarmendu du «genozidioa ordezkatzen duen talde bat» ez dela ongi etorria Euskal Herrira, eta gaineratu du «onartezina» dela kirola «genozidioa zuritzeko» erabiltzea.
Koalizio abertzalearen esanetan, «funtsezkoa» da kirol munduan ere Israel azken urteetan ezartzen ari den «apartheid erregimena» gaitzestea. Podemos Euskadik ere Israelgo taldeak Vueltan parte hartzea gaitzetsi du: «Kirolaren bidez munduan euren presentzia normalizatu nahi duten genozidak zuritzea da». Maite Gartzia Podemos Euskadiko koordinatzaileak komunikatuan salatu du Palestinak «bonbardaketak, hilketak eta setio krudela» jasaten dituen bitartean Vueltako antolakuntza «konplize» dela, «ikusgarritasuna» ematen baitio «sistematikoki» giza eskubideak eta mundu mailakoak «urratzen» dituen estatu bati. Gainera, beste alde batera ez begiratzeko eta Israelgo estatua salatzeko exijitu die Podemos Euskadik euskal erakundeei.
Joan den astean Figueresen (Herrialde Katalanak) jokatutako taldekako erlojupekoan Israel Premier Tech taldearen bidea oztopatu zuten hainbat manifestarik, Palestinako banderak eta mezuak erakutsiz. Irudi horrek harrabots egin zuen hainbat komunikabidetan, eta, horrekin batera, Vueltako beste irudi batzuk ere zabaldu dira lasterketa hasi zenetik: ibilbideko zenbait gunetan kokatuta zeuden Palestinako banderak kentzen aritu ziren antolatzaileak.
Gure Esku-ren aldarria
Vuelta Euskal Herritik igaroko da hurrengo bi egunetan. Bihar Nafarroatik igaroko da, Sendavivako parke naturalean hasi, eta Larra Belaguako gainean amaituko da etapa. Asteazkenean, berriz, Bilbon hasi eta amaituko da, Bizkaia zeharkatuta. Hori dela eta, EH Bilduk dei egin die herritarrei, Gure Esku erakundeari jarraiki, ikurrinak eta euskal ikurrak errepidean erakusteko eta erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarriarekin bat egiteko, eta, horrekin batera, munduari erakusteko «Euskal Herria bere etorkizuna erabaki nahi duen herrialde bat» dela.