Ofizialtasuna

EH Bilduk Sanchezi eskatu dio euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarriak aintzat hartzeko, eta hark erantzun «dena» ez dagoela haien esku

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak euskal herritar gehienen nahia errespetatzeko esan dio Espainiako presidenteari.

Euskal selekzioko futbol jokalariak ofizialtasuna aldarrikatzen duen pankartarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
Euskal selekzioko futbol jokalariak, ofizialtasuna eskatzeko pankartarekin. ARITZ LOIOLA / FOKU
2025eko azaroaren 19a
15:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk euskal selekzioaren ofizialtasunaren aldeko aldarrikapenak aintzat hartzeko eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari, eta hark erantzun dio «dena» ez dagoela haien esku: «Erronka batzuk nazioarteko federazioen borondatearen menpe daude. Ahal duguna egiten dugu. Zorrotz lan egiten jarraituko dugu euskal gizartearen kezkei eta asmoei erantzuteko, betiere indarrean dagoen esparru juridikoaren barruan».

Mertxe Aizpurua EH Bilduko bozeramaileak euskal herritar gehienen nahia errespetatzeko esan dio Sanchezi: «Nazio aniztasuna ezin daiteke sinbolikoa izan, aitortzak benetakoa eta eraginkorra izan behar du». Kirolaren Legea onartuta urrats garrantzitsua egin zela adierazi du, baina azpimarratu du arauak muga asko dituela: «Euskal selekzioak diziplina guztietan eta nazioartean lehiatzea nahi dugu, baldintza berberetan, zuek zuenarekin egiten duzuen bezala. Ez dugu inor baino gehiago eskatzen, ezta gutxiago ere».

Sanchezek erantzun dio Espainiako Gobernua «konprometituta» dagoela euskal gizarteak kirol arloan dituen nahiak entzuteko eta horiei erantzuteko. Kirolaren Legea gogora ekarri, eta euskal pilotaren kasua aipatu du, eta esan espero duela hurrengo urteetan surfean «aurrerapauso garrantzitsuak» ematea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.