Binakako bi txapelketak aldi berean jokatuko dituzte

Bihar hasiko dira biak, Lehen Mailakoa eta Bigarrenekoa, eta abenduaren 30ean jokatuko dituzte finalak

Lehen Mailako binakakoa jokatuko duten erremontistak, atzo, Oronan. M. ANDRES.
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
ERREMONTEA. Oriamendi 2010 enpresak tinko eusten dio erremontea biziberritzeko asmoari. Nahi horren adibide da binakako txapelketetan egin duen aldaketa. Lehen aldiz, enpresako erremontista guztiak ariko dira aldi berean: bost bikotek Lehen Mailako binakakoa jokatuko dute, eta beste bostek Bigarren Mailakoa. Bi txapelketek egitura eta lehiaketa sistema bera izango dute, eta egun beretan jokatuko dira.

Bihar ekingo diote lehiari. Zazpi jardunaldiko ligaxka jokatuko dute lehenbizi: bihar, azaroaren 10ean, 18an, 25ean; eta abenduaren 2an, 9an eta 16an. Partidak set formatuan jokatuko dituzte: lehen biak hamabost tantora izango dira, eta hirugarrena beharko balitz, zortzira jokatuko lukete. Bi setean irabazten duenak lau puntu batuko ditu; 2-1 irabazten duenak, hiru; galdu, baina set bat irabazten duenak, puntu bat; bi setetan galtzen duenak, bat ere ez; eta, azkenik, bi setean galdu eta hamabost tantora iristen ez denari puntu bat kenduko diote. Puntu gehien lortzen duen bikotea finalerako sailkatuko da, eta bigarren eta hirugarren bikote sailkatuek finalerdia jokatuko dute abenduaren 23an. Finala 30ean izango da. Galarretan izango dira partida guztiak.

Bost bikote hauek ariko dira Lehen Mailako binakakoan: Urriza-Azpiroz, Aldabe-Barrenetxea IV.a, Ezkurra II.a-LarraƱaga, Ansa II.a-Martirena eta Segurola-Juanenea. Iaz, Segurola eta LarraƱagak irabazi zuten txapela. Bigarren Mailan, berriz, bost bikote hauek ariko dira: Loitegi-Eskudero, Zaldua II.a-Aiestaran IV.a, Urrutia II.a-Zaldua I.a, Irazu-Apezetxea eta Gurrutxaga-Zubiri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.