Altuna III.a 22-6 Zabaleta

Bizi-bizirik dago Jokin Altuna

Aise irabazi dio Zabaletari, beste behin. Datorren astean Darioren aurka jokatuko duen partidan erabakiko da nor sailkatuko den finalaurrekoetarako.

Jokin Altuna tanto bat ospatzen, gaur, Astelena pilotalekuan.
Jokin Altuna tanto bat ospatzen, gaur, Astelena pilotalekuan.
Paulo Ostolaza.
2024ko apirilaren 28a
19:45
Entzun

Gaurko partidarako faborito zergatik zen erakutsi du Jokin Altunak: Jose Javier Zabaletari nagusitasunez irabazi dio beste behin (22-6), eta, gaurkoarekin, 11 neurketa daramatza Eibarko (Gipuzkoa) Astelenan galdu gabe, bi urte pasatxo. Joan den astean gaizki jokatu zuen Lasoren aurka, baina erakutsi du egun txar bat besterik ez zela izan. Altuna ere hezur-haragizkoa da.

Txapelketan bizirik segitzen du. Datorren astean, Astelenan bertan, neurketa erabakigarria jokatuko dute Dariok eta biek: irabazten duena sailkatuko da finalaurrekoetarako. Gaurko emaitzarekin, Lasok ziurtatua du jada lehen postua; atzo 22-11 irabazi zion Errioxakoari. Zabaleta, berriz, aukerarik gabe geratu da.

Gaurko lehiak ez du kontatzeko askorik utzi. Zabaleta 0-3 irabazten hasi da, baina Altuna geldiezina izan da sakea berreskuratu duenean (13-3). Nahi zuen moduan ibili da Amezketakoa, eta Zabaleta, berriz, kantxan bere tokia topatu ezinda. Altunak kontrolatu ditu tantoak, eta ia une oro airez defendatzera behartu du aurkaria. Helburu bikoitza bete du gaur, beraz: irabaztea eta horren gaizki ez dagoela erakustea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.