Espainiak talentu latza du baloiarekin; Portugalek, kontraerasoan. Espainiak pazientzia du xede gola egiteko; Portugalek nahikoa ditu bizpahiru segundo. Pasean oinarritzen da espainiarren jokoa; jaurtiketan, portugaldarrena. Horizontalki jokatzea du gustuko lehenak; bertikalki, bigarrenak. Futbolean ezer desberdinik bada, hori Espainiaren eta Portugalen artean dagoen mentalitatea da. Futbola ulertzeko bi modu dira, Bartzelonarena eta Real Madrilena bezalaxe. Baloia jokatzeko bi era, bi era on. Bada, osagai horiek guztiak kontuan hartuta, partida ederra ikusi ahal izango da gaur, Donetsken. Eurokopako finalerako aurreneko aukera izango dute jokoan bizilagun zaharrek Donbass Arenan.
Bizilagun zaharrek, bai. Izan ere, aspaldiko ezagunak dira Espainia eta Portugal. Elkarren kontrako azken urteetako lehiei erreparatuta, aurki daiteke kontu interesgarririk. 2010eko Hegoafrikako Munduko Kopako final-zortzirenetan, esaterako, Espainia nagusitu zen norgehiagoka zoragarri batean. Sei urte lehenago, baina, Eurokopatik kanpo utzi zuen Portugalek Espainia multzoen ligaxkan. Dena den, aurrez aurre azkenekoz orain bi urteko azaroan aritu ziren, Lisboan (Portugal). Lagunarteko neurketa jokatu zuten, eta etxekoak 4-0 gailendu ziren. Espainiak lehen partida zuen munduko txapeldun izanez geroztik, eta egurra jaso zuen.
Beraz, gaur faborito garbi zelairatuko den arren, erne ibili beharko du. Espainia beti da faborito, izan bataren kontra edo bestearen aurka. Txapelketa ofizialak aintzat harturik, azken 47 partidetatik soilik hiru galdu ditu. Gainera, ezin da ahaztu jokaturiko guztia irabazi duela azken lau urteetan.
Espainia ez bezala, sufrituta sartu da finalerdietan Paulo Bentoren selekzioa. Egia esanda, multzoa ere halakoxea zuen. Lehen bi neurketak berdindu ondoren, erakustaldia eman zuen Herbehereen aurka, eta Txekiaren kontra ere ildo beretik jarraitu zuen. Zelaitik kanpoko sesioetatik eta liskarretatik ongi ari dira urruntzen jokalariak. Konfiantzaz gainezka daude, eta Espainiari kosk egiteko prest.
Bi selekzioetako hautatzaileek ez dute aparteko aldaketarik egingo hamaikakoan. Del Bosquek orain arteko sistemari eutsiko diola dirudi, Cesc Fabregas jokalaririk aurreratuena dela. Portugalek, berriz, derrigortuta utzi beharko du aulkian Helder Postiga, min hartuta dagoelako. Haren ordez, Hugo Almeidak edo Silvestre Varelak jokatuko du.
Futbola. Polonia eta Ukrainako Eurokopa: Espainia-Portugal finalerdia
Bizilagun zaharrak
Espainiak eta Portugalek Eurokopako lehen finalerdia jokatuko dute gaur Donetsken, eta partida gogorra eta orekatua espero daBaloia Espainiak izango du, eta Portugal kontraerasoan ahaleginduko da min egiten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu