Bizilegea da. Herenegun gazte airosa zen hori, pixkana-pixkana hazi, eta errugbiaren ikur bihurtu da. Azkenik, urteak pilatu, eta agur errateko tenorea heltzen zaio, beste gazteei lekua uzteko. Aldi honetan, Imanol Hariñordokiren txanda iritsi da. Donibane Garaziko hirugarren lerroak asteburuan iragarri zuen erretreta hartuko zuela denboraldia amaitutakoan. Egun Baigorrirekin elkartu eta Nafarroa bihurtu den Garaziko taldean hasi zuen ibilbide oparoa amaituko du horrela Hariñordokik, Okzitaniako Tolosarekin Top14a irabazteko lehian sartuta.
Ibilbide luze bezain aberatsa egin du. Garaziko Juniorrekin Frantziako txapeldun izan zen mutiko ihar eta garai hori Frantziako selekzioko eta mundu mailako errugbiko ikur bihurtu zen ondoren. 2000ko hamarkadan, munduko hirugarren lerro onentsuenen zerrendan bere lekua egin zuen, Lawrence Dallaglio, George Smith, Richie Mc Caw eta Joe Van Niekerkerekin batera.
Bide oparoa, errugbi profesionalean debuta Biarnoko Pauen egin zuen baxenabartarrarentzat. 36 urterekin, baina, gelditzeko garaia iritsi zaiola aitortu du: «Nire belaunarekin lanak izan ditut azken urteetan. Naturalki etorri da erabakia. Sentitzen dut gorputzarentzat zailegia bihurtu dela erritmoari eustea». Orain bi urte, gelditzeko hautua hartua zuela ere erantsi du, Miarritze Bigarren Mailara jaistearekin batera. Baina orduan Tolosa handiaren deia etorri zen, eta jarraitzea erabaki zuen: «Tolosak deitzea nerabe baten ilusioarekin hartu nuen. Guy Novesek argi eta zuzen hitz egin zidan, eta konbentzitu ninduen».
Ikusgarria izan da azken bi sasoietan garaztarrak eman duen maila. Miarritzen, azken hiru sasoi zail izan zituen, belaunarekin hainbat komeria izanda eta partida anitz ezin jokatuta. Okzitanian, baina, gorputzak bakean utzi, eta urte handietako Hariñordoki hura ikusi ahal izan zen: «Jendeak oso ongi hartu nau, eta plazer handiz jokatu dut Tolosan». Iaz, adibidez, taldeko onena izendatu zuten.
Miarritze handiaren ikur
Baina nola aipatu Hariñordoki 2000ko hamarkadako Miarritze handia gogoan izan gabe? Hariñordokiren historia eta Miarritzerena oso estu lotuta daude. 2004an iritsi zen Euskal Herrira, Pauetik. Bertan, dena ezagutu du: tituluak, Heineken kopako finalak, kapitain rola; baita urte zailagoak ere, eta Bigarren Mailara jaistea. Serge Betsenekin eta Thomas Lievremontekin batera, Top14ko hirugarren lerro onenaren parte izan zen, eta, bere bi taldekideek taldea utzi eta gero, Miarritzeren lider eta ikur bakar bilakatu zen.
Euskal zale asko eta askoren gogoan geldituko dira Heineken kopako sasoi handi horietan Hariñordokiren irudiak: Anoetako estadioan, Munsterren kontra, aurpegian maskara zuria zuela baloiarekin kargara joanda; kolpe txar bat jaso eta gero, lurrean minez etzanda; edo bi lagunek altxatuta, baloia eskasean hartzeko borrokan zebilela.
Lapurdiko taldearekin Top14a bi aldiz irabazi zuen, eta 2012an Europako Challenge kopa ere. Europako kopa handiak, Heineken kopak, bi aldiz ihes egin zion, ordea, 2006an eta 2010ean.
Luzaz, taldeko beste lider batzuen gibelean gordeta egon zen Hariñordoki. Jean-Michel Gonzalez, Serge Betsen, Thomas Lievremont, Jerome Thion… anitz ziren jokalari handiak, Miarritze handi hartan. Azken sasoietan, baina, aldagelan geroz eta garrantzi handiagoa hartu zuen, eta taldeko kapitain bihurtu zen.
Hariñordokiz hitz egiteko ezinbestekoa da Paueko urteetatik gerora ere haren taldekide izan zen Damien Traille entzutea: «Arraroa izanen da Imanol zelaian gehiago ez ikustea. Hainbeste urte dira elkarrekin aritu garela. Azken bi sasoietan gure bideak aldendu dira, baina bestela beti aritu gara elkarrekin». Hariñordokik bezala, Traillek sasoia bukatzean erranen dio agur errugbiari. Urrezko belaunaldi baten azken pausoak dira hauek Miarritzerentzat.
Euskal Herrian bakarrik ez, mundu osoan ere ospetsu egin zen Hariñordoki. Bernard Laporte hautatzailearen eskutik, Frantziako selekzioko ateak ireki zitzaizkion 2002an, eta bide oparoa egin zuen. Orotara hiru Munduko Kopa jokatu zituen, eta aldi oro selekzioko oinarrizko jokalaria izan zen. 2003an ospea hartu zuen nazioartean, Munduko Kopan bikain aritu eta gero. 2011n Ingalaterraren aurka finalerdian jokatutako partida handiak bikain itxi zuen bere nazioarteko ibilbidea. Sei Nazioen Torneoan ere, aurkari kutunenak Irlanda eta Ingalaterra izan zituen. 82 aldiz aritu zen Frantziarekin, eta 65 puntu sartu zituen.
Imanol Hariñordoki
Bizilegea da
Errugbilari garaztarrak erretiroa hartuko du denboraldia amaitutakoan, 36 urterekin, eta maila nagusian hamazazpi urtez aritu ondoren. Top14a irabazita esan nahi du agur.