Bizirik iritsi denean...

Bayernek asko sufritu du Porton, 2-0 atzetik jarri da 10. minutuan, baina gol bat sartu du behintzat (3-1).Bartzelonak 1-3 irabazi du Parisen

Portoko jokalariak, atzo, Bayern Munichi sartutako hiru goletako bat ospatzen. SVEN HOPPE / EFE.
unai zubeldia
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Jackson Martinezek Xabi Alonsori baloia lapurtu, Neuerri iskin egin, eta penaltia. Quaresmak barrura. 1-0. Dantek lo hartu, Quaresmak baloia lapurtu, arean sartu, eta barrura. 2-0. Hortxe Porto-Bayern Munich Txapeldunen Ligako final-laurdenetako joaneko partidako lehen hamar minutuen azalpena. Portoko zalerik baikorrenak ere aurretik ez zuen iragarriko halakorik. Velasco Carballo epaileak atera ziezaiokeen, gainera, txartel gorria Neuerri lehen minutuko jokaldian. Zer egiten ari ziren ez zekitela ekin zioten alemaniarrek partidari, eta astindu handia jaso arren (3-1), nolabaiteko indarra eman diezaieke Thiago Alcantarak lehen zatian sartutako golak. Gezurra badirudi ere, emaitza izan zen onena Bayern Munichentzat.

Partida 3-1 amaitu zen arren, amai zitekeelako 4-1 edo 5-1 ere. Aukera asko eta argiak izan zituen Julen Lopetegik zuzentzen duen taldeak. Ordurako Bayern Munichek 2-1ekoa lortuta zeukala atsedenaldirako bi aukera on eduki zituelako etxeko taldeak, Alex Sandrok erdiratu eta langara joan zen baloian lehenengo, eta Casemirok bigarren zutoinean huts egin zuen erremate argian gero. Aurretik, 28. minutuan iritsi zen alemaniarren gola: Boatengek eskuin hegaletik erdiratu, eta Thiago Alcantarak bidali zuen baloia sareetara, bigarren zutoinean.

Bigarren zatian, berriz, are aukera argiagoak eduki zituen Portok. 55. minutuan Casemirok berak eduki zuen, berriz ere, gola esku-eskura. Neuerrek gaizki urrundu zuen baloia, eta brasildarra lehen ukituan saiatu zen atezaina ezustean hartzen. Indarra falta izan zitzaion, ordea. Bi minutu geroago, geldiketa ona egin zuen Neuerrek, Danilok erdiratu eta Herrerak egindako errematearen ondoren. Eta 65. minutuan iritsi zen merezitako saria, 3-1ekoa. Beste behin ere, Bayern Munichek huts egin zuen atzean, Boatengek gaizki neurtu zuen Jackson Martinezi bidalitako baloi luzea, eta aurrelariak ez zuen huts egin Neuerren parean.

Hiru gol Portok, eta hiru huts ikaragarri Bayernek. Akatsari akatsa gehituta, oso partida eskasa jokatu zuten alemaniarrek, baina urrearen balioa izan dezake Thiago Alcantararen golak. Berdinketa kasuetan balio bikoitza daukate etxetik kanpo sartutako golek, eta, atzo jokatu ezin izan zuen jokalariren bat edo beste berreskuratuta, 2-0ekoa lortzeko gaitasuna badauka Pep Guardiolak zuzentzen duen taldeak. Hurrengo asteartean jokatuko dute itzuliko partida, Munichen.

Bartzelona, erabat nagusi

Neymar eta Luis Enriqueren arteko liskarrarekin, beldur pixka bat bazegoen Bartzelonan atzoko partidarako, baina kataluniarrek tarteka dotore jokatuta bideratu zuten Paris Saint Germainen aurkako kanporaketa (1-3). Ezer askorik egin gabe, PSGren huts batean, Neymarrek sartu zuen lehen gola, 18. minutuan. Emaitza horrekin amaitu zen lehen zatia, baina Luis Suarezek gozatu handia hartu zuen bigarren zatian, bi gol ikusgarri sartuta. David Luiz, Marquiños eta Maxwell atzean utzita lortu zuen 0-2koa, 67. minutuan, eta David Luiz lotsatan utzita 0-3koa, 79.ean. Mathieuk bere atean sartu zuen 1-3koa (81. min.). Datorren asteartean jokatuko dute itzuliko partida, Bartzelonan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.