Lydia Montes. Kukullagako entrenatzailea

«Bizkaia ordezkatzen dugu maila nagusian»

Denboraldia ez du ongi hasi Kukullagak, bi partidetatik biak galdu baititu. Halere, jokalariek eta entrenatzaileak ez dute itxaropena galdu, eta, zaleen laguntzarekin, mailari eusteko asmoz dira.

IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Lydia Montes (Madril, 1972) Kukullagako entrenatzailea da, eta hasi berri den denboraldian ABF ligan ari dira, udan bulegoetan igoera lortu ostean. Igoera merezitako zerbait dela erakutsi nahi dute, eta ez opari bat.

Denboraldi hasiera zaila izan duzue. Nola ikusten duzu taldea?

Jokalariak maila berrira egokitzen ari dira, gehienak ez baitute inoiz jokatu maila nagusian. Orain ligako bi talde indartsuren aurka jokatzeak ere ez du laguntzen, baina taldea gogotsu dago. Gainera, oraindik denboraldia luzea da, eta puntu asko daude jokoan, eta ahalik eta puntu gehien lortzeko lehiatuko gara.

Bulegoetan igotzea ez da gauza bera, baina zuen denboraldiak igoera merezi zuen.

Egia da ez dela gauza bera, baina egin genuen denboraldiak azkenean izan du merezi zuen saria, nahiz eta hori talde baten desagerpenagatik izan den. Baina egia da joan den denboraldian egin genuen lana egin izan ez bagenu saria ez litzatekeela iritsiko. Beraz, merezi dugun tokian gaude.

Denboraldiko plana egin ondoren jaso zenuten albistea. Horrek arazoak ekarri zituen?

Egia da aldaketa batzuk egin behar izan genituela. Denboraldi-aurrea abuztuaren 17an hasteko prestatu nuen. Izan ere, urrian hasi behar genuelako denboraldia. Baina albistea jaso nuenean, abuztuaren 3an hastea erabaki genuen. Egun horiek eroak izan ziren niretzat, jokalari guztiei egun aldaketa abisatzeko.

Eta taldearen osaketan aldaketarik izan zen?

Ez. Aurreko denboraldiko oinarri bera dugu, hiru jokalari izan ezik. Horien ordez, jokalari onak fitxatzen saiatu gara, beti ere gure ahalmenaren barruan. Beraz, taldea aurreko sasoikoaren oso antzekoa da. Nire hitza eman nien taldean jarraituko zutela maila batean zein bestean, eta hori bete egin dut, merezi dutelako.

Zein da helburua?

Mailari eustea da gure helburu nagusia. Gainera, bulegoetan lortutako igoeragatik kritikatu gaituzten pertsonei erakutsi nahi diegu maila honetan lehiatzeko gai garela. Hori lortzeko lehiatuko gara; gero zerbait gehiago eskuragarri baldin badugu, horren bila joango gara, beti ere oinak lurrean edukita.

Taldea ez ezik, zaleak ere itxaropentsu dira.

Bai, beti esan dut Etxabarrin eskubaloiak zale asko izan dituela. Kirol honetarako jende askok lan egiten du, eta kirol egitura sendoa dago lehen talde honen atzetik. Herriaren eta Bizkaiaren laguntza dugu, eta hori nabari dugu. Horrek laguntzen du, guk gogotsu lan egiteko, zale asko ditugulako. Gehienak eskubaloiaz ulertzen dute, eta badakite zaila dela talde indartsu hauekin lehiatzea, ezberdintasun handia dagoelako talde indartsuenen eta gainontzekoen artean.

Bizkaiarentzat ere aukera ezin hobea da talde bat maila nagusian izatea?

Garrantzitsua da guztiontzat, eta, horregatik, ezin izan dugu aukera hau galtzen utzi. Guk ez dugu Etxabarri soilik ordezkatzen, Bizkaia ere ordezkatzen dugu. Izan ere, Bizkaiko talde guztientzat ere garrantzitsua da talde bat mailarik gorenean izatea, guztiontzat eredugarria izan daitekeelako. Gainera, Bizkaia maila nagusian ordezkatzeko aukera izango dugu. Badakigu zaila dela horri eustea, baina horretarako ahalegina egingo dugu.

Nola ikusten duzu emakumezkoen eskubaloia?

Egoera ekonomikoak asko baldintzatzen du. Espainian krisian gaude, eta kirol alorrean batik bat. Are gehiago emakumezkoen kirolean, gizonezkoan baino gehiago eragin baitu krisi ekonomikoak. Eta horrekin lehian gabiltza. Guk eskerrak harrobi on bat dugula eta hortik ateratzen ditugula jokalari gehienak, azpiko taldeetan lana ongi egiten baitute jokalariekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.