Bizkaik aitorpenari eutsi dio

Kudeatzaile ohiak esan du Miguel Artxankoren bi denboraldietan sei partida erosi zirela hiru galtzen uzteagatik. Artxankok onartu du Betisi pagatu zitzaiola Valladolidi irabazteko, baina bestea ukatu du

Angel Bizkai, atzo, epaiketara sartu aurretik, bere abokatuetako batekin. JESUS DIGES/ EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urtarrilaren 22a
00:00
Entzun
Ia ez zitzaion entzuten, baina ahoan bilorik gabe hitz egin zuen Angel Bizkaik, atzo. 24 urtez Osasunako kudeatzaile izandakoa Osasuna auziko bigarren eguneko protagonista izan zen, eta aurretik esandako bertsioari eutsi zion. Haren esanetan, Miguel Artxankoren agintaldiaren bi denboraldietan Osasunak hainbat partida erosi zituen Espainiako Lehen Mailari eusteko: 2012-2013ko denboraldian, Getaferi 450.000 eman zizkion Osasunaren aurka galtzeagatik, eta Betisi zein Valladolidi 150.000 bakoitzari, Deportivo eta Celta aurkari zuzenen aurka irabazteko; 2013-2014ko sasoian, berriz, Espanyoli, azken-aurreko partidan Osasunarekin berdintzeagatik, 250.000 euro pagatu zitzaizkion, eta Betisi 650.000 euro ordaindu zizkioten, Valladoliden aurka irabazi eta Osasunaren aurka galtzeagatik.

Bizkaik du auziaren giltza, eta epaiketak zehaztu beharko du hark dioena zenbateraino den gezurra edo egia. 2015eko otsailean Espainiako Futbol Liga Profesionalari (LFP) egin zion lehen aitorpenaren ondorioz hasi zen auzia. Atzo, Bizkaik adierazi zuen aitorpena «bere borondatez eta askatasunez» egin zuela, «inongo presiorik jaso gabe». Haren esanetan, LFPk ordurako jada «hainbat froga» zituen.

Bizkaik esandakoa ukatu zuen Artxankok: «Osasunak ez du amarrurik egin partidekin. Erabat gezurra da. Esan dezala nondik atera den dirua». Artxankok baieztatu zuen «soilik partida bakarra» ordaindu zela; 400.000 euro Betisi. Denboraldi hartako 36. jardunaldiko Celtaren aurkako partida galdu ostean hartu zuen erabakia zuzendaritzak, maiatzaren 7an. Asmoa zen Osasunari «arnasa ematea», nahiz eta Lehen Mailari eustea ez ziurtatu. «Galdetu genion Angeli [Bizkairi], hark esperientzia zuenez, ea halakoak egitea zenbat kostatzen zen, eta esan zigun 300.000 eta 400.000 euro artean kosta zitekeela. Hitzez hitz, horren hainbat lekuko baditut, zera erantzun nion: ezta euro bat gehiago ere».

Fiskalaren arabera, bi denboraldi horietan 2,5 milioi euro inguru atera ziren Osasunaren kontu eta kapitaletik. Bizkaik atzo adierazi zuenez, partidak erosteko 1,6 milioi euro erabili ziren, eta 810.000 Osasunako jokalarientzat izan ziren, kirol helburuen araberako pizgarri moduan.

Artxankok gezurtatu egin du

Artxankok, aldiz, bestelako datuak eman zituen. Bere sinadurarekin, Osasunaren kontuetatik ateratako dirua jokalarien pizgarriak ordaintzeko edo Francisco Silva edo Miguel De las Cuevas jokalarien fitxaketak pagatzeko izan zirela azaldu zuen. Fiskalak bestelako ordainketen inguruan galdetzean, ez zekiela argudiatu zuen. Fiskalak galdetu zion ea bere bizkar erabakiak hartzen al ziren: «Bai, eta hainbat aldiz, gainera». Hala ere, irmo ukatu zuen kontuetatik «euro bat» eraman izana. Justifikatu gabeko dieten auzian, 50.000 euro inguru hartzea egotzi dio fiskalak(beste 20.000 Txuma Peraltari), baina dirua zuzendaritzako kideen artean banatzen zela justifikatu zuen, bidaien gastuetarako.

Fiskalaren arabera, bi denboraldi horietako kontu ekonomikoek finantza egoera erreala ez islatuz gero, maila galtzeko arriskua zuen Osasunak, eta, horregatik, gezurrezko bi kontratu egin ziren. Lehena, 2012-2013ko denboraldian Cristina Valencia eta Albert Nollaren higiezin enpresarekin, 900.000 eurokoa; bestea, 2013-2014ko sasoian, Flefield enpresarekin 1,6 milioi eurokoa.

Bi kasuotan, kontuak eta agiriak faltsutzea leporatu diote Bizkairi. Hark ukatu egin zuen Valencia eta Nolla ezagutzea, eta, kontratuok diru mugimenduak justifikatzeko egin al ziren galdetuta, bere ardura saihestu zuen: «Ulertzen dut baietz, horretarako erabili zirela, baina nik ez nuen parte hartu». Beste kontratuan, aurretik Osasunak Flefieldekin lan egin zuela azaldu zuen, jokalarien irudien eskubideen inguruan. Ordurako Osasunatik kanpo zegoen Bizkai, eta kontratua gezurrezkoa zena bazekiela ukatu zuen. Bizkairen arabera, kontratu hura Tomas Lopez kontabilitate arloko teknikariak egin zuen, Angel Ardanaz Kudeaketa Batzordeko kudeatzaileak prestatuta.

2013-2014ko sasoiko partiden erosketen inguruan, zehaztasun asko eman zituen Bizkaik. Azken-aurreko partida jokatu aurretik bi bilera egin ziren, haren hitzetan: bata, Madrilen, Betiseko jokalariekin; bestea, Bartzelonan, Espanyolekoekin. Betisekoek milioi bat euro eskatu zuten, baina Osasuna 650.000 euro ordaintzekotan geratu zen, Bizkairen arabera. Handik Bartzelonara bidaiatu zuten Bizkaik eta Txuma Peraltak. Bizkairen arabera, Espanyoleko jokalariek berdinketa hitzartu zuten, emaitza hura zelako lehen mailari eusteko bermea, eta,«denboraldi txarra izan zenez, jendea haserre zelako».

Betisekoei 400.000 euroko lehen ordainketa egiteko nahikoa diru ez zegoenez, Diego Makirriain Osasunako fundazioko buruak eta Bizkaik berak 120.000 euro aurreratu zituzten, Bizkairen arabera. Era berean, «behar handia» zegoela argudiatuta, Lacturale babesleari dirua eskatu zitzaion, baina Juanma Garro enpresako presidenteak ez zekien ezer diru haren erabileraz, Bizkaik aipatu zuenez.

Dirua eskuzorro batean

Sevillara (Espainia) joan ziren Peralta eta Bizkai, eta, dirua prest zenean, Makirriain joan zen atzetik, trenean: «Eskuzorro batean eraman zuen dirua». Melia Sevilla hotelean zeudela, furgoneta bat etorri zen bila, Bizkaik esatera: «Hoteletik gertu zegoen etxe bateko garaje pribatu batera eraman gintuen, eta han, noranahiko ibilgailu batean Betiseko hiru jokalari zeuden». Xavi Torres etaJordi Figueras identifikatu zituen; hirugarrena, ez.

Bigarren ordainketa Madrilen egin zuen Bizkaik. Antonio Amaya etorri zitzaion bila, eta auto barruan, «emaztea alboan eta alaba lotan» zeudela, 250.000 euro eman zizkiela esan zuen. Ordurako berandu zen. Aitortutakoa egia izan zein zen, alferrikzen. Osasuna Bigarren Mailara jaitsi zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.