Athleticek jakitera eman duenez, gaur zendu da Blas Ziarreta. Santurtzin jaiotako entrenatzaileak sei urte egin zituen Espainiako Bigarren Mailako aulkietan: 1991tik 1993ra bitartean Athletic B taldea zuzendu zuen, eta 1999tik 2003ra Eibar. 174 partida egin zituen Gipuzkoako taldearen gidari lanetan. Gaur hil da 79 urte zituela.
Ziarretak klubean egindako funtzioak gogoratu ditu Athleticek, eta «biziki deitoratu» dute haren izena: «Bi hamarkada baino gehiagoz Athleticeko harrobiaren kudeaketan erreferentziazko figuretako bat izan zen». Aipatutako bi talde horiez gain, Sestao, Erandio, Aurrera, Burgos eta Badajoz (Espainia) ere zuzendu zituen. Talde horiek eta beste hainbatek, tartean Euskadiko Futbol Federakundeak, haien doluminak adierazi dituzte.
2004an, Eibarren aulkia utzi, eta Lezamara itzuli zen: Athleticek hitzartuta dituen klubekin harremanetarako koordinatzaile lanetan aritzera. Handik urte batzuetara Athleticeko idazkari tekniko izendatu zuten. Bizkaiko taldeak harrobiaren kudeaketan «funtsezko erreferentea» izan zela gogorarazi du.