Boonenek De Vlaemincken marka berdindu dezake gaur, Paris-Roubaixen

Laugarren aldiz irabaz dezake, baina, hala ere, Fabian Cancellara da irabazteko faborito nagusia

Erredakzioa
Donostia
2010eko apirilaren 11
00:00
Entzun
Tom Boonenek (Quick Step) Roger De Vlaemincken marka berdindu dezake gaur Paris-Roubaix klasikoan (15:00, ETB1, F2 eta La2). Belgikarrak azken bi aldiak jarraian irabazi ditu, eta guztira hiru aldiz altxa ditu besoak Roubaixko belodromoan -2005ean ere irabazi zuen, eta bigarren izan zen beste behin-. Errekorra, baina, De Vlaeminckenek du, haren herrikideak, lau aldiz irabazi baitzuen Iparraldeko infernuan (1972, 1974, 1975 eta 1977). Boonenek, beraz, klasikorik mitikoenaren historiarekin dauka konpromiso bat gaur, baina baita bere balentria zapuztu dezakeen aurkariarekin ere, garaipenerako faboritoa Fabian Cancellara baita (Saxco Bank).

Zazpi dira proba hiru aldiz irabazi dutenak; artean dira Francesco Moser, Eddy Merckx handia eta Johan Museeuw txirrindulari loriatuak. Halere, bakarrak hobetu zuen langa hori, eta Boonenek zerrenda horretatik irten nahi du. Baina Cancellara sasoi bikainean dago. Suitzarrak 2006an irabazi zuen proba, eta 2007ko Frantziako Tourrean izan zen antzeko etapa bat ere irabazi zuen. Halere, Cancellara da hautagai nagusia, iragan astean Flandriako Itzulian indar erakustaldia eman baitzuen. Beraz, bien arteko buruz buruko lehia ez den oro ustekabekotzat jo daiteke, eta ezuste hori emateko hautagaiak Juan Antonio Flecha (Sky) eta Thor Hushvod dira (Cervelo). Klasikoak guztira 259 kilometro ditu, horietatik 52 harginezkoak, 27 zatitan banatuta.

Itzulitik Zornotzara

Euskal Herriko Itzulian parte harturiko txirrindulari gehienek Zornotzako Udaberri Klasikoan hartuko dute parte gaur (09:15). Urteroko ibilbide bera da, 171 kilometrokoa, eta, beti bezala, azken hirurogei kilometroetan, Muniketaganera eta Autzaganera egin beharreko hiru igoeretan erabakiko da. Iaz, Alejandro Valverdek (Caisse) irabazi zuen, baina, aurten, segur aski ez du parte hartuko. Orain Joaquin Rodriguez (Katuxa) da faborito nagusia, Kataluniako txirrindulariak duela hiru urte irabazi zuelako, eta ezagutzen du ibilbidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.