RIO-KO DOMINAREN ZAMA
Rioko Olinpiar Jokoetan irabazitako urreak ifrentzua ere izan zuen Chourrautentzat. Kirolariren batek halako zerbait lortzen duenean, jendeak bere egiten eta sentitzen du. Konpromisoak gehitu zitzaizkion. Familian eta piraguan zentratutako bizimodua nahastu. Jarraikitasuna, diziplina eta ordena aztoratu zizkion. Entrenatzeko zailtasunak sortu.
Domina lortu izanaz damutzeraino: «Asko amesten duzu gauza bat lortzeari buruz, lan asko egiten duzu, eta, lortu eta gero, damutu ere egiten zara». Rioko urrezko dominak zaildu egin zion Olinpiar Joko horiekin etena egin eta hurrengoei begira jartzea.
OSASUN ARAZOAK
Rioko Olinpiar Jokoak izan eta geroko bi urteetan osasun arazo dezente izan zituen. Garaipenaren osteko zurrunbiloa eta zorabioa eta gero, benetako zorabioak izan zituen, fisikoak, urtebetez. Horrek ez zion nahi bezala entrenatzen eta lehiatzen utzi. Chourraut konturatu zen keinu batzuk egiterakoan izaten zituela zorabioak, eta keinu horiek egitea saihesten zuen. Batzuetan egun osoa pasatzen zuen zorabio sentsazioarekin. Zorabioetara ohitu zen.
Tokioko Olinpiar Jokoei begira ari zen lanean, eta ez zion entrenatzeari utzi nahi: Olinpiar Jokoetarako lekua lortu behar zuen hautaketa probetan. «Ezin nuen urtebete galdu, indartu egin behar nuen». Horregatik, entrenatzen jarraitu zuen. Denboraldia bukatu eta gero heldu zioten zorabioen arazoari. Gaitza diagnostikatu zioten: jarrerazko bertigo onbera. Ariketa batzuk egiteko esan, eta hiru astean desagertu ziren hilabete luzeetan ernegatu zuten zorabioak.
Ez ziren osasun arazo bakarrak izan. Zenbait infekzio ere izan zituen. Saihets hezur bat ere puskatu zitzaion, baina ez zen konturatu. Mina bazeukan. Minaren jatorria zein zen jakin zuenerako, saihets hezurra batzen ari zen.
PIRAGUA BERRIA
Ur bizietako eslalomean piraguistak eta piraguak —kaiak izena du— bat egiten dute, bat bihurtzen dira. Horregatik, piraguan egiten den edozein aldaketak eragina du jaisteko eta nabigatzeko moduan. Rioko Olinpiar Jokoen ondoren araudia aldatu egin zuten, eta horrek hainbat buruhauste eragin dizkio Chourrauti.
Alde batetik, handitu egin zuten piraguen gutxieneko pisua, zortzi kilotik bederatzira. «Pertsona handi batek ez du nabarituko, baina ni txikia naiz, eta aldea asko nabaritzen da», zioen Chourrautek.
Piraguaren azpiko gilen neurria ere aldatu zuten. Gila berriek txikiagoak eta lodiagoak izan behar zuten. Horrek piraguen nabigazioa baldintzatzen du, eta Chourrauten piragua ez zihoan ondo. Proba asko egin zituzten. Piragua asko probatu, 25, egokia aurkitu arte.
ETXERA ITZULTZEA
Chourrautek eta familiak hamabost urte egin zituzten La Seu d’Urgellen (Lleida, Herrialde Katalanak). Ur bizietako kanala zuten etxe ondo-ondoan. Goi mailako kirolarientzat prestatutako azpiegiturak.
Iazko udan, ordea, Euskal Herrira bueltatu ziren, familiaren altzora eta, kirol ikuspegitik, estimulu berrien bila. Berez, Tokioko Olinpiar Jokoak bukatutakoan itzultzea zen asmoa, baina pandemiak eta Olinpiar Jokoen atzerapenak bidaia urtebete aurreratu zuten. «Alde guztietatik ondo etorri zaidan erabakia izan da», nabarmendu du.
Euskal Herrian ez dago ur bizien kanalik, eta, ezinbestean, entrenatzeko modua aldatu egin behar izan zuen. Pauen (Okzitania) du ur bizietako kanal gertuena, etxetik bi ordura. Han entrenatu da astean bitan; La Seu d’Urgellen egunero entrena zitekeen kanalean.
Paueko kanala ezagutzen du, baina Chourrautek dio kontrako eztarritik joaten zaiola. «Kostatu egiten zait han arraun egitea. Indarra dauka, eta gauza asko ikasi ditut». Horrek hobetzera behartu du. Era berean, galdu egin ditu La Seu d’Urgelleko kanalean hainbeste aldiz entrenatzearen poderioz zituen ohitura batzuk. Ohitura horiek zaildu egiten zioten gero beste kanal berri batzuetara egokitzea.
Paueko saioak bestelako prestaketarekin osatu ditu. Bidasoa ibaikoekin. Eta itsasokoarekin, Kontxan. Atletico San Sebastian kluba bihurtu da bere beheko kanpalekua. Bere eta bere lagun zaharren etxea. 12 urterekin piraguan ibiltzen hasi zen kluba.
Faltan izan zuen itsasoan arraun egitea. Itsasoaren aldakortasunak eta mugimenduek oreka eta gorputza lantzen lagundu diote. Kanaletan bezala sentitu da olatuen aparretan. Eta gozatu du itsasoak, kanalen aldean, eskaintzen duen zabaltasunaz eta askatasunaz: «Lanari beste zerbait ematen dio, ingurua ezberdina da, eta badu puntu magiko bat».
KONFIANTZA
Chourraut, Tokiora iritsi zenean, zazpigarrena zen munduko sailkapenean; Londresko eta Rioko Olinpiar Jokoen aurretik, aldiz, bigarren. Aurten aurretik zituen, besteak beste, Jessica Fox eta Ricarda Funk. Gainerako piraguistak baino koska bat gorago egon izan dira azken urteetan. Baina Olinpiar Jokoetako lehiaketa, duen dimentsioa izanda ere, lehiaketa bat gehiago da. «Denok hasiko gara hutsetik», zioen Chourrautek lehiaketaren aurretik. «Tropelaren barruan nago». Dominaren bat lortzeko aukerak izango zituen tropelaren barruan.
Haren konfiantzan eta lehiatzeko sendotasunean eragina du egindako prestakuntza psikologikoak. Josean Arruza Basque Teameko aholkulariarekin landu izan du, eta Chourrautek onartu du lan asko egin dutela, «lehiatzeko orduan burua ahalik eta egokiena izateko».
ESKARMENTUA
Chourrauti buruz hitz egitean, domina olinpikoak aipatzen dira: Londresko brontzea (2012), Rioko urrea (2016) eta Tokioko zilarra (2021). Ez da ahaztu behar, ordea, Pekingo Olinpiar Jokoetan ere parte hartu zuela, 2008an. Lau olinpiar ziklo, beraz. Ia bi hamarkada daramatza munduko piraguista onenen artean.
LASAITASUNA
«Aske sentitzen naiz». Chourrautek goi mailako edozein lehiaketak eragiten dituen zalantzak, tentsioa eta urduritasuna izan ditu; baina bestelako aldarte batekin heldu dio hirugarren domina lortzeko erronkari. Horretan zerikusia izan du Rion lortutako urrezko dominak. Rioko garaipena lortu eta geroko garaia zama izan zen harentzat; Tokioko Olinpiar Jokoei begira, ordea, mesede egin dio, zama bat arindu dio.
«Ez daukat ezer galtzeko». Hori izan da Chourrautek lehiaketa baino lehen gehien nabarmendu duen ideietako bat. Ezer ez galtzeko, guztia irabazteko. ‘Lasai’ egoteak ez zuen esan nahi gogotik lehiatuko ez zenik, bere buruari guztia eta zeukan onena ematea exijituko ez zionik. Alderantziz: «Agian, gehiago borrokatzen gogoa ematen dit, ez daukadalako ezer galtzeko».
BIDEAREN GARRANTZIA
Goi mailako kirolean emaitzen arabera neurtzen dira kirolariak, eta emaitza jakin bat, domina olinpiko bat, ametsaz gain, obsesio ere bihur daiteke. Esan ohi da garrantzitsuena ez dela emaitza, ona edo txarra; baizik eta emaitza hori lortu arteko bidea. Zailagoa da, ordea, halako ideia bat goi mailako kirolean txertatzea, emaitzaren gainetik egindako bidea baloratzea.
Pentsamolde aldaketa izan du Chourrautek. «Domina olinpiko bat da, baina garrantzitsuena bidea da», esan zuen domina lortu berritan. «Handia egin dugu, baina handiagoa da egin dugun bidea», gehitu zuen gauean, patxada gehiagorekin. Pertsona gisa izandako garapenaz ari zen. «Oso harro nago bideaz, erori naizen bakoitzean jaiki naizelako, sinistu egin dudala egin nezakeela, nahiz eta zalantza asko izan».
Mugarria izan da Tokio harentzat, aldaketa: «Tokioraino etorri behar izan dut, kontrako eztarritik joan zaizkidan Olinpiar Joko batzuetara, bidea estimatzeko. Amets bat lortu nahi izatea, nahiz eta ez lortu, asko da. Eta orain hasi naiz bere balioa ematen». Tokioko zilarrak Rioko urrea baino aho zapore hobea duela esan zuen Xabier Etxanizek, Chourrauten entrenatzaileak.