FUTBOLA

Brasilek irabazi du urrea futbolean

Amerikako selekzioak 2-1 irabazi dio Espainiari, eta zilarrezko domina eskuratu dute Oiartzabalek, Zubimendik, Merinok, Simonek eta Moncayolak. Eibartarrak sartu du partida berdintzeko gola.

MIkel Merino, finalean. FERNANDO BIZERRA / EFE
Jone Bastida Alzuru.
2021eko abuztuaren 7a
16:18
Entzun

Espainiako futbol selekzioak galdu egin du Brasilen aurkako finala, luzapenean, eta, beraz, ezin izan dute urrea kolkoratu Mikel Oiartzabalek, Mikel Merinok, Martin Zubimendik, Unai Simonek eta Jon Moncayolak. Banako berdinketarekin amaitu da neurketa, eta luzapenean sartu du gol erabakigarria Brasilek, 107. minutuan. 2-1 amaitu da. Oiartzabal, beste behin, jokalari nabarmendua izan da. Eibartarrak sartu du lehia berdintzeko gola, eta esperantza piztu du. Azkenean, zilarrarekin konformatu behar izan dute. Hasieratik jokatu dute Merinok, Zubimendik, Simonek eta Oiartzabalek. Eta luzapeneko azken minutuetan aritu da Moncayola.

Partida parekatua izan da. Momentu batzuetan jokoaren jabe izan da Brasil, eta beste batzuetan Espainia. Orekaren isla izan da lehia amaierako emaitza: banako berdinketa.

Baloiaren jabetza izaten saiatu da Espainia neurketaren hasieran, eta jokaldiak lantzen. Kostatu zaio, baina, area inguruan arriskua sortzea. Brasilek ere ez du aparteko minik egin lehen minutuetan.

Ordu laurdena beteta iritsi da lehiako lehen aukera garbia, Espainiaren alde. Marco Asensiok egindako erdiraketa buruz ondo utzi du Oiartzabalek, baina Dani Olmok ezin izan du errematatu, defentsak eragotzita. Azkar erantzun du Brasilek, eta aukera ona izan du minutu gutxitara. Baloi galera baten ondoren etorri da. Garesti ordaindu ahal izan dute, baina Simonek geldiketa ona egin, eta kornerrera urrundu du.

Aurrera pausu bat eman dute brasildarrek hurrengo minutuetan, eta arrisku handiagoa eginez iritsi dira area ertzera. 34. minutuan heldu da partida aldatu zezakeen jokaldia. Simon baloia ukabilekin urruntzen saiatu da, baina ez du asmatu, eta aurretik eraman du Brasilgo aurrelaria. VARaren bidez jokaldia berrikusi ondoren, penaltia adierazi du epaileak. Dena alde zuen Brasilek markagailuan aurretik jartzeko, baina Richarlisonek gora jaurti du.

Hobeto zegoen zelaian Brasil, eta lehen zatiko azken unean eman du kolpea, 47. minutuan. Pau Torresek ez du ongi neurtu nora zihoan baloia, eta Matheus Cunha aurrelariak ez du akatsa barkatu. Zutoin albora egindako jaurtiketa batekin jarri du 1-0ekoa. Abisatzen ari ziren.

Aldaketak behar zituen Espainiak, eta atsedenaldian aldageletan gelditu dira Merino erdilari nafarra eta Asensio. Carlos Soler eta Bryan Gil sartu dira haien ordez. Bigarren zatia hasi eta berehala izan du Espainiak partida berdintzeko aukera. Oyarzabal protagonista. Eibartarrak egindako jaurtiketak aterako bidea hartu du, baina Soler taldekideari jo dio, eta kanpora joan da.

Beste txispa batekin atera dira zelaira bi selekzioak, eta erritmoa bizitu dute. Brasilek azkar erreakzionatu du, eta aukera garbia izan du 51. minutuan. Richarlisonek egindako jaurtiketari erantzun bikaina eman dio Simonek, eta Brasilen bigarrena eragotzi du Athleticeko atezainak.

Espainiak gola behar zuen, eta erasora jo du. Ordu erdiren faltan iritsi da saria. Eta nola ez, Oiartzabal izan da goleatzailea. Solerren erdiraketa ezkerkada indartsu batekin errematatu du, eta sareetara bidali du baloia, berdinketa lortuz; geldiezina. Jokoetan zilarra lortzeko bidean erabakigarria izan da eibartarra.

Berotu egin da neurketa azken minutuetan. Espainiak izan ditu aurreratzeko pare bat aukera, baina zutoinek saihestu dute gola. Azkenean, aldaketarik ez markagailuan. 1-1 amaitu da arauzko denbora.

Luzapenean, Brasilen gola

Brasilek estutu egin du apur bat luzapenaren lehen zatian. Neurketa hautsi samar zegoen, eta min egin du. Minutuak aurrera egin ahala, esfortzua nabaritzen hasi dira Espainiako selekzioko jokalariak. Freskoago sumatzen zen Brasil.

Eta bigarren zatian iritsi da Brasilen bigarrena, 107.minutuan. Askoz azkarrago ibili da Malcom, aurrea hartu dio Jesus Vallejori, eta Simonen aurrean ez du barkatu. Sareetara bota du baloia, eta erabakita utzi finala. Zilarrarekin konformatu behar izan dute euskal futbolariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.