Brasili astindu handia emanda sartu da Serbia finalerdietan (84-56)

Erredakzioa
Donostia
2014ko irailaren 11
00:00
Entzun
Saskibaloi eskoletan erakusteko moduko hirugarren laurdena eskaini zuten atzo Serbiak eta Brasilek, Munduko Txapelketako hirugarren final-laurdenean. Zer egin behar den ikusteko, eta zer ez den egin behar ikasteko. Lehen bi laurden estuen ondoren —37-32 atsedenaldian—, Serbia 43-34 aurretik, eta falta saskipean, serbiarren alde. Berotu, epaileei direnak eta bi esan, eta bi falta tekniko Varejao eta Marquinhosi. Sei jaurtiketa Serbiak, bost barrura, baloi jabetza, saskiratze erosoa, eta, segundo gutxi lehenago 43-34 zena, 50-34. Kito. Hortxe amaitu zen Serbia eta Brasilen arteko final-laurdena. Bigarrenez jarraian, finalerdietan ariko da Serbia. Espainia utzi zuen bidean 2010eko Turkiako Munduko Txapelketan, eta Brasil aurten.

21-17 lehen laurdenean, 37-32 atsedenaldian, jokoan boladaka eta huts asko pilatuz iritsi ziren bi selekzioak atsedenaldira. Baina aldageletatik bueltan 4-0eko partziala lortu, eta Brasilek egin zuen hortik aurrerako guztia. Bi falta teknikoen ondoren erabat amore emanda, Tiago Splitter, Marcelinho Huertas, Anderson Varejao eta enparauek jipoi handia jaso zuten azkenerako. 66-44 hirugarren laurdenaren amaieran, eta 84-56 partida amaituta. Jokoan den Munduko Txapelketan behetik gora eginda, agertu behar zuenean agertu zen Teodosic, 23 puntu saskiratuta. 12 lortu zituen Bogdanovicek, eta 10na Raduljicak eta Krsticek. Brasildarren artean, 12 puntu lortu zituen Varejaok.

AEB-Lituania, gaur

Final-laurdenak amaituta, finalerdiak jokatuko dira gaur eta bihar. Gaur AEBak eta Lituania izango dira aurrez aurre Bartzelonan, Sant Jordi pabiloian (21:00). Estatubatuarrak dira faborito argiak finalerako sailkatzeko. Batez beste 33 punturen aldearekin irabazi dituzte orain arte jokatutako partidak, eta bide horretan jarraitu nahiko dute gaur. Orain lau urte ere bi selekzio horiek elkarren aurka aritu ziren finalerdietan, eta AEBentzat izan zen garaipena: 89-74.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.