Futbola

Braulio Vazquez: «Katarsi baten beharra genuen etorkizunera begira»

Ahazteko moduko amaiera izan ondotik, Osasunak «haize berriak» behar zituela azaldu du Braulio Vazquez kirol zuzendariak, eta asmo horrekin aldatu ei dute teknikariz. «Umiltasuna» eskatu du xedeak ezartzeko orduan: «Ez gaude Lehen Mailan egonkortuta».

BRAULIO VAZQUEZ. IÑIGO URIZ / FOKU
Braulio Vazquez Osasunako kirol zuzendaria, azalpenak ematen. IÑIGO URIZ / FOKU
enaut agirrebengoa
2026ko maiatzaren 26a
19:43
Entzun 00:00:00 00:00:00

Urak harro daude Osasunan. Maiatzeko emaitza txarrak tsunamia bezala etorri zaizkio gainera, eta, mailari doi-doi eutsi berritan, entrenatzailez aldatzea erabaki du. Urrun geratu da Alessio Liscik Iruñera iristean sortu zuen ilusioa. Taldea oso gorabeheratsu aritu da, emaitzaz eta jokoz, eta zaleek eta jokalariek ez dute lotura guztiz esturik izan teknikari italiarrarekin. Dena den, azken hiru asteetako beherakada bortitzak bultzatu du Braulio Vazquez kirol zuzendaria entrenatzailez aldatzera. Hala azaldu du gaur, Sadarko prentsa aretoan egin duen agerraldian. «Oso bolada txarrean amaitu dugu denboraldia, eta katarsi baten beharra genuen etorkizunera begira. Datorren sasoia behar bezala abiatzeko, hobe zen pizgarri berri bat izatea».

Osasunak doi-doi lortu zuen salbazioa joan zen larunbatean, eta hori «lasaitu handia» izan zen kirol zuzendari gorritxoarentzat. Egun bat geroago, Lisciri telefonoz deitu zion. Hitzordua jarri zuten astelehen eguerdirako. Orduan eman zion erabakiaren berri: italiarrak ez zuen jarraituko Osasunaren aulkian. «Alessio ulerkor agertu zen, eta eskerrak eman zizkidan beragan izan dudan konfiantzagatik. Bilera laburra izan zen, eta hobe horrela; larunbateko emozioak oso bero zeuden oraindik».

Liscik lan egiteko izan duen prestasuna goratu du. «Ez dut talde tekniko bat sekula hainbeste lan egiten ikusi». Lan horrek ez du esperotako fruiturik ekarri, baina azken asteetako txakalaldia iritsi arte, pozik zen Braulio. «Hurrengo sasoiaren plangintza harekin ari ginen egiten. Baina erabakiak hartzeko nago hemen». Liscik bi urterako kontratua sinatu zuen iaz, baina bigarren urtea kirol helburu jakin baten menpe omen zegoen —Brauliok ez du argitu zehazki zer helburu zen—. «Helburu hori ez bazen betetzen, egoera aztertu egingo zen. Irteteko klausula bat zeukan, eta klubak ez du dirurik ordaindu behar izan».

«Hurrengo sasoiaren plangintza harekin [Liscirekin] ari ginen egiten, baina erabakiak hartzeko nago hemen»

BRAULIO VAZQUEZ Osasunako kirol zuzendaria

Sasoiaren azken txanpako beherakadaren harira, bi partida jo ditu mugarritzat. «Sevillaren aurka oso amaieran irabazi genuen, eta salbu ikusi genuen geure burua. Ohorezko bira eta guzti egin genuen. Uste dut errespetua galdu diogula Lehen Mailari. Europa gertu zegoen, baina, azkenean, askoz ere gertuago izan dugu Bigarren Maila». Hurrengo mugarria, Levanteren aurkako lehia izan zen. «Kolpe oso gogorra izan zen, eta hortik aurrera, lehiatzeko zailtasun handiak izan ditugu. Levanteren aurka berdindu izan bagenu, ziur nago hurrena irabazi egingo geniokeela Atletico Madrili».

Europara begiratzea kaltegarria izan omen da Osasunarentzat. «Antsietatea sortu digu. Sasoi honetan ez zaigu anbizioa falta izan, umiltasuna baizik. Lehen Mailara itzuli berritan izan genuen gosea berreskuratu behar dugu. Orduan, balioa ematen genion lortzen genuen puntu bakoitzari». Hurrengo denboraldia zortzigarrena izango du jarraian Osasunak onenen artean, baina belarriak tente izateko deia egin du Brauliok. «Ez gaude Lehen Mailan egonkortuta. Urtero Bigarren Mailara jaits daitezkeen hamahiru talde daude, eta horietako bat gara gu».

Iraultzarik ez

Braulioren esanetan, oraindik ez du osatu Lisci ordezteko hautagaien zerrenda. «Arreta beste nonbait izan dut: babes osoa eskaini nahi nien teknikariei eta jokalariei. Orain, entrenatzaile berria hautatzea da lehen urratsa. Gero iritsiko da taldea egituratzeko garaia». Aurreratu duenez, ez du taldea goitik behera aldatuko. «Ez dugu horretarako ahalmen ekonomikorik. Gainera, talde ona dugu. Jokalariek euren mailatik behera jardun dute; badakite, eta analisi sakona egin beharra dago». Hainbat jokalariren defentsan agertu da; adibidez, deigarria izan da Sergio Herrerari eman dion babesa. «Osasunaren atezaina izango da ni hemen nagoen bitartean». Ezusterik ezean, Kike Barjak laster berrituko omen du kontratua, lider gisa «aurrerako urratsa» egin eta gero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA