Ezustean eta egun batetik bestera. Halaxe amaitu da Braulio Vazquezen eta Osasunaren arteko harreman luzea. Brauliok igandean utzi zion talde gorritxoaren kirol zuzendari izateari, zeregin horretan azkeneko bederatzi denboraldietan aritu eta gero. Valentzian ariko da aurrerantzean, Herrialde Katalanetako talde horrek haren etete klausula ordaindu baitu: 290.000 euro. Jose Antonio Prieto Cata-k ordezkatuko du Braulio Osasunan. Cata Brauliorekin batera iritsi zen Iruñera, eta idazkari tekniko lanetan aritu da orain arte.
Ezustean eta oso azkar gertatu da dena; ezustean, denboraldia hasi besterik ez baita egin, eta Brauliok 2029ra arte berritu baitzuen kontratua duela urte erdi eskas; eta oso azkar, Valentziak igande arratsaldean kendu baitzituen kargutik kirol zuzendaria eta entrenatzailea —Ron Gourlay eta Carlos Corberan—, eta handik gutxira jakinarazi baitzuen Osasunak Brauliok kluba utzi zuela, Valentzian aritzeko. Arratsalde batean bukatu zen bederatzi urteko harreman luzea.
Hain zuzen, dena ezustean eta egun batetik bestera gertatu delako, Brauliok azalpenak eman ditu gaur, Sadarren. Luis Sabalza Osasunako presidentea izan du ondoan. Biek ala biek oso hunkituta hitz egin dute, eta malkoei eutsi ezinik egon dira behin baino gehiagotan. Txiki geratu da prentsa aretoa, kazetariez gain klubeko hainbat langile egon baitira bertan, tartean lehen taldeko jokalariak.
Brauliok hasieratik utzi du argi arrazoi pertsonalek bultzatu dutela Valentziara joatera. «Eskaintza garrantzitsuak izan ditut aurretik, baina arlo emozionalak Osasunan jarraitzera lotu nau beti. Oraingoan, ordea, sentitu dut joateko unea zela. Valentzia oso berezia da niretzat, eta orain edo inoiz ez zen. Nire ustez, ezin nion ezetz esan. Inoiz ez da garai ona talde bat uzteko, baina joaten jakin behar da, eta uste dut ondo joan naizela: barruan dudan guztia eman dut, merkatua itxita dago, taldea ere bai, eta Cata hor dago; oso ondo ezagutzen du dena. Esku onetan geratzen da kluba. Mailari eusteko moduko taldea dugu», esan du.
«Zoriontsu egiten didana da jendeak pentsatzea pertsona ona naizela eta klubari une bereziak bizitzen lagundu diodala»
BRAULIO VAZQUEZ Osasunako kirol zuzendari ohia
Aspaldikoa da Braulioren eta Valentziaren arteko harremana. Batetik, bost urtez aritu zen talde horretan: 2008tik 2010era ikuskari aritu zen, eta, 2010etik 2013ra kirol zuzendari. Bestetik, Valentzian bizi da haren familia. Are, Jesus Vazquezek, haren seme gazteenak Valentzian jokatzen du. Kluba noraezean dabil, duela hamabi urte Peter Lim Singapurko enpresariak erosi zuenetik. Hainbat kirol zuzendari eta entrenatzaile igaro dira taldetik, eta guztiek gaizki bukatu dute. Gaur egun, Valentzia azken postuan dago sailkapenean, puntu bakarra bilduta. Horren jakitun da Braulio. «Badakit ez dela leku lasaia lan egiteko. Erronka oso zaila da», aitortu du.
Osasunan, inon ez bezala
Argi du: «Badakit inon ez naizela izango Osasunan bezain zoriontsu, ezta erdia ere. Lagunak ditut klubeko langile guztiak. Baina berriro diot: ezin nion aukera honi ezetz esan. Ez nuen gero horren damua izan nahi. Ez noa ondo ari den talde batera: azken postuan dago. Gaizki dabil, baina lagundu egin nahi diot. Badira hamabost urte ez naizela emaztearekin bizitzen, eta badut gogoa. Seme txikia ere hor dut. Osasunaren aurkari batera noala? Klubak ulertu du niretzat talde berezia dela Valentzia. Osasuna ez da aldatu, ni aldatu naiz: hau zen unea».
Azpimarratu duenez, bere buruarekin «lasai» doa. «Bederatzi urte egin ditut, eta denetarik bizi izan dugu, gauza onak eta txarrak, baina gehiago izan dira gauza onak txarrak baino. Gauza bera pentsatzen dut klubean egin dudan lanari buruz: gutxiagotan egin dugu huts asmatu baino. Bestela, ez genituen lortuko lortu ditugun mugarriak».
Hala ere, hainbatetan zehaztu du, kirol lorpenez harago, Iruñean sentitu duen maitasuna dela garrantzitsuena. «Izugarri eskertuta nago, eta betirako izango naiz iruindarra. Elkarrekin sufritu eta gozatu dugu beti, eta hori da garrantzitsuena. Hemen bizi izan dudana irabazteaz edo galtzeaz harago doa. Zoriontsu egiten didana da jendeak pentsatzea pertsona ona naizela eta klubari une bereziak bizitzen lagundu diodala. Oso harro nago klub honen parte izateagatik».
Bederatzi urtean unerik onena eta txarrena aipatzeko eskatu diote. Onenen artean bi nabarmendu ditu: 2023an Real Madrilen aurka jokatu zuten Espainiako Kopako finala, eta hurrengo urtean Saudi Arabian jokatu zuten Espainiako Superkopa. Txarrenen artean, berriz, aurreko denboraldiko ligako azken partida aipatu du, Getafen (Espainia) jokatu zutenekoa. Galdu egin zuen Osasunak, baina, hala ere, mailari eutsi zion. «Izugarri sufritu genuen, baina orduan ere elkarrekin egon ginen. Balio handia ematen diot horri».
«Bederatzi urte hauek bidaia zirraragarri bat izan dira, eta harro nago bidaia hori Brauliorekin batera egin izanaz»
LUIS SABALZA Osasunako presidentea
Horren gustura egon da Osasuna, ezen ez baitu baztertu itzultzea. «Iruñera itzuliko naiz, seguru, eta askotan. Klubera? Atea irekia utzi dut, noski».
Eskerrak eman dizkie klubean ondoan izan dituenei, eta behin eta berriro esan du kluba «esku onetan» geratzen dela. Haren ordezkoaz, berriz, esan du Catak «merezi» zuela aukera hau, eta «oso langilea eta baliagarria» dela.
Sabalzak, berriz, azaldu du Brauliok telefonoz deitu ziola igandean, Zangozan (Nafarroa) bildu zirela, eta bilera horretan esan ziola Valentziara joango zela. Sabalzak azpimarratu du klubak ez zuela nahi Braulio joatea, baina «aspaldi» ezagutzen duela, badakiela Valentzia «talde berezia» dela harentzat, eta «ulertzen» duela hara joatea. «Izugarri eskertuta gaude Brauliorekin. Denok ados gaude: harekin une zoriontsu gehiago bizi izan ditugu txarrak baino. Bederatzi urte hauek bidaia zirraragarri bat izan dira, eta harro nago bidaia hori harekin batera egin izanaz».
Osasunako presidenteak azaldu duenez, Cata ez da behin-behineko ordezkoa, «hurrengo urteetarako kirol zuzendaria» baizik. «Hark izango du kirol proiektu honen lema. Zuzendaritzaren babes eta konfiantza osoa du».