Ezustekoa Osasunan: Braulio Vazquezek, azken bederatzi urteetan klubeko kirol zuzendari izan denak, kargua utzi du. Hala jakinarazi dio Vazquezek Osasunari. Valentziak kirol zuzendariaren etete klausula ordainduko du, 290.000 eurokoa, eta klub horretako kirol zuzendari postua hartuko du galiziarrak.
2010 eta 2013 artean ere Valentziako kirol zuzendari izandakoa da Vazquez. Bihar emango ditu azalpenak Sadarren, 13:00etan.
Ohar labur baten bidez eman du berria Osasunak, eta Vazquezen lekukoa nork hartuko duen ere iragarri du: Jose Antonio Prieto Cata izango da Osasunako kirol zuzendaria hemendik aurrera. 2017tik, Prieto Osasunako futbol profesionaleko idazkari teknikoa izan da.
Osasunak eskerrak eman dizkio Vazquezi egindako lanagatik eta bederatzi urte arrakastatsu hauengatik, eta etorkizunerako zorterik onena opatu dio.
Izan ere, Vazquez Osasunara heldu zenean, taldea bigarren mailara jaitsi berria zen. Lehen urtean ez, baina bigarrenean, Jagoba Arrasate entrenatzaile zela, mailaz igotzea lortu zuen Osasunak. Ordutik, Nafarroako taldea lehen mailan egonkortu da, eta, besteak beste, Espainiako Kopako final bat jokatu zuen 2022-2023ko denboraldian.