Bravoren itzala laburragoa da

Atezain txiletarrak Realean utzitako hutsuneaz inor gutxi gogoratzen da gaur egun; besteak beste, Geronimo Rulli lan bikaina egiten ari delako. Argentinarra utzita ari da Donostian, eta hura lotzea du helburu zuzendaritzak. Argentinarrak «gustura» jarraituko lukeela aitortu du.

Geronimo Rulli, baloi bat gelditu nahian, atzo, Zubietan egindako entrenamenduan. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
2015eko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Handia izan da Claudio Bravok Realean utzitako itzala. Bai zelai barruan eta bai zelaitik kanpo. Besteak beste, Donostian zortzi urte egin ondoren, taldeko liderretako bat baitzen atezain txiletarra. Ordea, denboraldiak aurrera egin ahala, badoa zelai barruko itzala. Baita ondo joan ere. Bada, Hego Amerikako beste atezain bat da horren errudun nagusia: Geronimo Rulli (La Plata, Argentina, 1992), hain zuzen ere. 22 urteko atezaina utzita heldu zen Donostiara sasoia hastear zela, Reala Uruguaiko Deportivo Maldonado taldearekin akordio bat egin ostean. Eta, azken partidetan erakutsitako maila eta heldutasuna aintzat hartuta, Realak garbi ditu gauzak: etorkizunerako apustua egiteko asmoz, hura fitxatzen saiatuko da. Ekainaren 30ean amaituko zaio kontratua.

Realak fitxatu nahi izatea ez da harritzekoa, egiari zor. Izan ere, bikain ari da atezaina, eta dagoeneko zaleen kutunetako bat bilakatu da. Debuta abuztuaren 28an egin zuen talde txuri-urdinarekin, Europa Ligan, Krasnodarren (Errusia). Urduri samar ekin zion neurketari, baina, bukaerarako, atezain onaren zantzuak erakutsi zituen. Partida horretan bertan, ordea, ezker oinean haustura bat egin zuen, eta ebakuntza gelatik igaro beste aukerarik ez zuen izan. Hiru hilabete egin zituen geldirik. Dena den, erabat osatu da, eta David Moyesen arbelean toki finkoa lortu du. «Eguneroko lanaren fruituak bistaratzen hasi dira», esan zuen joan den astean atezainak berak.

Eta, zerbait bada, horixe da Rulli: langilea eta umila. Txikitatik datozkio bertute horiek. 5 urte zituela hasi zen futbolean jokatzen, eta berehala erabaki zuen atezaina izan nahi zuela, Jose Luis Chilavert Txileko atezain historikoaren jarraitzaile sutsua baitzen. Eskularruen alde egin izana ez zitzaion damutuko. 12 urte betetzerako Estudiantes taldeak fitxatu zuen eta. Bada, bertan jokaturiko lehen partidak bitxikeria bat utzi zion: jokaldi baten ostean aitak oihu bat egin zion harmailetatik eta, guztien harridurarako, berehala isilarazi zuen semeak. «Orduz geroztik ez diot ezer esan izan», aitortu izan du gerora Omar Rulli aitak. Hura ere futbol jokalari profesionala izan zen. Bitxikeria hori aski izan zuten Estudiantes taldeko arduradunek nortasun handiko atezain baten aurrean zeudela jabetzeko.

Hamar partidatan, marka

2013ko apirilean egin zuen debut ofiziala Lehen Mailan, Arsenal Sarandi taldearen aurka. Agustin Silva taldekidea min hartuta zegoelako jokatu zuen. Nahiz eta geldiketa onak egin, Estudiantesek 0-1 galdu zuen 88. minutuan jasotako gol baten erruz. Hori bai, emaniko itxura onak zerbaitetarako balio izan zion, hurrengo partidetan ere haren alde egin baitzuen entrenatzaileak. Bete-betean asmatu zuen. Argentinarrak hamar partida aski izan zituen marka bat hausteko. Hain zuzen, Estudianteseko atezain batek inoiz lortu ez zuena egin zuen: 588 minutu golik jaso gabe egon. Hori gutxi ez, eta 2013-2014 denboraldian txapelketako atezain onenaren saria eman zioten.

Azken bi denboraldi horietan ondo jokatu izanak erakusleihoan jarri zuen Rulli, eta Europako hainbat talde ate-joka hasi zitzaizkion, tartean Reala. Bada, «birritan pentsatu gabe» Donostiarako bidea hartu zuen. «Oso gustura» dagoela aitortu izan du. «Realak ni fitxatu nahi banau, ez dut inongo aitzakiarik jarriko. Donostian jarraitu nahi dut luzaro». Ondo bidean, Realak ahal duen guztia egingo du atezaina lotzeko. Bestea beste, David Moyes bera ere pozik baitago atezainaren lanarekin. Hasteko, Oviedoren aurkako Espainiako Kopako kanporaketan egin zuen haren alde. Hori bai, orain ligan ere Rulli zelairatu ohi du beti. Hura atepean dagoenetik, ligan bost partidatatik bakarra galdu du Realak. Rayoren kontra izan zen, Anoetan (0-1). Bost partidatan hiru gol jaso ditu Rullik.

Orain arteko erronkarik zailena, ordea, asteburu honetan izango du, Realak Real Madrilen aurka jokatuko baitu Santiago Bernabeun. Lan faltarik ez du izango. Aurrera begirako helbururik ere badu: udan Amerika Kopa jokatzea. «Ametsa litzateke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.