H multzoa

Bravoren oparia Espainiari

Txile partida dominatzen ari zela, Realeko atezainak ez du ondo aldendu baloi bat eta Villak 0-1ekoa jarri du. Bi selekzioek egin dute aurrera. Javi Martinezek debuta egin du Munduko Kopa batean. Zehaztutako azken final-zortzirenak: Brasil-Txile, Espainia-Portugal.

2010eko ekainaren 25a
18:36
Entzun
Azkeneko bi urtean Espainiarena izan da baloia. Mugitu eta mugitu. Txile topatu duen arte Hegoafrikan. Bielsaren mutilek, Espainiari ondo eusteaz gain, baloia bereganatu dute. Egunkari batean irakur zitekeen Txileko hautatatzaileak behin txapelketa batera zazpi mila bideo zinta eraman zituela. Ondo prestatzen ditu partidak, Espainiaren aurka ere erakutsi duen bezala: zelai erdian jokalari bana Alonso, Xavi eta Iniestaren atzetik, joko sortzaileen atzetik, iturria ixteko, eta lortu du. Aurreneko 24 minutuetan ikusi da. Gainera, Txile gai izan da Casillasen atera iristeko; behin gol aukera ona sortu dute, azkar jokatuta.

Bravo Txileko -eta Realeko- atezainaren oparia iritsi den arte: 24. minutua zen eta area kanpoan bere eskuinean urruti samar irten da jokaldi bat moztera, baina baloia ez du behar bezala urrundu, Villak bikain jo du baloia ezkerrez eta barrura. Espainia aurretik, 0-1. Handik aurrera honena izan da partida, Txilek aukera bat izan duen arren -Beausejourrek, baina Piquek eragotzi du arriskua-. Gainera,37.ean txiletar defentsa batek baloia galdu du bere area parean, Espainiak bizi-bizi eta kalitate handiz mugitu du pilota, eta Iniestak berak 0-2koa egin du. Eta jokaldi berean epaileak bigarren txartel horia atera dio Estrada Txileko jokalariari.

Txilek bigarren zatiko bigarren minutuan 1-2koa sartu du -Millarrek area kanpotik jaurti, baloiak Piquerengan jo eta jaurtiketak norabidea aldatu du-, baina erabakita samar zegoen partida. Gainera, Del Bosque Espainiako hautatzaileak aldaketa ona egin du 54.ean: Cesc atera Torresen partez, zelai erdia dominatzeko.

Duda hau zen: Txile izango zen bigarren edo Suitza. Bielsarenak Suitza-Hondurasen begira zeuden, eta hemen hutsean zihoazen. Txile kanporatzeko -honek 1-2 galduz gero-, Suitzak 2-0 irabazi behar zuen, sartutako golen aldeagatik. Hutsean bukatu du.

Ondorioz, lehen faseko azken jardunaldian zehaztutako final-zortzirenak: Brasil-Txile, Espainia-Portugal.

Javi Martinez Aiegiko jokalariak debuta egin du Munduko Kopa batean; bigarren zatian atera du Del Bosquek, Alonso tolosarraren partez. Hau orkatilen min hartuta erretiratu da.

Txile 1. Bravo, Medel, Ponce, Jara, Vidal, Isla, Estrada, Beausejour, Alexis Sanchez (Orellana, 65m), Valdivia (Paredes, 46m), Gonzalez (Millar, 46m).

Espainia 2. Casillas, Ramos, Pique, Puyol, Capdevila, Xavi, Busquets, Alonso (Martinez, 73m), Iniesta, Torres (Cesc, 55m), Villa.

0-1: Villa (24m). 0-2: Iniesta (37m). 1-2: Millar (47m).

---

Suitza 0. Benaglio; Von Bergen, Lichsteiner, Grichting, Ziegler; Barnetta, Inler, Huggel (Shaqiri, 78m), Fernandes (Yakin, 46m); Derdiyok, Nkufo (Frei, 69m).

Honduras 0. Valladares; Sabillon, Chavez, Bernardez, Figueroa; Alvarez, W. Palacios, Thomas, Nuñez (Martinez, 68m); J.N. Palacios (Welcome, 79m), Suazo (Turcios, 87m).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.