Mischa Bredewoldek (SD Worx) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko lehen etapa; esprintean nagusitu da herbeheretarra, aise. Adierazi du «oso gustura» dagoela egindakoarekin. Badirudi neurria hartu diela euskal errepideei; izan ere, hirugarren etapa garaipena du Itzulian —iaz, aurreneko biak irabazi zituen, eta bigarren amaitu zuen lasterketa—.
Taldearentzat, halere, etapa gazi-gozoa izan da. Helmugarako zazpi kilometro eta erdi falta zirela, bihurgune batean erori egin da haien taldeburua, Itzulia irabazteko hautagai nagusietako bat: Anna van der Breggen herbeheretarra. Bi taldekide gelditu dira harentzat lanean, eta lortu du lasterketaren buruak atera dion ia bi minuturen aldea 43 segundora murriztea. Etapa bukatutakoan, baina, hogei segundoko zigorra jarri diote epaileek. Horiek horrela, erabat hankaz gora jarri zaio lasterketa.
Millie Couzensek zeharkatu du helmuga bigarren (Fenix-Deceuninck), eta Margaux Vigiek (Visma) hirugarren. Ziklista multzo handi bat iritsi da elkarrekin azken metroetara, esprintera, eta askok zeharkatu dute helmuga denbora berean; besteak beste, Laboral Kutxako txirrindulari Usoa Ostolazak eta Ane Santestebanek. Sasoi bikaina egiten ari da zarauztarra, eta bezperan adierazi zuen aurreneko hamarren artean sartzen ahalegindu nahi duela. Lehen etapa balekoa izan du.
SD Worx taldea izan da, hala ere, Zumarragan (Gipuzkoa) hasi eta Agurainen (Araba) bukatu den etapako protagonista. Hark hartu du tropelari tira egiteko ardura, eta une oro ondo kokatuta eduki ditu taldeko txirrindulariak. Ez du nahi bezain ondo bukatu, ordea. Etapa irabazi du, baina galdu ere, asko galdu du. Talde osoari min egin dio Van der Breggen erori izanak. Hiru urtez lehiatu gabe egon ostean, indartsu itzuli da herbeheretarra. Horren erakusgarri, hirugarren izan berri da Espainiako Vueltan. Demi Vollering (FDJ) da Itzulia irabazteko faboritoa, baina Van der Breggenek ere eman zezakeen zeresana. Dudarik gabe, hura podiumean egotea behintzat espero zen.
Itzuliko etaparik luzeena izan da gaurkoa: 148,5 kilometro egin dituzte txirrindulariek, eta hiru mendate puntuagarri igo: Arlaban —hirugarren mailakoa—, Opakua —bigarren mailakoa— eta Azazeta —hirugarren mailakoa—. Antolatzaileek esan zuten «ihesaldietarako etapa aproposa» izan zitekeela. Bada, 30 kilometro egin aurretik izan dira lehen mugimenduak tropelean. Morgane Costonek (Roland), Gaia Segatok (Bepink) eta Katia Ragusak (Human Powered Health) jo dute erasoa, eta tarte luzexka bat egin dute lasterketaren buruan. Tropelak, hala ere, kontrolpean izan ditu, kate motzean lotuta.
Etapa lasai samarra izan da Opakua igotzen hasi diren arte. Lasterketaren burua orduan apurtu da —Ragusa atzean geratu da—, eta baita tropela ere. Han-hemen erasoak izan, eta mugimendu festa hasi da. Hala, behin gaina pasatuta, erabat hautsi da lasterketa. Bi iheslarien atzetik, hamabost ziklista inguruko talde bat osatu da, eta minutu baten aldea atera diote beste hainbesteko multzo bati. Handik gutxira elkartu da tropela, eta segidan harrapatu dituzte eguneko lehen iheslariak, helmugarako 53 kilometro falta zirela.
Orduan jo dute erasoa Julie van de Veldek (AG Insurance-Soudal) eta Eva van Agtek (Visma). Kanpezuko tarteko esprinta minutu baten aldearekin pasatu dute eguneko bigarren ihesaldiko protagonistek. Tropelean, berriz, segundo bateko saria lortzeko lehia egon da; hor ere, Bredewold izan da azkarrena. Worx ondo aritu da talde lanean, tropeleko ardura hartuta, eta errematatzea baino ez zitzaion falta. Gehienbat Bredewoldentzat egin dute lan, izarra ere ondo kokatuta zegoela jakinda.
Bi txirrindulariek aurrean segitu dute Azazeta gainera iritsi arte, baina tropelaren zaintzapean, betiere. Erritmo aldaketak izan dira Azazeta igotzen, baina adi-adi zeuden guztiak, eta ezerezean utzi dituzte saiakera denak; inork ez du lortu mugimendu erabakigarririk egitea. Hala, tropelak Van de Velte eta Van Agt harrapatu ditu hamazazpi kilometro falta zirela.
Aldapa txikiak baliatuta, azken kilometroetan hainbat saiatu dira aurrera egiten, eta tropela zatitu egin da une batez, baina bat azkar egin dute berriro. Hala, zazpi kilometro eta erdi falta zirela aldrebestu zaio eguneko plana SD Worx taldeari, Van der Breggen erorita. Min keinu agerikoak egin ditu, baina bizikleta gainean jarri eta segitzea erabaki du. Mikaila Harvey eta Marie Schreiber taldekideak geratu dira hari laguntzen, eta, behintzat, lortu du aldea txikitzea.
Hura sufritzen ari zenean, Bredewoldek ahoan zuen jada gozokia. Txirrindulari ugariz osatutako multzoa batera iritsi da Agurainera, eta bizi-bizi ekin diote azken metroei, baina herbeheretarrak ez du aurkaririk izan. Ondo bideratu du amaiera, eta nagusitasunez irabazi.
Bihar, Bizkaiko errepideetan
Bigarren etapa Bizkaiko lurretan jokatuko dute: Ugaon hasi, eta Igorren bukatuko da. 116 kilometro osatu beharko dituzte, eta lau mendatetara igo: hirugarren mailako hiru, eta bigarren mailako bat.
Hala ere, dena ondo bidean, azken etapa izango da erabakigarria, Donostian hasi eta bukatuko dena.