Bezperan egin bezala, Mischa Bredewoldek (SD Worx) irabazi du Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa, gaur, Igorreko helmugan. Eguraldia lagun, Bizkaiko lurretan barrena 116 kilometroko bide gorabeheratsua egin behar izan du tropelak, Ugao eta Igorre artean, eta esprintak eman du azken epaia. Lehen kilometroetatik makina bat mugimendu izan da, eta hiru laguneko ihesaldia helmugara iristeko zorian izan da. Ordea, soilik 150 metro falta zirela ezerezean geratu da haien helburua, eta esprintean lehiatu dira txirrindulariak. Nola ez, atzo Agurainen (Araba) egin bezala, Bredewoldek altxatu ditu bi besoak helmugan. Bikain itxaron dio bere momentuari, eta une erabakigarria ailegatu zaionean ez du parekorik izan. Iaz ere bi etapa irabazi zituen Itzulian herbeheretarrak, eta aurten gutxienez marka hori berdindu du. Euskal ziklisten artean onena Usoa Ostolaza (Laboral Kutxa) izan da, seigarren amaitu baitu.
Besteak beste, eguna albiste txarrekin abiatu du SD Worx taldeak, Anna van der Breggen ez baita Ugaoko abiapuntuan izan. Erori egin zen atzo taldeburua, eta medikuak aginduta etxerako bidea hartu behar izan du. Adituen ustez, hura zen Itzulia irabazteko hautagai nagusietako bat, eta erretiro horrek zabaldu egin du ikuskizuna. Beste txirrindulari eta talde batzuei ateak zabaldu zaizkie, baina SD Worx taldeak ez du barkatu. Van der Breggenen hutsunea izan arren, Bredewold azaldu da berriro. Pozarren mintzatu da garailea helmugan: «Albiste gogorra jaso dugu egunaren hasieran, baina taldekideok hitz egin dugu saiatu beharra genuela berriro etapa irabazten, Annaren omenez. Etapa gogorra izan da, baina taldeak sekulako lana egin du, eta fruituak eman dizkigu. Orain saiatuko naiz Itzulia irabazten».
Etapa polita eta mugitua izan da hasieratik. Lehen bi mendateak izan dira gogorrenak: Bikotxgane eta Lamindao. Malda gogorrek ziklista bakoitza zegokion tokian jarri dute, eta 25 bat laguneko multzoa osatu da aurrean. Tartean ziren faborito guztiak, baita Ostolaza eta Ane Santesteban (Laboral Kutxa) ere. Bi euskal herritarren lana goraipatzekoa izan da. Bazirudien multzo horrek elkarrekin egingo zuela helmugarako bidea, baina ez da hala izan. Tropeltxo horrek etapa lasai hartzea erabaki du, eta pixkanaka ziklistak batuz joan zaizkio atzetik. Eguneko ihesaldia osatzeko, berriro hutsetik hasi behar izan dute ziklistek.
Bada, eguneko hirugarren mendatean osatu da ihesaldi nagusia: Gerekizen. Julie van de Velde (Soudal) izan da protagonista. Mendatea hastearekin batera, itsu-itsuan aurrera jo du, eta bakarrik egin ditu makina bat kilometro. Atzera begiratu ere ez du egin, eta erritmo onean eragin die pedalei. Minututik gorako aldea ere izan du tropelarekiko, baina ez du ezusterik eman. Zehazki, beste hiru lagun bilakatu dira tropelaren mehatxu nagusi: Silke Smulders (LIV), Mareille Meijering (Movistar) eta Rosita Reijnhout (TVL). Helmugarako hamazazpi kilometro falta zirela elkartu dira ihesaldian, eta elkar oso ongi ulertu dute.
SD Worxen hegemonia
Hain zuzen, sokatira ikusgarria izan da bukaeraraino hiru iheslarien eta tropelaren artean. SD Worx taldeak luze-luze eginda eraman du tropela azken kilometroetan, eta sekulako abiaduran joan dira ziklistak. Dena den, latz kosta zaie iheslariak harrapatzen, haien lana ere aparta izan baita. Helmugarako soilik 150 metro falta zirela amaitu da iheslarien ametsa, eta azkenean esprintak eman du azken epaia. SD Worx taldeari fruituak eman dizkio egindako lanak, Bredewoldek ez baitu barkatu. Garaipenari esker, Itzuliaren historian jokatu diren etapa guztiak SD Worx taldeak irabazi ditu: 11, guztira.
Erronka itzela izango du bihar Bredewold liderrak, Itzulia irabazteko ahaleginak eta bi egingo baititu. Hirugarren eta azken etapa jokatuko da, Donostian hasi eta bukatuko dena, 112,6 kilometroz osatua. Hiru mendate gainditu beharko dituzte ziklistek: Jaizkibel, Gurutze eta Mendizorrotz. Azken mendate horretan erabakiko da guztia, eta Demi Vollering (FDJ) iazko garailearen lana gertutik aztertzekoa izango da. Orain seigarren dago sailkapen nagusian, liderrarengandik hemeretzi segundora.