Txirrindularitza

Brennanek bigarrenez irabazi du Espainiako Vueltan

Visma taldeko txirrindulari ingelesa alde handiz izan da azkarrena bosgarren etapako esprintean. Ez dago aldaketarik sailkapen nagusiko lehen postuetan.

Matthew Brennan. VISMA
Matthew Brennan, bigarrenez irabazi duela ospatzen. VISMA
Julen Etxeberria.
2026ko abuztuaren 26a
17:34
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bigarren etapan egin bezala, Matthew Brennan (Visma) nagusitu da gaur Espainiako Vueltako bosgarren etapan. Ingelesa izan da berriro azkarrena esprintean, eta bikain biribildu du taldeak egindako lana. Etapa aproposa zen esprinta jokatzeko, Falset eta Roquetes arteko ibilbideak ez baitzuen aparteko zailtasunik. Ihesean helmugaratzeko hainbat ahalegin egon dira, tartean Diego Uriarte (Kern Pharma) eta Xabier Mikel Azparrenenak (Q36.5). Baina ustelak izan dira guztiak. Azken zuzengunean erabaki da irabazlea, eta Brennan nagusitu da, alde handiz. Jordi Meeus (Red Bull) sailkatu da bigarren, eta Vincenzo Albanese (Education First) hirugarren.   

Sailkapen nagusian ez dago aldaketarik lehen postuetan, eta Tadej Pogacar (UAE) da lider. Esloveniarrak hiru minututik gorako aldea ateratzen die aurkari guztiei: 3.21 Primoz Roglici (Red Bull), 3.32 Enric Masi (Movistar), 3.44 Sepp Kussi (Visma), 3.45 Oscar Onleyri (Ineos), 3.50 Richard Carapazi (Education First), 3.57 Felix Galli (Decathlon) eta 4.06 Mattias Skjelmoseri (Lidl), besteak beste. Ibon Ruiz (Kern Pharma) da lehen euskal herritarra, hamazazpigarren postuan, 8.37ra.

Bihar, saltsa

Bihar, saltsa egotea espero da, oso etapa gorabeheratsua jokatuko baitute Alcossebre eta Castello artean: txirrindulariek 177,5 kilometro egingo dituzte, eta 3.000 metroko desnibelari egingo diote aurre. Lau mendate igoko dituztelako dauka etapak horren desnibel handia: bigarren mailako bat, hirugarren mailako bat, bigarren mailako bat eta lehen mailako bat, hurrenkera horretan. Lehen mailako El Bartolo da gogorrena: 9,4 kilometroko luzera du, eta %7,1eko batez besteko pendiza. Azken mendate horretan, gainera, hiru kilometro inguruko sterrato (lurbide) zati bat dago. Hogei kilometro inguru daude tontorretik helmugara. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA