Futbola

Bretos: «Konfiantza handia dut taldearengan; denboraldiko bigarren zatia ilusioa pizteko modukoa izan daiteke»

Realeko Futbol zuzendariak adierazi du ligan helburua Europarako sailkatzea dela. Haren ustez, aurrelari postuan aritzeko jokalari asko dituzte.

Erik Bretos Realeko kirol zuzendaria, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Erik Bretos Realeko kirol zuzendaria, artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko otsailaren 3a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Erabat aldatu da Realaren egoera. Denboraldi hasiera kaskarra egin zuten txuri-urdinek, eta, azkenean, entrenatzailea aldatzea erabaki zuen klubak. Sergio Francisco kargugabetu, eta Pellegrino Matarazzok hartu zuen lema. Bada, ordutik, behetik gora egin du taldeak, eta bolada gozoan da. Orain artekoaren eta neguko merkatuan izandako aldaketen berri eman du gaur Erik Bretos kirol zuzendariak. Eta argi esan du: «Konfiantza handia dut taldearengan; denboraldiko bigarren zatia ilusioa pizteko modukoa izan daiteke». Ligan, Europarako sailkatzea du helburu, eta aitortu du Espainiako Kopak ere ilusioa pizten diela.

Taldearekin gustura eta pozik dago, beraz, Bretos; baita neguko merkatuan egindako aldaketekin ere. Sadiq Valentziak fitxatu du, Goti utzita ariko da Kordoban, eta Realak fitxaketa bat egin du: Wesley. Take Kuboren lesioa dela-eta fitxatu du Realak jokalari brasildarra. «Gure ustez, hegaletan laguntza behar genuen, eta Wesley hautatu dugu. Aukera asko ematen dizkigu; bi hegaletan jokatzen du, eta ezaugarri interesgarriak ditu, bai fisikoki, bai teknikoki. Potentzial handia du; oso pozik gaude». Horiek horrela, uste du denboraldi hasieran baino talde hobea dutela orain. «Guztiak batuta daude».

Dena den, badago zaleen artean kezka sortzen duen postu bat: aurrelariarena. Lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Bretosek, eta postu horretan joka dezaketen jokalari asko eta onak dituztela esan du. «Mikel Oiartzabal dugu, gure jokalaririk garrantzitsuena, eta konfiantza eta esperantza handia dugu Oskarssonengan. Karrikaburu ere hor dago, baita Guedes ere. Eta, behar izanez gero, Reala B taldeko Karrera eta Mariezkurrena ere bai».

Orain arte itzalean egon diren zenbait jokalari geroz eta hobeto aritzea espero du, eta taldea ondo dagoela nabarmendu du. Futbol zuzendariak aitortu duenez, gogorra izan zen Sergio Francisco kargugabetu behar izatea. Hala ere, jokalarien konpromisoa berretsi du: «Ez dut uste jarrera kontua denik, energia kontua da. Konektatuta daude orain, konfiantzaz eta konbentzimenduz, eta horri esker ari da taldea horrela lehiatzen».

Halaber, azpimarratu du Matarazzo berehala egokitu dela klubera: «Oso ondo eta azkar ulertu du zer den Reala; oso gustura gaude izan duen inpaktuarekin». Hainbat jokalari hobeto ari dira estatubatuarra aulkian dagoenetik. Tartean, Odriozola eta Sucic. Pozgarria dela uste du Bretosek, eta ilusio hitza aipatu du.

Aldaketak Reala B-n ere

Gizonezkoen lehen taldean ez ezik, izan dira aldaketak Reala B-n ere. Sydney Osazuwa utzita joan da Alkmaar taldera, eta Peru Rodriguez kapitaina Cultural Leonesak fitxatu du. Azken horren inguruan azalpenak eman ditu Bretosek: «Ez zen 23 urtez azpiko jokalaria, eta merkatuko azken astean esan zigun joan egin nahi zuela futbol profesionaleko eskaintza bat zuelako. Haren lana etorkizuneko jokalariei laguntzea zen. Asko eman digu, eta ezin genion etorkizunik eskaini; beraz, ezin genion atea itxi. Konfiantza osoa dut postu horretan dauden jokalariekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.