Amaitu da udako fitxaketen merkatua, eta, Yangel Herrera eta Carlos Soler jokalarien aurkezpena baliatuz, horren inguruko balantzea egin dute Realeko Futbol zuzendari Erik Bretosek eta Jokin Aperribai presidenteak. Biak gustura dira. «Oso pozik nago osatu dugun jokalari multzoarekin. Askotarikoa da, bai ezaugarri teknikoei eta bai adinari erreparatuta. Uste dut modua emango digula ezarri ditugun helburuak lortzeko borrokan aritzeko, eta anbizio handia dugu», esan du Bretosek. Beste galdera bati erantzunez, zehaztu du zeintzuk diren helburu horiek: «Europarako sailkatzeko borrokan ibiltzea izan behar dugu helburu. Horretarako egingo dugu lan. Uste osoa dut entrenatzaile multzoan ere». Aperribaik honela aztertu du merkatua. «Talde ona dugu, eta ez dago inor sobran». Biek onartu dute merkatua «exijentea» izan dela. «Batez ere, jokalariek asko atzeratu dituztelako erabakiak; ez hemengoek, baizik eta oro har. Gero eta gehiago gertatzen da hori», azaldu du Aperribaik.
Taldeak ez du ondo hasi liga. Lehen hiru partidetan bi puntu baino ez ditu batu. «Argi dago hobeto hasi nahi genuela, baina ziur gaude taldea hobetuz joango dela, eta denboraldi handi bat egingo dugula», nabarmendu du Bretosek. Gainera, berretsi du horrek ez duela eraginik izan taldeak merkatuan egin dituen mugimenduetan. «Bide orri bat genuen, eta bete egin dugu. Egin ditugun mugimendu guztiak buruan genituen txapelketa hasi aurretik». Biek onartu dute gehiago kostatzen dela jokalariak saltzea, erostea baino. Realari hori geratu zaio, eta bereziki horregatik egin dizkiete kritikak Aperribairi eta Bretosi.
Besteak beste, hasieran dortsalik ez zuten bi jokalarik, hau da, Sadiq Umarrek eta Alvaro Odriozolak taldean jarraituko dute oraingoz. Aperribai argi mintzatu da Sadiqen inguruan: «Uko egin die izan dituen ia eskaintza guztiei, eta guk Valentziarenari. Gu izan gara ateratzen utzi ez diogunak». Ondoren, gehiago sakondu du egoeran. «Ez genuen datorren urtean egoera berean egon nahi, eta argi esan genioen ez zela Valentziara utzita joango. Agian ez zuen usteko hori beteko genuenik. Igandean, bi orduz, aukera egon zen Valentziara salduta joateko. Baina ez genuen argi ikusi, eskaintzak ez baitzuen guztiz bat egiten nahi genuen horrekin. Atzo esan zigun prest zegoela beste talderen batera joateko, baina berandu zen. Lasai gaude, eta ez dugu presarik. Abenduko merkatura arte itxarongo dugu».
«Sadiqek uko egin die izan dituen ia eskaintza guztiei, eta guk Valentziarenari. Gu izan gara ateratzen utzi ez diogunak» JOKIN APERRIBAI Realeko presidentea
Odriozolaren egoera bestelakoa da, eta Bretosek aitortu du klubak berak ere ez duela asmatu jokalariaren onena ateratzen. «Realera bueltatu zenean, denbora asko zeraman jokatu gabe. Zaila egin zitzaion Zubietako entrenamenduetara, dinamikara eta exijentzia fisikora egokitzea, eta min hartuta egon zen hainbat aldiz. Orain sasoiz ondo dago, baina entrenatzailea beste jokalari batzuen alde egiten ari da haren posturako: Aranbururen, Ruperezen eta Elustondoren alde, adibidez». Bai Odriozolak eta bai Sadiqek dortsala izango dute hemendik aurrera.
Bestalde, harrobiko lau jokalari salduta edo utzita joan dira udan: Jon Magunazelaia, Jon Ander Olasagasti, Jon Pacheco, eta Urko Gonzalez de Zarate. Zale askok ez dute begi onez ikusi hori. Baina Bretosek ez du uste harrobiak indarra galdu duenik lehen taldean. «Bost jokalari igo ditugu lehen taldera. Batzuetan, harrobiko jokalari batzuk iristeko, beste batzuek atera egin behar dute. Hala izan da beti Realean». Apustu «garbia» egiten dute Zubietaren alde, Bretosen esanetan. «Hamaikakoak harrobiko jokalariz beteta daude, eta oso harro gaude. Gainera, ilusio handia dugu Ruperezkin, Jon Martinekin, Pablo Marinekin, Gotirekin eta Karrikabururekin. Zubietaren etorkizuna sendo dago». Aperribaik ere azalpenak eman ditu. «Beti hitz egiten da horretaz. Baina Realak 25-27 jokalari bikain ditu, eta entrenatzaileari dagokio erabakitzea nork jokatzen duen. Ehunekoei denboraldi amaieran begiratu behar zaie». Onartu du ez duela gustuko harrobiko jokalariek kanpora joan behar izatea. «Baina, adibidez, Gorrotxategirekin ondo funtzionatu du, eta Traoreri esan diogu baliatzeko beste talde batera joateko aukera, atzetik Ruperez dator eta».
Aldaketa, adinean
Realak lau fitxaketa egin ditu: Guedes, Chaleta Car, Carlos Soler eta Yangel Herrera. Bretosek onartu du aurreko denboraldiekin alderatuz aldaketa bat izan dela fitxaketen ezaugarrietan, batez ere adinean. «Esperientziaren eta hierarkiaren aldetik ekarpena egiteko jokalariak behar genituen, eta fitxatu ditugun lau jokalariek ibilbide luzea dute jada futbolean». Ziur da laurek «asko» lagunduko dietela gazteei.
Carlos Soler fitxatuta, punta erdian jokatzen duten hainbat jokalari ditu Realak: Sucic, Zakharian, Goti, Brais Mendez —azken horrek beste talde batera joateko eskaintza «nabarmen bat» izan du—, eta Oiartzabal. Bretosek uste du hori ez dela arazo bat. «Baliabide asko ditugu, eta hori ona da. Entrenatzaileak etekina aterako die. Gainera, denboraldiak iraun bitartean gorabehera asko izaten dira. Hasieran esan bezala, pozik gaude, eta gauza politak egiteko moduko taldea daukagu».
«Zubietak ez du indarra galdu. Bost jokalari igo ditugu lehen taldera, eta hamaikakoak harrobiko jokalariz beteta daude» ERIK BRETOS Realeko Futbol zuzendaria
Realak ez du aurrelari petorik fitxatu, nahiz eta azken denboraldietan golak sartzeko arazoak izan dituen. Bretosek azaldu du zergatik egin duten Gudesen alde: «Hainbat tokitan joka zezakeen aurreko jokalari bat nahi genuen. Gudesek hori ematen digu. Gainera, jokalari oldarkorra da, eta sakon jokatzen du. Ez genuen aurrelari peto bat nahi. Gainera, Oiartzabalek eta Karrikaburuk hor joka dezakete».
Behin merkatua amaitu eta salmentak eta erosketak kontuan hartuta, Aperribaik ez du sakondu nahi izan kopuruetan, baina onartu du emaitza ona izan dela. «Merkatuan jokalari batengatik [Zubimendi] 70 milioi euro jasotzea merkatu hori beti ona izango den seinale da». Klubaren egoera ekonomikoa «ona» da. «Arazo ekonomikorik gabeko talde bakarretako bat gara». Gainera, txuri-urdinek dirua jasoko dute Isaken salmentarengatik. Liverpoolek 150 milioi euro ordaindu dizkio Newcastleri aurrelariarengatik.