Bretosek eta Sergio Franciscok Reala «hobetu» nahi dute

Ardura handia dela onartu arren, biek esan dute «energia eta ilusio» handia dutela erronkari heltzeko.

Sergio Francisco, Jokin Aperribai eta Erik Bretos. GORKA RUBIO / FOKU
Sergio Francisco, Jokin Aperribai eta Erik Bretos. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
2025eko maiatzaren 29a
18:52
Entzun 00:00:0000:00:00

«Ederra izan da hilabete honetan biak elkarrekin lanean ikustea. Ilusio handia transmititu diguzue. Eskerrik asko erronka hau onartzeagatik, handia baita. Ez dugu zalantzarik izan: zuek zarete pertsonarik egokienak eta prestatuenak Imanol [Alguacil] eta Roberto [Olabe] ordezkatzeko. Norbaitek aukera hau merezi badu, zuek merezi duzue. Etxea bikain ezagutzen duzue, eta zorterik onena opa dizuet. Ziur gaude bikain egingo duzuela. Aurrean ditugun horiek ez dira arazoak, baizik eta erronkak». Hitz horiekin agurtu ditu Jokin Aperribai Realeko presidenteak Erik Bretos eta Sergio Francisco. Bretos klub txuri-urdineko kirol zuzendari berria izango da, eta Sergio Francisco, lehen taldeko entrenatzailea. Ardura handia dela adierazi dute, baina «ilusioz eta energiaz»  helduko diotela erronkari, eta helburu argi batekin. «Eskertuta gaude eman diguten aukerarekin, eta Real hobe bat egin nahi dugu. Jendeak gu ezagutzea nahi dugu», esan du Bretosek.

«Eskerrik asko erronka hau onartzeagatik, handia baita. Ez dugu zalantzarik izan: zuek zarete pertsonarik egokienak eta prestatuenak Imanol [Alguacil] eta Roberto [Olabe] ordezkatzeko»

JOKIN APERRIBAIRealeko presidentea

Aperribaik onartu du azken denboraldiko bigarren itzulia ez dela ona izan «Askotan, emaitzak onak ez direnean, jokalariei erreparatzen zaie. Baina horren atzean beste gauza asko daude: jokoa, barne harremanak... Barrura begiratu behar dugu, hobetzen jarraitzeko: lana, emaitzak eta arrakasta uztartuz. Hemen ditugun jokalariek eta etorriko direnek sentitu behar dute Reala dela egon daitezkeen tokirik onena. Gainera, jokalari bakoitzaren alderik apartena azaleratu behar dugu». Presidenteak argi du zein den helburua. «Europara itzultzea da helburua, ahalik eta azkarren, eta ahal denean. Ez dugu beldurrik izan behar hori esateko».

Horretarako egingo dute lan Bretosek eta Sergio Franciscok, batek zelaian eta besteak bulegoetan. Bretos Olaberekin aritu da lanean azken urteetan, eta hari eskerrak eman dizkio. «Niregatik egin duen guztiagatik, eta oso eskuzabala izan delako». Olaberen bideari jarraituko ote dion galdetuta, hauxe erantzun  du: «Gauzak ez ditut aldatuko aldatzeagatik. Baina ez naiz Robertoren kopia bat izango. Hari argi esan nion: horretan saiatzen banaiz, zure kopia txar bat izango naiz. Nire helburua Erik onena izatea da». 

Teknikaria hasi da datorren denboraldiko multzoa osatzen, eta azaldu du lehenbizi barrura begirako azterketa bat egin dutela, eta, behin hori eginda, orain hasiko direla erabakiak hartzen. Asko hitz egin da azken asteetan taldea utz dezaketen jokalarien inguruan. Horietako batzuk oso garrantzitsuak dira: Take Kubo, Brais Mendez, Alex Remiro... Bretosek argi utzi du: «Jokalari bakar batek ere ez digu esan taldea utzi nahi duenik. Ez gara ari horretan pentsatzen. Ez dugu saltzeko beharrik. Alderantziz, talde hobeago bat egin nahi dugu, eta, horretarako, jokalari onenei eutsi nahi diegu».  

«Jokalari bakar batek ere ez digu esan taldea utzi nahi duenik. Gainera, ez dugu saltzeko beharrik»

ERIK BRETOSRealeko kirol zuzendaria

Hala berretsi du Aperribaik: «Zubimendiri buruz baino ez digute galdetu. Espainiako selekziora lasai joateko esan diogu, pentsatzeko. Iaz ere hala esan genion. Hemen jarraitzea nahi dugu, eta ez dugu uste epe laburrean ezer lotuko denik». Kubok ordezkariz aldatu du, eta askok uste dute hori beste talde batera joan nahi duen seinale dela. Horri ere erantzun dio Aperribaik: «Jokalariek zer nahi duten entzuten dugu. Baina berriro diot: ez dugu asmorik edo beharrik inor saltzeko», adierazi du Aperribaik.

Hainbat jokalari izan ditu Realak utzita: Gorrotxategi, Urko Gonzalez Zarate, Karrikaburu... Datorren denboraldian zein ekarpen egin dezaketen galdetuta, ondorengoa esan du Bretosek. «Ez dut asko hitz egin nahi haien inguruan, haietako batzuk oraindik lehian ari direlako. Baina uste dut datorren denboraldian hobetzen lagundu diezaguketela». Fitxaketez ez du argibide askorik eman. Baina Europarako ez sailkatu izanak zer eragin izan dezake? «Argi dago jokalarientzat gustagarriagoa dela Europan jokatzen duen talde batekin fitxatzea. Are gehiago Txapeldunen Liga jokatzen badu. Baina Reala oso klub handia da, eta edozein jokalarik etorri nahi du hona. Europan egon gabe fitxaketa handiak egin ditugu aurretik ere».

Realak aldaketak egin ditu azken urteetan jokalariak fitxatzeko orduan. Jokalari gazteak fitxatu ditu, esperientzia dutenak hartu beharrean. «Uste dut baditugula esperientzia duten jokalariak, adin onean daudenak, eta errendimendu ona ematen ari direnak. Hori guztia kontuan hartuko da datorren denboraldiko taldea osatzeko garaian. Askotan, adina esperientziarekin lotzen da. Baina badira jokalari gazteak eskarmentu handia dutenak, eta nortasun handikoak». 

Aurreko sasoian oso berandu egin ziren fitxaketak. Orri Oskarsson eta Nayef Aguerd azkeneko egunean iritsi ziren Donostiara. Imanol ere kexatu zen horregatik. «Merkatuko denbora luzea da. Garrantzitsuena da ekarri nahi ditugun jokalariak etortzea. Zenbat eta lehenago etorri, orduan eta hobeto, baina, batzuetan, merkatuko denbora amaitzear dela sortzen dira aukerarik onenak».

Sergio Franciscok gutxiago hitz egin du agerraldian. Imanol ahazteko zer egin behar duen galdetu diote: «Realaren inoizko entrenatzaile onenetakoa izan da. Ez dut halako asmorik. Jendeak ni ezagutzea nahi dut, ikus dezaten zer egin dezakedan taldea hobetzeko. Zertarako gai naizen erakutsi nahi dut. Ez zen erraza ni hautatzea, baina prest nago erronkari heltzeko». Bere eskutik Realak izango duen jokatzeko moduaren inguruan ere zertzelada batzuk eman ditu:  «Zaila da horren inguruan zerbait esatea, oraindik ez bainaiz jokalariekin zelaian egon. Baina taldea ausarta izatea nahi dut, dinamikoa, eta partidetan erabaki egokiak hartzen dakiena».

«Taldea ausarta izatea nahi dut, dinamikoa eta partidetan erabaki egokiak hartzen dakiena»

SERGIO FRANCISCO Realeko entrenatzailea

Realak azken denboraldietan zailtasun asko izan ditu golak sartzeko. Horren inguruan ondorengo hausnarketa egin du teknikariak: «Ziurrenik etxe barruan dugu horretarako konponbidea. Orain ditugun jokalariekin golak sartzeko zerbait eraiki nahi dugu. Gainera, aztertu egingo dugu zer behar duen taldeak, postu batzuetan indartsuago sentitu dadin»

Oiartzabal izan da azken bi denboraldietan taldeko golegile nagusia. Lehen, hegalean jokatzen zuen; orain, puntan.  «Leku batean baino gehiagotan joka dezakeen jokalaria da, eta harekin hitz egin behar dut».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.