1 Formula

Briatore: "KOz irabazi dut"

Renaulteko kirol zuzendari ohiari FIAk 1 Formulan aritzeko jarri zion bizi osoko debekua kendu egin zuen atzo Frantziako Auzitegiak. Laster erabakiko du bueltatuko den edo ez.

2010eko urtarrilaren 6a
15:22
Entzun
Nazioarteko Automobilismo Federazioak (FIA) Flavio Briatore Renault etxeko kirol zuzendari ohiari 1 Formulan aritzeko jarri zion bizi osoko debekua baliogabe utzi zuen atzo Frantziako Auzitegiak, eta Briatorek garbi du: "KOz irabazi dut". Hala esan du gaur Le Parisien aldizkarian.

"FIAk ni baztertzea erabaki zuenean, mundua gainera erori zitzaidan", aitortu du, baina orain, zigorrik ez duela, ez daki 1 Formulara itzuliko den. "Denbora pixka bat behar dut. Bi hilabete barru jaioko da gure semea, eta orduan pentsatuko dut bueltatu edo ez". FIAk aldatu beharra duela uste du, "zilegitasuna galdu baitu". Jean Todt da Nazioarteko Automobilismo Federazioko presidente berria, eta harengan konfiantza daukala adierazi du.

Irailaren 21ean eman zuen Renaulteko kirol zuzendari ohiaren aurkako erabakiaren berri FIAk eta, Frantziako Justiziaren ustez, "irregularra" da neurria. Briatorek Frantzian helegitea sartu zuen azaroaren 24an.

FIAren arabera, Briatorek Nelson Piquet taldeko gidaria behartu egin zuen 2008ko Singapurko Sari Nagusian istripua izatera -apropos hormaren kontra jotzeko esan zioten, FIAk zioenez-, Fernando Alonso kideari mesede egiteko asmoz.

Renaulteko estrategia arduradun ohi Pat Symondsi bost urteko debekua ipini zion FIAk horregatik. Honen erabakiaren aurretik taldetik bidali zituen biak Renaultek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.