Ekialdeko Alemaniako atletek izan dituzte garai distiratsuagoak. Duela 20 urte ez zegoen haiei aurre egingo zienik, eta marka batzuk gaur egun indarrean dira oraindik, baina Mendebaldeko Alemaniarekin bat egin zutenetik, behera egin dute nabarmen; ia desagertu egin dira. Bakar batzuk gelditzen dira oraindik, ordea. Emakumezkoetan, Heike Dreschlerrek onenen artean jarraitzen du luzera jauzian. 80ko hamarkadan, 200 metrokoan munduko marka izan zuen, Marita Kochekin batera, eta 2000n, Sydneyko Olinpiar Jokoetan, urrea irabazi zuen luzera jauzian. Parisen lehiatzekoa zen, baina azken orduko lesio larri batek kolokan jarri du haren kirol etorkizuna (38 urte ditu).
Gizonezkoetan, Lars Riedel da salbuespena. Bi Alemaniek bat egiteak mesede egin zion, 1991tik jokatu diren Munduko Txapelketa guztiak irabazi baititu, Sevillakoa izan ezik (1999an). Anthony Washington estatubatuarrak irabazi zuen urrea, Jurgen Schult alemaniarrak zilarra, eta Riedelek brontzea. Parisen irabaziko balu, Bubkaren marka berdinduko luke: sei aldiz munduko txapeldun.
Denak begira izango baditu ere, berak ez du bere burua faboritotzat jo nahi. Riedelek beti izan ditu bizkarreko arazoak, eta ezin izan da nahi bezainbeste entrenatu. Dena den, txapelketetan beti ematen du bere onena, eta domina bat irabaztea «handia» litzatekeela onartu du.
Jaurtiketak tradizio handiko probak dita Alemanian. Al Oerter estatubatuarra alde batera utzita, disko jaurtilari onenak alemaniarrak izan dira: Jurgen Schult, Wolfgang Schmidt eta Lars Riedel bera. Baina, dopin susmoak direla eta, erabat baztertuta dauzkate Alemaniako komunikabideek. «Komunikabideentzat, Alemanian inoiz izan ez den modalitate bat da diskoa», salatu du Riedelek. Dopinaren itzala gainetik kendu ezinik dabil Riedel bera, orain arte egin zaizkion kontrol guztiak garbiak izan diren arren. Are gehiago, txapelketa handi bakoitzaren aurretik atleta bakoitzak gutxienez 10 kontrol pasatu beharko lituzkeela proposatu du.
Bizkarrak gerra handirik ematen ez badio, datorren urtean Atenasen izango da. Bartzelonako Olinpiar Jokoetan kale egin zuen ez zen sartu finalean; Atlantan urrea irabazi zuen, eta Sydneyn zilarra. Baina Atenasko erronkaren aurretik, leku bat du zain Bubkaren ondoan.gGorka Zabaleta
IZEN PROPIOAK
Bubkaren ondoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu