Ezusteko bat izan da Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren urteko batzar orokorrean. Egoitza nagusia Iruñetik nora lekualdatu bozkatu behar zuten, eta, uste guztien arabera, Miarritzek (Lapurdi) hartuko zuen lekukoa. Azken orduan, ordea, Espainiako Federazioaren abstentzioa tarteko, Buenos Airesen hautagaitza gailendu zaio Miarritzekoari, aldeko 43 boto lortuta, Miarritzekoak baino hiru gehiago. Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren egoitza ia 50 urtez egon da Euskal Herrian, 1978tik: lehenbizi, Donostian egon zen; gero, Irunen (Gipuzkoa), eta 2002tik Iruñean da.
Jakina zen egoitza lekualdatuko zutela. Iruñeko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Espainiako Kirol Kontseilu Gorenaren diru laguntzak apaldu zirela-eta hartu zuen elkarteak horren aldeko erabakia. Alabaina, egoitza aurrerantzean Buenos Airesen ezartzeko erabakia ustekabekoa izan da. Izan ere, ostegunean egin zuten Munduko Euskal Pilota Txapelketaren hasiera gala, Buenos Airesen bertan, eta ekitaldi horretan iragarri zuten federazioaren egoitza nagusia Miarritzera lekualdatuko zutela. Bozketaren emaitzaren ondorioz, baina, federazioa sorlekura itzuliko da nolabait, Argentinan eratu baitzuten elkartea, 1929an. Euskadiko Euskal Pilota Federazioko arduradunak batzarrean egon ziren atzo, baina nahiago dute oraingoz adierazpenik ez egin gaiaren inguruan.
Xavier Cazaubonek jarraituko du
Batzar berean, federazioko orain arteko lehendakariaren agintaldia berritu dute, Xavier Cazaubonena. Aho batez onartu dute haren hautagaitza; beraz, 2030era arte jarraituko du —2014tik dihardu karguan—. Federazioko lehendakaria pilotaria izan zen 1974tik 1987ra bitarte. Jokalari profesional gisa ibilbidea amaituta, 1994an Mexikoko pilota selekzioko hautatzaile kargua hartu zuen, eta postu horretan jardun 2010era arte.