Italiako Giroa

Buitrago izan da garaile Giroko etapa nagusian

Kolonbiarrak ihesean lortu du garaipena, Derek Geeri buruz buru nagusituta. Roglicek hiru segundo atera dizkio Thomasi, eta 23 Almeidari. Kronoigoera erabakigarria jokatuko dute bihar.

Santiago Buitrago Giroan lortutako garaipena ospatz. LUCCA ZENARO / EFE
enaut agirrebengoa
2023ko maiatzaren 26a
19:54
Entzun

Berriz ere nor baino nor gehiago aritu dira gaur Geraint Thomas (Ineos), Primoz Roglic (Jumbo) eta Joao Almeida (UAE), Giroa irabazteko hiru hautagai nagusiak. Tre Cime di Lavaredon, lasterketako mendaterik garaienean bukatu da etapa. Bada, han goitik ez da Erroma ikusten. Italiako hiriburuan bukatuko da Giroa, eta oraindik ez dago batere garbi nor igoko den podiumeko koskarik gorenera. Abantaila Thomasek du, hura baita liderra oraindik ere. Gaur, oso lehia estua izan zuen Roglicekin, eta esloveniarrak hiru segundo kendu dizkio. Almeidak, berriz, 23 segundo galdu ditu Roglicekin.

Ihesaldia helmugaraino iritsi da, Giro honetan hamargarrenez. Santiago Buitrago (Bahrain) zen eskalatzailerik finena tropeletik alde egindakoen artean, eta bere legea ezarri du azken igoeran. Gauzak zail jarri dizkio Derek Geek (Israel), baina kanadarraren esfortzuak ez du saririk izan. Lau etapatan gelditu da garaipenaren atarian. Magnus Cort (Education) izan da hirugarren; Roglici gainsaria kendu dio esprintean.

Campollongo, Valparola, Giau, Tre Croci eta Tre Cime di Lavaredo: mendatea mendatearen atzetik igo beharra zegoen. Behin baino gehiagotan gainditu dute 2.000 metroko langa; hots, zeru-goian lehiatzeko eguna zuten ziklistek. Batzuek berehala zabaldu dituzte hegalak, eta tropeletik airean atera. Hamabost lagun elkartu dira lasterketa buruan, eta horien artean zegoen Gee. Nola ez. Zazpigarren ihesaldia zuen aurtengo Giroan. Buitrago, Cort, Carlos Verona (Movistar) eta Michael Hepburn (Jayco) izan ditu bidelagun, besteak beste.

Ineosek ez zuen zalapartarik nahi, eta UAEk eta Jumbo Vismak uko egin diote gidaritzari. Iheslariek, berriz, bidea egin dute, eta Campollongo gainditu ostean, zortzi minututik gorako aldearekin iritsi dira Valparola gainera. Eta Giaun minutu bakarra kendu die tropelak. Ihesaldia ez da sakabanatu.

Laurens De Plusek (Ineos) erritmoa nabarmen bizkortu du Tre Crocin, eta azken igoeran, lekukoa hartu dio Thymen Arensmanek. Onenen erasoak, edonola, azken bi kilometroen barruan iritsi dira. Atzean gelditu da Eddie Dunbar (Jayco) eta ia aldi berean, estutua egin du Almeidak. Roglicen eraso biziagoa etorri da hurrena. Thomasek ondo eutsi dio. Are, gurpiletik atera du azken txanpan, baina esloveniarrak ez du amore eman, eta liderra aurreratzeko gai izan da azken ahaleginean.

Lehia handia izan da Buitrago eta Geeren artean ere. Kanadarrak azpi-azpitik egin du eraso, eta kolonbiarra estu hartu. Begi-bistan izan du Buitragok, eta 1,5 kilometroren faltan gainditu.

Monte Lussariko kronoigoerak emango du azken epaia. 18,6 kilometroko saioa izango da, eta lehen 11 kilometroak lauak diren arren, gero bizikletaz aldatu eta maldan gora jardun beharko dute txirrindulariek. Hortzak gogotik estutu beharko dituzte, %12koa delako mendatearen batez besteko pendiza. Zementuzko zoruak ziklisten oinazea areagotuko du.

Lidergoari eusten saiatuko da Thomas. 26 segundora du Roglic. La Plancheko arantza ateratzen saiatuko da esloveniarra. Hirugarren Almeida dago, 59ra; laugarren Damiano Caruso (Bahrain), 4.11; eta bosgarren Dunbar, 4.53ra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.