Bukaera aproposa

Kaikuk irabazi zuen San Miguel ligako azkeneko bandera, Portugaleten, traineru indartsuena zergatik izan den erakutsizPortugalete ligara igo da, eta Orio, Zierbena eta Camargo zain egon beharrean dira

Kaikuko arraunlariak, San Miguel ligako txapela ospatzen, herenegun, Portugaleten (Bizkaia). MONIKA DEL VALLE / ARP.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko irailaren 20a
00:00
Entzun
San Miguel ligak amaiera polita izan du, lehiaketako garaileak azken bandera irabazteak ematen diolako handitasuna lehiari. Horixe gertatu zen igande eguerdian Portugaleten, aurtengo azkeneko estropadan. Bezperan liga bereganatu zuen Kaikuk astindu zuen trapua, eta erabateko poza bizi izan zuten modu horretan. Onena izan dela erakusten dute zenbakiek, eta zer hobeto nagusi izan den lehiaketa bandera irabaziz amaitzea baino.

Igandeko estropada berezia izan zen. Portugaleteko eremuan, beti izaten da horrela, kaleen artean aldea handia izaten delako. Baina, herenegun, haizeak baldintzatu zuen emaitza. Izan ere, lehen txandakoei gogor astindu zien, bigarrengokoei dezente gutxiago, eta banderaren lehia azkeneko txandakoen artera mugatu zen. Bertan ziren ligako lau onenak: Kaiku, Urdaibai, Hondarribia eta San Juan. Ligako bi azkarrenak moldatu ziren hobekien, eta bien arteko borrokaz gozatu ahal izan zuten zaleek. Lehen luzean, San Juan ere gehitu zen borrokara, segundo baten barruan zirelako hiru ontziak. Baina bigarren luzetik aurrera, Bizkaiko bien arteko lehia izan zen, eta horretan azkarragoa izan zen Kaiku. Sei segundo azkarragoa, hain zuzen. Hirugarren posturako borrokan, Hondarribiak aurrea hartu zion San Juani, hiru segundo eskas tarteko.

Kaikuk helburua lortu zuen, irabaztera atera zelako. Kuadrilla indartsuena ureratu zuen, bezperan ez bezala. Hala prestatu zuen asteburua Jose Luis Kortak, eta ondo atera zitzaion apustua. Ligako punturik gehienak kuadrilla horrekin lortu ditu, eta amaiera gozoa dastatzeko aukera izan zuen hamalauko handi honek: Gomez, Pascual, Zubiri, Errasti, Medina, Gonzalez, San Martin, Rodriguez, Etxebeste, Steindl, Banica, Perez, Carlos Rodriguez, eta Zurinaga patroia. Horiek izan dira titularrak, baina ezin ahaztu gainerako arraunlariak eta patroia ere; horietako batzuek ere astindu dituzte trapuak sasoi honetan, eta beraien lanik gabe nekez egingo zuten behar onik titularrek. Merezi dute aipamena, hortaz, beste hauek ere: Astelarra, Duran, Galdiz, Garcia, Hermo, Rial eta Udabe.

Denen artean, bederatzi bandera irabazi dituzte aurtengo ligan. Behin izan dira bigarren, bi bider hirugarren, laugarren eta bosgarren, eta behin seigarren eta zazpigarren. Postu horietan lortutako puntuak batu, eta emaitza 176 da. Horra Kaiku garailearen zenbakiak.

Beste taldeek ere merezi dituzte aipamenak, baina. Urdaibaik bost bandera irabazi ditu, Hondarribiak hiru eta Tiranek bat. Lehia horretatik aparte ibili arren, sasoi hasieran jarritako helburuak bete dituzten San Pedro eta Zumaia ere gogoan izan behar. Baita denboraldi ona egin duen San Juan ere, egindako lanaren aitortza txikia izan bada ere.

Igoera, bulegoetan

Beste muturrean daude Camargo eta Orio. Batez ere oriotarrena aipatu behar da, ezustea izan baita azkena izatea. Berez, hor bukatu izanak mailaz galtzera eraman beharko zukeen, baina TKEk aukera eman zion kanporaketan aritzeko, Urdaibai auziarekin zer gertatuko den zain. Eta Oriok berea egin du, bigarren amaitu duelako bi estropadako lehia. Portugaletek hartu dio aurrea, eta Aizperroren taldea San Miguel ligan izango da datorren urtean. Beste guztia argitzeko dago. Urdaibai ligatik kanporatzen badute, Oriok eutsi egingo dio mailari, eta Camargok ere bai. Baina Urdaibai ez badute botatzen, Orio eta Camargo behera doaz, eta Zierbena igoko da, kanporaketako hirugarrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.