Burdinazko buruzagiaren esku

Dusko Ivanovicek Baskoniako laugarren etapa hasiko du. Iparra galdu duen talde bati buelta emateko asmoz iritsi da Gasteizera. Lehen partida gaur zuzenduko du (20:30).

Dusko Ivanovic, asteartean egin zuten aurkezpenean. IÑIGO URIZ / FOKU.
pettan uralde
2023ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Batzuek esaten dute bigarren zatiak ez direla inoiz onak izaten, baina Josean Kerejeta Baskoniako presidentea ez da horietako bat. Bigarren aldiz egin zuen, hirugarren aldiz ere bai, eta orain laugarrenez egin du Dusko Ivanovicen aldeko apustua. Hiru aldiz ondo atera zaio, baina agian laugarren aldi honek du arriskurik handiena. Segurtasuna eta konfiantza, ordea, ez zaizkio faltako. Baskoniaren eta Ivanovicen arteko harremanak urte askotako arrakastak zimendatu dituzte.

LARRIALDIKO ALDAKETA

Zurbaoko taldea ez dago garai onean. Taldearen konfigurazio okerrak eta pisu handiko antolatzaile baten zain egoteak ez dute erraztu Joan Peñarroyaren lana, eta jokatutako azken bost partidak galdu ditu Baskoniak. Gauzak are gehiago zailtzeko, zazpi jokalari min hartuta daude. Aldaketa bat egiten saiatu da zuzendaritza gorri-urdina; hain zuzen, aulkian. Postua uztera kondenatuta zegoen Peñarroya, eta klubaren historiako entrenatzaile ohoratuenarekin ordezkatu dute: Ivanovic. Azken asteetanjakina zen Baskoniaren erabakia, eta Ivanovic jada talderik gabe zegoen, Izar Gorria utzi ondoren. Montenegroarrak bikain ezagutzen du Baskonia, eta horrelako egoerak konpontzen trebea dela erakutsi du bere ibilbide osoan.

«Sufrimenduari zentzua ematen badiozu, plazera da, motibazioa». Ivanovicen leloetako bat da. Harekin ezin da inor lasaitu, eta ahalik eta jokalari guztiei ahalik eta zuku gehien ateratzen saiatzen da. Peñarroyaren jokoarekin alderatuta, defentsan arreta handiagoa jarriko du Baskoniak. Talde nortasuna izango du oinarri. Arlo fisikoan ere urrats garrantzitsua egingo du Baskoniak.

ILUSIOA DAKAR

Haren lehen hitzak maitasun adierazpen bat izan dira. «Joan nintzenean, beti esan nuen hau nire kluba zela, nire hiria; nirea dela sentitzen dut, eta, etortzeko eta laguntzeko deitu zidatenean, ez nuen zalantzarik izan. Saskibaloia maite dut, eta klub hau maite dut». Hala ere, lehen agerraldi horretan argi utzi du hau izango dela Baskoniako «etaparik zailena». Erronka handia izango du, itzela. «Lehen eguneko ilusio berarekin» dator, baina taldearen egoera ez du gogoko. «Lehenengo gauza jokalariei konfiantzaematea da. Egiten duten horretan sinetsi behar dute». Hortik aurrera, arazoak sortzera baino gehiago, konponbideak bilatzera bideratzen den filosofia balkaniko horri jarraikiz, «bost jokalarirekin partidak irabazi» daitezkeela azpimarratu du.

HISTORIA BERE ALDE DU

Ivanovic da Baskonia gehien zuzendu duen entrenatzailea eta, gainera, irabazleena. Klubak dituen lau ligetatik hiru irabazi zituen (2002, 2010 eta 2020), eta taldeak lortu dituen sei Espainiako Kopetatik hiru ditu (2002, 2004 eta 2009). 2008ko Superkopa ere badu. Gainera, 2005eko Euroligako Lauko Finala jokatu zuen Moskun, eta finalera iritsi zen. Klubaren azken arrakasta, pandemia urtean, Valentziako burbuilan jokatutako ligako finalari dagokio. Bertan egon zen Ivanovic ere.

ESTREINAKOZ, GAUR

Montenegrokoak gaur egingo du debuta, Belgradeko Partizanen aurka, Buesa Arenan. Partidan, Baskoniak fitxatu duen antolatzaile berria egongo da, Chris Chiozza. Postu horretan, Mannionek eta Miller-McIntyrek ez dute inor askorik konbentzitu. Ikusteko dago, halaber, Howardek zer etorkizun izango duen, ia defendatzen ez duen jokalari bat da eta.

EREDUA KOLOKAN

Kerejetak, presidente denetik, 29 aldiz aldatu du entrenatzailea 35 urtean. Orain arte, ongi funtzionatu du metodo horrek, baina azken urteetan ezegonkortasuna eragin du: ehun fitxaketatik gora egin dituzte, eta hamahiru entrenatzaile aldaketa azken hamarkadan. Makina gehiegi behartu ote da?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.