Ligaxken faseko partida onenetako bat espero zen Uruguairen eta Espainiaren artean, munduko txapeldunen arteko partida bakarra izan baita. Espainia etxeko lanak eginda iritsi da partidara, baina Uruguai ez: gutxienez puntu bat lortu beharra zuen final-hamaseirenetan egon ahal izateko. Bada, Alex Baenaren gol bati esker, Espainiak 0-1 irabazi zion Uruguairi, eta hegoamerikarrak kanpoan geratu dira. Munduko Kopako dezepzio handienetako bat izan da.
Multzo berean, Cabo Verdek markak hautsi ditu final-hamaseirenetara pasatuta, hiru berdinketa lortzeari esker; azkena, Saudi Arabiaren kontrakoa, 0-0. Argentinaren aurka arituko da talde afrikarra, bere lehen Munduko Txapelketan. I multzoan, Frantziak aise irabazi zion Norvegiari, 1-4, eta lehen postuan amaitu du ligaxka fasea. Norvegia bigarren geratu da, eta Senegal ere final-hamaseirenetan izango da, Iraki 5-0 irabazi eta gero.
G multzoan, Belgikak lortu du erdipurdiko hasierari buelta ematea, eta lehen postuan igaro da hurrengo fasera, Zeelanda Berriari 1-5 irabazita. Ozeaniarrak kanpoan geratu dira, eta Egipto bigarren postuan sailkatu da, Iranen kontra 1-1 berdinduta. Persiarrek itxaron egin beharko dute final-hamaseirenetan izango diren ala ez jakiteko; hain justu, sei partida geratzen dira.
Ikusi gehiago
I MULTZOA
Azken partidara puntu kopuru berarekin iritsi ziren Frantzia eta Norvegia, sei puntu baitzituen bakoitzak, eta final-hamaseirenetara lehen postuan sailkatzea zuten jokoan biek. Frantziak erakutsi du Munduko Kopako talde onenetako bat dela, 1-4 irabazi baitu, Ousmane Dembeleren hat trick goiztiar bati esker. PSGko jokalariak zazpigarren eta hogeigarren minutuan sartu zituen lehen bi golak, oso onak biak ala biak, baina minutu batean norvegiarrak gerturatu egin ziren, Thelo Aasgaarden gol bati esker. Hala ere, 30. minutuan Dembelek hirugarrena sartu zuen, eta garaipena bideratuta utzi; bigarren zatiaren azken hatsean, 94. minutuan, Desire Douek lanak amaitu zituen.
Senegal punturik gabe eta ia kanpoan geratuta iritsi zen Iraken kontrako partidara, baina Afrikako txapeldunak erakutsi zuen final-hamaseirenetan egoteko moduko taldea dela, 5-0 irabazi baitzion Iraki. Habib Diarrak sartu zuen lehen gola, laugarren minutuan, baina gol festa bigarren zatian iritsi zen. Ismaila Sarrek sartu zuen bigarrena, eta handik gutxira Pape Gueyek beste bi gol sartu zituen. Partida amaitzeko hamar minutu eskas falta zirenean, Iliman Ndiayek bosgarrena sartu zuen. Oraindik ez zuten garbi aurrera egingo zutenik, baina G eta H multzoetako emaitzak jakinda, Senegal final-hamaseirenetan da matematikoki.
Frantziak Suediaren kontra jokatuko du hurrengo kanporaketa, eta Norvegiak, berriz, Boli Kostaren kontra.

H MULTZOA
Cabo Verdek izugarrizko ustekabea eman du Munduko Kopan, bere lehen parte hartzean final-hamaseirenetara sailkatzea lortu baitu. Eta hori ez du edozein multzotan egin, munduko txapeldun izandako bi talde egokitu baitzaizkio: Espainia eta Uruguai. Talde hegoamerikarra bere mailatik behera ibili da nabarmen, eta Munduko Kopatik kanpo geratu da, Saudi Arabia bezala.
Espainiak 0-1 irabazi dio Uruguairi, Alex Baenak atsedenaldirako gutxi falta zenean sartutako golari esker. Saudi Arabiaren eta Cabo Verderen arteko partidan, golik ez: 0-0 geratu ziren, eta berdinketa horrek Cabo Verderi bigarren postua bermatu dio. Hiru partidak berdintzea lortu du talde afrikarrak, eta Munduko Txapelketako ezusteko handiena eman du. Argentinaren kontra ariko da final-hamaseirenetan.

G MULTZOA
Multzoen fasea gaizki hasi zuen Belgikak, baina azken partidan 1-5 irabazi dio Zeelanda Berriari, eta final-hamaseirenetara lehen postuan igarotzea lortu du. Leandro Trossardek sartu ditu lehen bi golak, 28. eta 50. minutuetan, eta 66.ean Kevin de Bruynek sartu du hirugarrena. Elijah Henry Justek sartu du Zeelanda Berriaren gol bakarra, 84. minutuan, baina azken hamar minutuetan belgikarrek tartea izan dute beste bi gol sartzeko, Romelu Lukakuren eta Alexis Saelemaekersen eskutik.
Egiptok eta Iranek 1-1 berdindu dute. Lehen minutuak izan dira zirraragarrienak: bosgarren minutuan Mahmoud Saberrek Egiptoren gola sartu du, eta 11. minutuan Mehdi Taremik, Irango goleatzaileak, berdinketakoa sartzeko aukera bikaina izan du, penaltiz, baina huts egin du. Hala ere, handik hiru minutura Ramin Rezaeianek berdinketakoa sartu du, eta emaitza horri eutsita iritsi dira amaieraraino.
Egiptok Australiaren kontra jokatuko du final-hamaseirenetan, eta Iranek itxaron egin behar du oraindik fase horretara sailkatuko den ala ez jakiteko.
