Caja Rural Frantziako Tourrean lehiatuko da

Antolakuntzak gonbidatu egin du euskal taldea. 2010ean hasi zuen aro berria, eta, ordutik, lehenbiziko aldiz ariko da. 1980ko hamarkadan birritan lehiatu zen.

Caja Ruraleko txirrindulariak taldekako erlojupekoan, atzo, Mallorcako Challenge-an. MIQUEL A. BORRAS / EFE
Caja Ruraleko txirrindulariak taldekako erlojupekoan, atzo, Mallorcako Challenge-an. MIQUEL A. BORRAS / EFE
Jone Bastida Alzuru - Mikel Rodriguez
2026ko urtarrilaren 30a
16:13
Entzun 00:00:00 00:00:00

Uztailean jokatuko da gizonezkoen Frantziako Tourra, Bartzelonan hasita, eta, gaur jakin denez, bi euskal talde ariko dira: Movistar eta Caja Rural. Gainera, Caja Rural taldea lehendabizikoz lehiatuko da Tourrean, 2010ean bigarren aroa hasi zuenetik. «Batzuetan ametsak egia bihurtzen dira. Mugarria da», adierazi du taldeak, ohar bidez. UCI Pro Team mailan lehiatzen da Caja Rural, eta gonbidapena jaso du Tourrean parte hartzeko. 2025ean egindako lan ona fruituak ematen ari dela esan du taldeak.

Caja Ruralek argitaratu duen oharrean, Jose Miguel Fernandez kirol zuzendariak adierazi du bi helburu izango dituztela, «anbizio handikoak baina errealistak»: etapa bat irabaztea, eta «munduan gehien ikusten den lasterketan ikusaraztea». Taldeak oroitarazi du oraingo egitura Frantziako Tourrean lehenbizikoz ariko den arren, kutxak 1980ko hamarkadan babesten zuena bi aldiz lehiatu zela: 1987an eta 1988an.

Maillotaren kolore nagusiak berberak ziren orduan: berdea eta zuria. Marino Lejarreta euskal ziklismoaren mitoa izan zuten lider: hamargarrena izan zen 1987an —Stephen Roche irlandarrak irabazi zuenekoan—, eta hamaseigarren 1988an —Pedro Delgado espainiarrak irabazi zuenekoan—. 1987ko Tourrean Jokin Mujika eta Pello Ruiz Cabestany gipuzkoarrek ere parte hartu zuten Caja Ruralekin, eta 1988koan Mujika berriro atera zen. Caja Ruralek Orbea zuen orduan bigarren babesle gisa, taldea Seat-Orbearen egituratik heldu baitzen. Euskal ziklismoaren beste mito bat izan zuten zuzendari: Txomin Perurena oiartzuarra.

Gaur egungo taldeak Seguros RGA du bigarren babesle, eta 26 txirrindulari ditu. Horietatik zortzi dira euskal herritarrak: Julen Arriolabengoa, Gorka Corres, Alex Diaz, Javier Ibañez, Ellande Larronde, Joseba Lopez, Gorka Sorarrain eta Iker Villar. 

Kern Pharma, Vueltara  

Bestalde, gaur ere jakinarazi dute Espainiako Vueltan zein talde arituko diren: Tourrean bai, baina Vueltan Caja Rural ez da izango. Hala ere, bi euskal talde lehiatuko dira: Movistar eta Kern Pharma. Euskaltel-Euskadi ez da lehiatuko ez batean eta ez bestean.

Bidasoko Itzulirik ez

Kolpe handia hartu du amateur mailako euskal egutegiak: 2026an ez da Bidasoko Itzulirik egingo. Maiatzaren 8tik 10era egitekoa zen, baina antolakuntzak gaur arratsaldean ohar baten bidez jakinarazi du ez duela behar adinako diru iturririk lortu. Hala ere, ez du behin betiko galdutzat eman nahi, eta aurrerago antolatu ahal izateko lanean ari dela jakinarazi du. Euskal Herrian lehiatzen zen gizonezko amateurren itzuli nagusia zen. 1958an egin zuten lehen aldiz, eta 1982az geroztik ez du hutsik egin. Profesionaletan txapeldun handi bilakatutakoak daude palmaresean: Jose Maria Errandonea (1959), Txomin Perurena (1964), Luis Ocaña (1966), Pello Ruiz Cabestany (1983), Abraham Olano (1992), Jose Luis Rubiera (1994), Unai Osa (1996) eta Carlos Sastre (1997), besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.