Cancellara onenaren pare

Jonathan Castroviejok irabazi du Romandiako Tourreko aitzin-etapa, eta lider jarri da 24 urte bete aurreko egunean

unai zubeldia
Donostia
2011ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Gaur beteko ditu 24 urte Jonathan Castroviejok (Euskaltel-Euskadi), eta, aukeratzen hasita ere, ez zuen ospatzeko modu hoberik aukeratuko. World Tourreko proba gogor batean, Romandiako Tourrean, Suitzan, liderraren maillot horiarekin abiatuko da gaur getxoztarra lehen etapan, Martigny herritik. Izan ere, handia egin zuen atzo Castroviejok. Martignyn hasi eta amaitu, 3,5 kilometroko aitzin-etapa motz-motza zeukan gordeta Romandiako Tourrak, eta hegan ibili zen bizkaitarra. Atzokoarekin, hiru garaipen eskuratu ditu jada Euskaltel-Euskadik sasoi honetan.

Getxoztarra ez zen ageri faboritoen zerrendan, baina erlojupekoetan espezialista handia da Euskaltel-Euskadiko txirrindularia. Zuzenguneetan dena emanda eta bihurguneetan izugarri arriskatuta, 27 ehuneneko aldea atera zion helmugan Taylor Phinney estatubatuarrari (BMC). 2009an, Orbean zebilela, irabazi zituen hiru etapa: Etorkizuneko Tourreko bosgarren etapa, Haut Anjou itzuliko hirugarren etapa, eta Ronde de L'issardeko lehen etapa. Baina atzo eman zuen profesionaletako lehen kolpe serioa, Fabian Cancellara (Leopard) handiaren oinordeko gisa. Podiumean maillot horia janzten ari zen unean, txirrindulariak berak ere ezin zuen sinetsi egin zuena, baina opari ederra egin zion bere buruari. Martigny eta Leysin artean, gogorra da gaurko etapa, Leysin lehen mailako mendatean amaituko delako tropelaren kalbarioa. Baina gozatzea egokituko zaio gaur bizkaitarrari.

«Oso garaipen polita izan da, eta oso-oso pozik nago. Bihar [gaur] da nire urtebetetze eguna, eta opari ikusgarria izan da. Ospakizun bikoitza izango dugu, beraz». Behin etapa amaituta, kabitu ezinda zegoen Castroviejo. Orain arte erlojupekoetan «ahal zuen guztia» egiteko asmoz abiatzen zela onartu zuen atzo bizkaitarrak. «Beti moldatu izan naiz ondo, baina jauzi handia dago ondo moldatzetik Romandiako Tourreko aitzin-etapa irabaztera». Atzoko garaipenaren ondoren, pentsaera aldatu egin zaiola aitortu zuen Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak. «Orain badakit irabazteko helburuarekin irten naitekeela».

Hori bai, ez zen garaipen erraza izan, abiatu aurretik erori egin zelako Castroviejo. «Irteerako aldapatxora nindoala, bota egin nau beste talde bateko mekanikari batek, eta tentsioan iritsi naiz irteerara». Tentsio hori pizgarri gisa erabili zuen, ordea. «Erabat tentsiopean irten naiz, baina Gorka Verdugoren erreferentziak neuzkan —11. postuan sailkatu zen—, eta denbora horiek funtsezkoak izan dira etapa irabazteko».

Pare bat bihurgune zail bazeuzkan erlojupekoak. «Baina zuzenguneetan zegoen gakoa. Potentzia handia behar zen, eta den-dena eman dut». Hortzak estututa, bizikletatik altxatuta, lehertu beharrean egin zituen azken 200 metroak. «Funtsezkoa zen azken zuzenguneko lana, eta zoragarri irten da dena».

Espezialista handien aurretik

Phinneyren denbora onduta, zain egotea egokitu zitzaion Castroviejori, atzetik zetozelako espezialistarik gehienak. Baina inor ez zen gai izan getxoztarraren denborara hurbiltzeko. Aleksandr Vinokurovek (Astana), esaterako, lau segundo galdu zituen, Richie Portek (Saxo Bank) sei, Cadel Evansek (BMC) zortzi, Tony Martinek (Highroad) bederatzi... Handienen pare ibili zen atzo Jonathan Castroviejo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.