Txirrindularitza

Carapaz bere saltsan ibili da Orcieres-Merletten amaitu den etapan

Ekuadortarra maisuki aritu da ihesean, eta Schmiden eta Jorgensonen aurretik iritsi helmugara. 3,5 kilometro geratzen zirela azpiratu ditu aurkariak, erritmo aldaketa bizia eginda. Faboritoek indarrak gordetzea hobetsi dute; Alpe D’Huez dute zain.

Richard Carapaz etapa irabazi izana ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
Richard Carapaz etapa irabazi izana ospatzen. GUILLAUME HORCAJUELO / EFE
enaut agirrebengoa
2026ko uztailaren 23a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Richard Carapazek (Education) garbi dauka: beti merezi du saiatzea. Kastak, lehenago edo beranduago, arrakasta dakar. Txirrindulari ekuadortarrari, behintzat, halaxe gertatzen zaio. Aurtengo Tourrean iheslari gisa ari da lehiatzen, sailkapen nagusiaren loturak alde batera utzita. Eta ihesaldietan, askatasun osoz erakutsi dezake bere lehiatzeko modu suharra. Garaipena nahiko gertu izan zuen Le Lioranen eta Le Marksteinen amaitu ziren etapetan, baina faboritoek aurreratu egin zuten azkenerako. Gaur, ordea, helburua bete du Orcieres-Merletten. Jokoz kanpo geratzeko arriskua izan du etapak iraun bitartean, baina onik atera da estualdi guztietatik. Eta azken mendatean aise gailendu zaie iheskideei. Mauro Schmid (Jayco) eta Matteo Jorgenson (Visma) izan ditu atzetik, hurrenkera horretan, 45 segundora.

Oilarren artean ez zen su handirik espero, datozen bi etapak Alpe D’Huezen amaituko baitira. Dena den, UAEren ahulezia akuilu izan zitekeen Decathlon eta Red Bull taldeentzat. Tadej Pogacarren (UAE) zenbait taldekide ezinak jota dabiltza; gaur, adibidez, Brandon McNulty erretiratu beharrean izan da. Pogacarri oraindik ez zaio arrakalarik agertu, baina baliteke Del Tororen podiumeko postua kolokan egotea oraindik. Orcieres-Merletten, Red Bullek jarri du erritmoa, eta mexikarrak onenen multzoan iraun du. Ez da erasorik izan, eta horrek erraztu egin dizkio gauzak. Hautagaiak 4.35eko atzerapenarekin heldu dira helmugara, eta Pogacarrek arazorik gabe eutsi dio maillot horiari.

Faboritoek irabazteko interesik ez zutenez, iheslariak aise aldendu zaizkie. Hamalau txirrindulariko multzo bat osatu da lasterketa buruan: horietatik zortzi Enginsen nabarmendu dira, eguneko aurreneko mendatean —lehen mailakoa—, eta beste sei kide elkartu zaizkie geroago, Monteynarden —bigarren mailako igoera—. Carapazekin batera, sail horretan izan dira, besteak beste, Schmid, Jorgenson, Valentin Paret-Pentre (Soudal), Egan Bernal eta Thymen Arensman (Ineos), Tobias Johannessen (Uno-X), Mads Pedersen (Lidl), eta Pablo Castrillo eta Raul Garcia Pierna (Movistar). 23 txirrindulari izan dituzte atzetik jarraika, eta tarte batez, hogei segundo ingurura hurbildu zaizkie. Bigarren multzoan zen Ion Izagirre (Cofidis). Ez dituzte harrapatu aurrekoak, ordea.

Paret-Pentrek buruan igaro ditu lehen mendateak, mendiko sailkapenean sendotzeko asmoz. Eta are baliotsuagoak izan dira Pedersenek erregulartasunaren sailkapenari begira batu dituen puntuak. Pedersen ondo izerdituta iritsi da tarteko helmugara, hiru mendate igaro eta gero. Jasper Philipsen (Alpecin) hurbildu egin zitzaion bezperan, baina elastiko berdea lortzeko lehia ia erabakita geratu da gaur.  

Goiz hasi dira erasoak lasterketa buruko hamalau txirrindularien artean. Jorgensoni ez zitzaion komeni Orcieres-Merlettera eskalatzailerik onenekin batera iristea, eta oldarkor jokatu du. Nolanahi ere, ezin izan du ihesaldia nahi bezainbeste sakabanatu. Carapaz adi ibili da beti. Horiek horrela, sei txirrindulari iritsi dira buruan azken mendatearen magalera: Jorgenson bera, Carapaz, Paret-Pentre, Johannessen, Schmid eta Garcia Pierna. Carapazek birritan egin du eraso, eta bigarren saiakera gehiegizkoa izan da haren aurkarientzat. Bakarrik eta ziztu bizian egin ditu etapako azken 3,5 kilometroak. Bere ibilbideko 25. garaipena lortu du helmugan; horietatik bi Tourrean eskuratuak ditu.

Sona handiko helmuga

Alpe D’Huezen amaituko diren bi etapetan lehena izango dute bihar. Gapetik abiatuko dira, eta, 128 kilometro eginda, igoera mitikoan aurkituko dute helmuga. Gogorra izango da hasiera, Bayard eta Noyer igoko baitituzte —Bayard bigarren mailakoa da, eta Noyer lehen mailakoa—. Oso litekeena da mendate horietan osatzea eguneko ihesaldia. Gero, igoerarik gabeko tarte luze bat izango dute, harik eta bidean Ornon agertuko zaien arte. Handik igaro eta segidan, Alpe D’Huez igotzeari ekingo diote. Faboritoek distira egin nahiko dute 21 bihurgune ezagunen igoeran: hamahiru kilometro luze da eta %8,1eko pendiza du. Seguruenik, iheslariei ez diete utziko garaipena lortzen.   

Pogacarrek 4.32ra du Remco Evenepoel (Red Bull), eta 6.51ra Del Toro. Mexikarrak Paul Seixasen (Decathlon) mehatxua du; hogei segundo eskas ateratzen dizkio frantziarrari. Alpe D’Huezen erabakiko da nork beteko duen podiumeko hirugarren postua.  

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA