Txundigarria izan da aurtengo Tourreko azken etapa menditsua. Parisera iritsi bezperan, txirrindulariek zukua atera diete Alpeetako mendateei. Lasterketako saiorik gogorrena izan da, Croix de Fer, Telegraphe, Galibier eta Alpe d’Huez igo baitituzte —azken hori, Sarenne mendatetik—, eta ibilbide bortitz horretan, beste erakustaldi bat egin du Richard Carapazek (Education). Ihesean ibili da, nola ez, eta mendiko sailkapena erabakita uzteaz gain, etapa garaipena eskuratu du; bigarrena du Tour honetan. Amaiera dramatikoa izan du etapak, Carapazek Sepp Kussen (Visma) zoritxarra baliatu baitu helmugan nagusitzeko. Sarennen Kuss izan da indartsuena, baina bi aldiz erori da jaitsieran. Hala, eskura eman dio garaipena Carapazi.
Dena izan du alde ekuadortarrak. Izan ere, hautagaien jokabideak ere mesede egin dio. Tadej Pogacar (UAE) laguntzaile lanetan aritu da gaur, Isaac del Torok (UAE) sailkapen nagusiko hirugarren postuari euts ziezaion. Nahi izan balu, etapa irabaziko zukeen esloveniarrak, baina eskuzabal jokatu du. Hori horrela. Carapazek aukera izan du ihesaldia helmugaraino eramateko. Hori bai, gutxi falta izan zaio faboritoek harrapatu zezaten, Remco Evenepoel (Red Bull) 26 segundo eskasera iritsi baita. Flandriarrak oso amaieran egin du eraso, eta bigarren amaitu du etapa; Kuss hirugarren izan da azkenean.
Pogacar horiz jantziko da bihar Pariseko podiumean. Bosgarrenez lortuko du hori, eta aise nagusitu da oraingoan ere; 6.26ko aldea atera dio Evenepoeli, sailkapeneko bigarrenari. Gaur aldaketa egon zitekeen podiumean, baina Del Torok erraz defendatu du hirugarren tokia. Paul Seixasek (Decathlon) ausart jokatu du, baina ez zeukan nahikoa indar mexikarra azpiratzeko. Pogacar eta Del Toro laugarren eta bosgarren izan dira Alpe d’Huezen, hurrenez hurren, 1.05 galduta. Seixasek, berriz, hamargarren amaitu du etapa, 2.55era.
Bezperan, Juan Ayuso (Lidl) jota iritsi zen Alpe d’Huezeko helmugara. Halere, borrokarako gogoa izan du gaur, eta ihes egin du Croix de Fer mendatean. Goi-mailako beste eskalatzaile batzuk batu zaizkio tropeletik hanka egin dutenen multzoan. Mads Pedersen (Lidl) ez da igotzailea, baina ahalegin handia egin du eguneko lehen igoeran, geroago tarteko helmugako puntuak patrikaratu, eta maillot berdearen lehia erabakita uzteko.
Ayusok kolokan jarri du Lenny Martinezen (Bahrain) zazpigarren postua sailkapen nagusian, eta horrenbestez, Bahrain taldeak lanean aritu behar izan du tropelean. Ihesaldiak, halere, bost minututik gorako aldea hartu du Galibierren gora. Carapaz gailurretik bost kilometrora oldartu da, helmugarako artean 65 kilometro geratzen zirela. Eutsi egin diote Sepp Kussek (Visma), Jai Hindleyk (Red Bull) eta Matthew Riccitellok (Decathlon), eta tontorretik igaro ostean, Ayuso ere lasterketa burura iritsi da. Riccitello, ordea, atzean geratu da jaitsieran.
Liderra, langile lanetan
Era berean, lanerako atorra jantzi du Pogacarrek, eta guztiz aletu da tropela. Onenek iraun dute bakarrik esloveniarraren gurpilean. Del Toro, hasiera batean, nahiko estu izan da. Sarennen, ordea, Seixas izan da sufritu duena, eta Ayusoren saiakera ezerezean geratu da. Kussek, era berean, atzean utzi ditu iheskideak; tontorrean, 18 segundora zuen Carapaz. Presak eta nekeak eraginda, bi aldiz erori da, eta amildegian behera joango zen bide ertzean sarea egon izan ez balitz. Aurreratu egin du Carapazek, baita, beranduago, Evenepoelek ere. Pogacarrek eta Del Torok, beren aldetik, bien arrakasta ospatuz zeharkatu dute helmuga.
Biharkoa ospakizun eguna baino gehiago izan daiteke Pogacarrentzat, Montmartreko igoeran lasterketa apurtu bailezake. Iaz, gertu izan zuen garaipena Eliseo Zelaietan. Ibilbidea 89 kilometrora laburtu behar izan dute, segurtasun arrazoiengatik.