Euskal Herriko atletismoa gutxitan nabarmendu da abiaduran. Emaitzarik onenak distantzia luzeagoan lortu izan ditu. Baina joera hori aldatzen ari da, eta abiaduran nabarmentzen ari diren atletak azaltzen ari dira harrobian. Carla Agirre horietako bat da (Iruñea, 2007). 20 eta 23 urtez azpiko Nafarroako markak ditu 60 metrokoan (7.39) eta 100 metrokoan (11.78). Gainera, 4x100eko txandakako mistoan 100 metroko munduko marka ezarri du Espainiako selekzioarekin. Erreleboan zen Ander Garaiar oiartzuarra ere. «Azken bi urteetan asko hobetu dut. Nik neuk ez nuen espero halakorik. Baina batez ere 100 metrokoan badut zer hobetua», adierazi du Agirrek.
«Berandu» hasi zen atletismoan. «13 urterekin hasi nintzen. Ordu arte igeriketa egiten nuen, baina aspertu egiten nintzen». Eskolan antolatu zuten lasterketa baten ostean, kirolez aldatzea erabaki zuen: «Diziplina desberdinak probatu nituen, baina abiadurak kateatu egin ninduen. Gainera, bizkor korritzen nuela ikusten nuen». Hala, Valdizarbe Gana klubaren eskolan hasi zen entrenatzen. Eta orain bi urte, gazte mailetan lehiatzen hasi zen: 20 eta 23 urtez azpikoetan, Ivan Marco entrenatzailearen eskutik.
Azken bi urteetan izan duen bilakaera eta hobekuntza «naturaltasunez» darama: «Batzuetan kostatu egiten zait lortzen ari naizena barneratzea. Baina ez naiz urduri jartzen diren horietakoa. Horrek asko laguntzen dit. Nahiz eta asko hobetu dudan, lehen bezala heltzen diet lasterketei. Zorionez, gainera, ez dut lesiorik izan». Lasaia izateaz gain, argi du zein den bere beste indargunea: «Oso indartsu eta bizkor ateratzen naiz. Horri esker, lehen 30 metroetan abantaila handia lortzen dut, eta, hala, marka onak lortzen ditut».
Baina hobetzen jarraitzea baino ez du buruan, eta horri erreparatu dio berehala: «Kosta egiten zait abiadurari eustea. Hori dela eta, hobeto moldatzen naiz 60 metrokoan. 100 metrokoa luzeegi egiten zait». 60 metrokoa abiapuntu hartuta, lanean ari dira 100 metrokoan hobetzeko: «Teknikoki aldaketa txiki batzuk egiten ari gara. Adibidez, oinkada luzeago egiten saiatzen ari naiz, oinarekin lurra indar handiagoz zanpatuz. Horri esker, indartsuago eta energia handiagoz amaitzen dut 60 metrokoa, eta 100 metrokorako balio izatea espero dut». Lasterketak hain bizkorrak izanda teknika «automatizatu» egin behar duela nabarmendu: «Korrika ari zarenean, ez dizu denbora ematen horretan pentsatzeko, eta teknika barneratuta ez badaukazu, akatsak egiten dituzu».
«Oinkada luzeago egiten saiatzen ari naiz, oinarekin lurra indar handiagoz zanpatuz. Horri esker, indartsuago eta energia handiagoz amaitzen dut 60 metrokoa, eta 100 metrokorako balio izatea espero dut»
CARLA AGIRRE Atleta
Fisikoki ere lan handia egiten ari dira. «Indarra asko ari gara lantzen. Pisuekin lan handia egiten ari gara, giharrak indartzeko. Kilo asko jasotzeari baino gehiago, bizkor egiteari ematen diogu lehentasuna. Horri esker, pixkanaka giharrak gero eta sendoago ditut. Hori ezinbestekoa da minik ez hartzeko». Lesioak saihesteko beste bi gako ere aipatu ditu: elikadura eta atsedena. Elikadura zaintzeko, dietista bat dauka: «Iaz hasi nintzen harekin lanean, eta asko laguntzen dit. Ez dut dieta zorrotz bat egiten, baizik eta lasterketa bezperetan eta egunean bertan zer jan esaten dit». Proba egunean ondo zehaztua behar izaten du hori, normalean sailkapen probak goizez izaten baitira, eta finalak arratsaldez: «Halakoetan, eguerdian pasta eta proteina barazkiekin jaten ditut». Bestalde, ura edatea ere «oso garrantzitsua» dela azaldu du. «Lehen ez nuen apenas edaten». Atsedenari dagokionez, zera azaldu du: «Asteburuan beti hartzen dut egun bat, eta lasterketen bezperan ere etxean egon ohi naiz, lasai».
Agirrek honela bizi izan zuen munduko marka ezarri zuten lasterketa: «Ezustea izan zen marka lortzea, hiru egun lehenago abisatu baitziguten proba hori korrituko zela. Ondo ari ginen entrenatzen, eta denbora ona egiteko asmoa genuen; baina ez halako marka bat ezartzekoa. Izugarri disfrutatu genuen. Ni laugarrena nintzen erreleboan, eta aukera izan nuen nire taldekideen jarduna ikusteko. Baina mistoan gauzak zailagoak dira, gizonezkoak azkarrago baitatoz. Urduri nengoen apur bat. Baina neure burua ondo ikusi nuen, nahiz eta denboraldi honetan 100 metrokoa apenas prestatu dugun, 60 metrokoan aritu bainaiz».
Entrenatzailearen begietatik
Marcok 2024ko irailetik darama harekin lanean. «Gurekin lanean hasi eta sei bat astera, proba batzuk egin genizkion denboraldia antolatzeko. Emaitza ikaragarriak lortu zituen, batez ere 60 metrokoan. Baina proba hori neguan bakarrik korritzen da, pista estalian. Hori dela eta, urte osoko egutegia izateko 100 metrokoa ere lantzen hasi ginen. Indar handia dauka giharretan, eta oinkadaren maiztasun ikaragarria. Onena, gainera, zera da: berezkoa duela». Orain maiztasun hori denbora luzeagoan eusteko ari dira lanean, 100 metrokoan hobeto aritzeko. «Besteak beste, lanketa egiten ari gara orkatilak indartzeko».
Agirre «oso diziplinatua» da: «Oso serio hartzen ditu gauzak, eta beti gogotsu dator entrenatzera. Erizaintza ikasten ari da, eta bikain uztartzen ditu ikasketak eta kirola». Gainera, ondo darama kronometroaren menpe egon beharra: «Nahi edo ez, guk kronometroarekin egiten dugu lan, eta hori barneratua du. Nik beti esaten dut entrenatu bezala egiten dela korrika; hori dela eta, lan saioetan ere oso presente dugu kronometroa. Horrek lagundu egin dio presio txikiagoa izaten».
«Oso serio hartzen ditu gauzak, eta beti gogotsu dator entrenatzera. Erizaintza ikasten ari da, eta bikain uztartzen ditu ikasketak eta kirola»
IVAN MARCO Carla Agirreren entrenatzailea
Etorkizunean maila absolutuan lehiatu daitekeela uste du: «2-3 urte barru posible izan daiteke. Horretarako, abiadura maximoa hobetu beharko du». Egun goronean daudenek orduko 36 kilometroan egiten dute korri, eta Agirrek, 35ean.
Lau EUSKAL ATLETA ARITUKO DIRA munduko txapelketan
Bihartik igandera bitarte jokatuko da Poloniako Torun hirian Pista Estaliko Munduko Atletismo Txapelketa, eta bertan Euskal Herriko lau atleta lehiatuko dira: Asier Martinez, Irati Mitxelena eta Markel Fernandez Espainiarekin, eta John Cabang Filipekin.
Martinez eta Cabang 60 metroko hesietan arituko dira, Mitxelena luzera jauzian eta Fernandez 400 metrokoan eta 4X400 errelebo mistoan. Lauak arituak dira aurretik Munduko Txapelketetan.