Castroviejo eta Oiarbide Espainiako txapeldun erlojupeko proban

Hasi eta buka menderatu dute lasterketa, eta aise irabazi dute. Mikel Landa bigarren izan da, eta Tourrari sasoiko ekingo dio

ainara arratibel gascon
2017ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Euskal txirrindulariek erakustaldia eman zuten atzo erlojupekoan, Sorian jokatzen ari diren Espainiako Txapelketan. Gaur eta bihar jokatuko diren errepideko proben zain, hasi dira urreak pilatzen. Jonathan Castroviejo (Movistar) eta Lourdes Oiarbide (Bizkaia) onenak izan ziren bakarkako lanean. Biek hasieratik erakutsi zuten nagusitasuna, eta alde handiz irabazi zuten.

Atzo lortutakoarekin, Castroviejok erlojupeko hirugarren titulua du, 2013an eta 2015ean ere irabazi baitzuen. 2011. urtetik beti izan da podiumean, eta oraingoan ere ez du huts egin. «Arazo teknikoren bat izan dut, eta bizikleta aldatu behar izan dut. Baina neraman aldearekin lehen postuari eutsi egin ahal izan diot. Proba oso gogorra izan da, batez ere beroarengatik».

Castroviejoren eta Ion Izagirreren (Bahrain) arteko lehia espero zen gizonezkoetan. Baina Getxoko txirrindularia nagusi izan zen. Hasi eta buka menderatu zuen proba, eta Tourrari begira sasoiko dagoela erakutsi. 53 minutu eta 36 segundo behar izan zituen probako 44 kilometroak egiteko, eta bera izan zen ondoen egokitu zena ibilbidera.

Ormaiztegikoak, berriz, iazko garaipena berdindu nahi zuen. Baina hasieratik ikusi zen ez zihoala ondo: ez zuen pedal kolpe ona. Lan erditan, jada 34 segundo ateratzen zizkion Castroviejok. Azkenerako zazpigarren sailkatu zen —56.33 denbora egin zuen—, garailearengandik hiru minutu pasatxora. Izagirre estreinakoz ariko da taldeburu gisa Tourrrean, eta ez zuen arriskatu.

Ezustea Mikel Landak (Sky) eman zuen. Landa hobeto moldatzen da aldapan gora erlojupekoetan baino. Atzo, ordea, bikain aritu zen, eta zilarrezko domina eskuratu zuen. Giroko sasoiari eusten dio. Castroviejok baino minutu bat eta zortzi segundo gehiago egin zituen: 54.34. Brontzea Jesus Herradarentzat (Movistar) izan zen. Imanol Erbitik (Movistar) eta Victor de la Partek (Movistar) ere lan txukuna egin zuten. Bosgarren eta seigarren sailkatu ziren.

Emakumezkoen proban, Oiarbidek iazko arantza kendu zuen. «Sasoi guztia neraman honen zain, eta, zorionez, dena ondo atera da», adierazi zuen Oiarbidek. Jakitun zen Mavi Garcia taldekidea izango zuela aurkari nagusi, eta hasieratik estutu zituen hortzak. Pixkanaka joan zen segundoak ateratzen. 28 minutu eta 47 segundoko denbora egin zuen Oiarbidek, eta 34 segundo atera zizkion Garciari. Hirugarren Sheyla Gutierrez izan zen.

Horiek ez ziren euskal ordezkariek lortutako domina bakarra izan. 23 urtez azpiko mailan, erlojupekoan ere bai, Ane Iriarte eta Ziortza Isasi egon ziren podiumeko lehen bi postuetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.