Causeur bai, Pleiss ez

Baskoniak jokalari frantziarra bakarrik aurkeztu ahal izan du, alemaniarrak arazoak izan baititu hegaldiekin

Fabien Causeur, Caja Laboral Baskoniaren elastikoarekin, atzo, Buesa Arenan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Andoni Urbistondo.
2012ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Oso gutxitan gertatzen dena gertatu zen atzo Gasteizen. Caja Laboralek Fabian Causeur eta Tibor Pleiss orain arte fitxatu dituen bi jokalari bakarrak aurkezteko deialdia igorri zien komunikabideei. Aurkezpenean, baina, frantziarra bakarrik azaldu zen. Klubaren azalpena, Pleiss erraldoiak hegaldiekin arazoak izan zituela eta ez zela osasun azterketa egitera eta aurkezpenera garaiz heltzeko gai izan. Ondo bidean, aste honetan aurkeztuko dute. Pleissek, gainera, egun batzuk egingo ditu Euskal Herrian.

Causeurren bisita laburragoa izango da. Frantziarrak Londresko Olinpiar Jokoetan parte hartuko du, eta selekzioak egonaldiak egiten hasiak dira, txapelketa hori hasteko hiru aste eskas falta baitira. Aurkezpenaren hasieran, lanerako grinaz hitz egiteko baliatu zuen jokalariak: «Ivanovic entrenatzaile izatea garrantzitsua da niretzat. Gazteok akuilu on bat behar izaten dugu ez erosotzeko, eta Ivanovicekin nire bilakaera ona izango dela uste dut».

Causeurrek 29 zenbakia eramango du elastikoan. 25 urte ditu, eta lau urterako kontratua sinatu du. Eskolta postuan jokatzen du, baina joko antolatzaile lanean ere aritua da. Europa osoko harribitxietako bat da, aditu askoren ahotan, eta bukatu berri den denboraldian lortu dituen emaitza onek iritzi hori berresten dute: hamasei puntu partidako, Cholet taldearekin. Bere jokoko alor indartsuenak nabarmentzeko eskatu zioten, eta apal antzean, bota zuen baloia igotzen eta bere parekoak zorrotz zaintzen moldatzen dela ondoen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.