Bihar hasiko da Frantziako Tourra, Bartzelonan, eta proba hori hasi bezperan iragarri du ofizialki Chris Froomek (Nairobi, 1985) erretiroa hartu duela. Txirrindulari britainiarra talderik gabe zegoen, Israel taldeak ez baitzion iaz kontratua berritu. Aspaldi lehiatu gabe zegoen, iazko urritik, Poloniako Itzulian aritu zenetik. Hala ere, ez zuen iragarri erretiroa hartua zegoela. Gaur arte. Gaur jakinarazi du, eta bukatutzat eman du bere kirol ibilbidea.
Froome inoizko txirrindulari onenetako bat izan da. Haren palmaresari erreparatu besterik ez dago. Zortzi txirrindularik baino ez dituzte irabazi hiru itzuli handiak, Frantziako Tourra, Italiako Giroa eta Espainiako Vuelta, eta hura haietako bat da. Lautan nagusitu zen Tourrean —2013an, 2015ean, 2016an eta 2017an—, bitan Vueltan —2011n eta 2017an—, eta behin Giroan —2018an—. Beste zazpi txirrindularik baino ez dituzte irabazi hiru itzuli handiak: Jacques Anquetilek, Felice Gimondik, Eddy Merckxek, Bernard Hinaultek, Alberto Contadorrek, Vincenzo Nibalik eta Jonas Vingegaardek. Froomek zazpi itzuli handi irabazi ditu. Merckxek, Hinaultek eta Anquetilek baino ez dituzte irabazi gehiago: Merckxek 11, Hinaultek hamar, eta Anquetilek zortzi. Froome Fausto Coppirekin, Miguel Indurainekin eta Contadorrekin berdinduta dago.
Froome hemeretzi urtez lehiatu da profesionaletan: 2007an egin zuen debuta, Konica Minolta talde apalarekin, eta iaz lehiatu zen azkenekoz, Israel taldearekin. Lehen lau urteetan ez zuen ezer aipagarririk egin. Baina 2011n, Bradley Wiggins Skyko taldeburuari laguntzera joan zen Vueltara, eta hura baino hobeto aritu zen. Bigarren sailkatu zen, eta Wiggins, hirugarren. Juanjo Cobok irabazi zuen Vuelta, baina, zortzi urte geroago, Vuelta hori irabazitzat eman zioten Froomeri, Cobo dopinagatik zigortu baitzuten. Vuelta hartan egin zen ezagun Froome.
2012tik 2018ra, berriz, distiraz bete zuen haren izena. Garai hartan lortu zituen garaipenik garrantzitsuenak: beste sei itzuli handi irabazi zituen, eta lautan igo zen podiumera. 2019. urtea, ordea, mugarri izan zen haren kirol ibilbidean. Tourra prestatzeko asmoz, Dauphinen aritzeko eman zuen izena, eta, lehen etapa prestatzen ari zela, istripu larria izan zuen. Erori egin zen abiadura bizian zihoala, eta lesio larriak izan zituen: eskuin femurra, eskuin ukondoa eta hainbat saihets hautsi zituen. Ez zen gehiago aritu denboraldi hartan, eta zortzi hilabete geroago itzuli zen lehiara. Baina orduz geroztik ezinean aritu da. 2020an kontratu ederra sinatu zuen Israelekin, baina ezertxo ere ez zuen egin talde horretan aritu zen bost urteetan. Hauxe du emaitzarik onena azken urteetan: 2022ko Tourrean, hirugarren izan zen Alpe d’Huezen amaitu zen etapan. Haren gainbeheraren erakusle da.Â