DERBIA LEHEN MAILAN. Mariasun Quiñones. Realeko atezaina

«Dagoeneko egin dugu epaile lana, Atletico Madrili etxean irabazita»

JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
2016ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Realean bigarren denboraldia betetzerako, atepean sendotu da Mariasun Quiñones (Hondarribia, Gipuzkoa, 1996). Ziur dago Athletic estu hartzeko gai direla.

2014ko udan iritsi zinen Realera, 17 urterekin, eta erabateko konfiantza eman dizu Igor San Miguelek. Oso azkar doa dena.

Azkar samar doa, bai. Hutsetik hasi gara Igor San Miguelekin, eta lan onaren ondorioa izango da hainbeste partida jokatzea. Eskertzekoa da aukera ematea.

Transportes Alcaineri 4-2 irabazita, esku-eskura daukazue laugarren postua. Jabetu al zarete egiten ari zaretenaz?

Bai, bai. Aurreko denboraldian taldean geundenok badakigu gauzak nola aldatu diren, baina lanean jarraitu beharra daukagu.

19 urte dauzkazu oraindik. Zer daukazu hobetzeko atepean?

Atezain izanda, gauza asko. Baina hankekin dezente hobetu dezakedala uste dut. Esperientziak lagunduko dit gero egoera desberdinetan hartu beharreko erabakiak hartzen.

27 gol sartu dizkizuete 26 partidatan, gol bat pasatxo partidako. Oso datu onak dira.

Oso onak dira, bai. Atzeko sendotasunean ere pauso handia eman dugu denboraldi honetan, eta ea hurrengoa are sasoi hobea den.

Ligako epaileak izan zaitezkete. Athleticen aurka jokatuko duzue gaur, eta Bartzelonaren aurka hurrengo asteburuan.

Bai... Baina dagoeneko egin dugu epaile lana, Atletico Madrili etxean irabazita [1-0]. Ligako lehiatik kanpo utzi genuen, eta partida gogorrak dauzkagu bi asteotan ere. Guretzat gogorrak dira, baina eurentzat are gogorragoak, titulua daukatelako jokoan. Baina beste taldeei begiratu gabe, gurea egin behar dugu guk.

Lehen itzulian ilusioz gainezka joan zineten Lezamara, baina astindua jaso zenuten (5-0)...

Oso bolada onean iritsi ginen Athleticen aurkako partidara, baina lehen zatiko azken minutuan sartu ziguten gola, eta kolpea izan zen. Baina beste aukera bat daukagu orain Athletici irabazteko.

Non dauka arriskua Athleticek? Irabazi egin ditu etxetik kanpoko hamabi partidetatik hamar.

Non ez dauka! Talde gisa jokatzen du, hutsunerik gabe. Oso jokalari onak dauzka zelai erdian, eta zer esanik ez aurrealdean. Atzetik lasaitasunez ateratzen dute baloia, eta atezain bikaina daukate atepean. 11 gol bakarrik sartu dizkiete, eta oso gutxi da hori. Oso zaila da Athletici gola sartzea, baina...

Zuek ere bi partida soilik galdu dituzue etxean, Bartzelona (0-3) eta Valentziaren aurka (0-1).

Hala da, bai. Eroso jokatzen dugu etxean, oso gogotsu.

Ligako lanak amaitu ondoren, zuentzat inoiz baino helburu argiagoa da Kopa?

Ez dakit... Helburu argirik gabe ekin genion denboraldiari, baina zergatik ez! Kopan maila ona eman nahi dugu, erakutsi dugulako talderik onenak estutzeko gai garela.

Derbirako emaitza bat?

Golik jaso gabekoren bat: 1-0.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.