Espainiako Vuelta

Dainesek irabazi du Vueltako etapa, erorikoa saihestuta

Alberto Dainesek irabazi du Espainiako Vueltako hemeretzigarren etapa, esprintean. Azken kilometroan eroriko bat izan da, eta tropel txiki batek lehiatu du etapa garaipena

Alberto Dainese. MANU BRUQUE/ EFE
Beñat Mujika Telleria.
2023ko irailaren 15a
17:43
Entzun

Gaur zuten tropeleko txirrindulari azkarrenek helmugan besoak altxatzeko azken aurreko aukera, eta ez diote ihesaldiari aurrera egiten utzi. Nahi horrek askotan mugimendu desegokiak egitera eramaten ditu txirrindulariak, eta horrelako batean eroriko itsusi bat gertatu da azken kilometroan. Hori dela eta, tropel txiki batek jokatu du garaipena, eta hor nagusitu da Alberto Dainese (DSM). Taldeburuak elkarrekin helmugaratu dira.

Lau ziklista sartu dira eguneko ihesaldian: Clement Davy (Groupama), Paul Lapeira (Ag2r), Mathis Le Berre (Arkea) eta Michal Schlegel (Caja Rural). Etapa hasi eta berehala sortu da ihesaldia, baina helmugatik 40 kilometro ingurura irentsi ditu tropelak. Esprinterrentzako eguna zen, eta tropela ez zegoen txantxetarako. Gehienez bi minutuko aldea izan dute iheskideek, eta ez dute biderik egin. Azken kilometroetan Movistar eta Ineos jarri dira tropelaren buruan, eta haiek hartu dute beregain tropelari azken estutua emateko erantzukizuna.  Azken unean aurrera egiten saiatu dira Education Firstekoak, eta hor gertatu da erorikoa. Lurrera jausi dira zenbait txirrindulari, baina ez da zauritu larririk izan.

Esprinta Filippo Gannak (INEOS) abiatu du, baina luzeegia egin zaio helmugarainoko bidea. Ivan Garcia Cortinak (Movistar) ezin izan dio aurre hartu, baina italiarra baino azkarrago aritu da Dainese. Bihar izango dute mendiko azken etapa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.