Biek zuten eskura sailkatzea, eta baita lortu ere. Unai Laso eta Dario Gomez Buruz Buruko Txapelketako finalerdietan izango dira. Baina elkarren aurka gaur Donostian jokatu duten partida ikusita —Lasok 22-14 irabazi dio Dariori—, modu desberdinean ariko dira, eta orain arte txapelketan izan duten bilakaera aldatuta. Binaka txapeldun izan eta gero, kostata ari zen Laso. Galduz gero, eta bihar Jokin Altunak irabazi, kanpoan zen. Garaipenak baino ez zion balio. Helburua bete du, eta oso itxura ona emanda, gainera. Aurreko partidatik izan dituen bi asteak baliagarriak suertatu zaizkio binakakoan erakutsi zuen sasoia berreskuratzeko. Fresko aritu da, pilota ondo mugituz, batez ere eskuinez. Nahiz eta 0-11ko partzial bat jaso eta gero apur bat korapilatu egin zaion norgehiagoka. Dario txapelketa ikusgarria egiten ari zen, Aitor Elordiri, Erik Jakari eta Jokin Altunari nagusitasunez irabazita. Gaur, ordea, lotuta eta kontrakarrean jokatu du. Presaka jardun du, eta eskuinez ezin min eginda. Gaurko neurketarekin, txapelketatik kanpo geratu da egungo txapelduna, Altuna III.a.Â
Lasok irabazi beharra zuen, eta partidaren aginte makila izateko asmoz kantxaratu da, ideiak argi zituela. Berehala lortu du: 8-0 aurreratu baita. Zortzi tanto horietatik hiru sakez egin ditu. Bizkarreta-Gerendiaingoari txinpartaz antzeman zaio hasieratik. Ikusgarria izan da egin duen seigarren tantoa. Hirugarren koadrotik gertu gantxoz jo du pilota, eta zabalera bidali du. Aurkaria hain nagusi ikusita, Dariok etena eskatu du. Kosta egin zaio erritmoa hartzea, eta, aurreko neurketetan ez bezala, eskuinez ez du minik egin. Gozatu ezinik jardun du.Â
Horren erakusle izan da lortu duen lehen tantoa, huts bat eginda lortu baitu. Ez du ondo jo pilota, baina txokoan utzi du, eta Lasok ezin izan du eraman: 8-1. Hala ere, urduri, presaka eta lotuta jokatzen jarraitu du, eta akatsak eginez. Horrenbestez, Laso errenta handiarekin ailegatu da etenera: 12-1.Â
Alde hori eduki arren, ekinean jarraitu du Lasok. Eskuinez bikain atzeratu du pilota. Lasoren hamahirugarren tantoan izan da ordu arteko piloteorik luzeena: 23 pilotakada jo dituzte. Dariok sakez egin du bere bigarren tantoa. Baina alferrik. Hurrengo tantoak ere Lasok lortu ditu: 17-2. Orduan esnatu da apur bat Dario, bost tanto lortu baititu segidan: 17-10. Sakez asmatzen hasi da, eta gantxoz ere pare bat tanto egin ditu. Bolada hori eteteko asmoz, atsedena eskatu du Lasok. Baina hurrengo sei tantoak ere Aspeko pilotariak egin ditu, Dariok. Hala, lau tantora jarri da: 17-13.
Lasori korapilatzen ari zitzaion partida, eta bazirudien Dariok ez zuela horren urruti emaitza iraultzeko aukera. Baina ez da hala gertatu. Izan ere, hurrengo tantoa gerora garaile izan denak egin du. Dejadaz egin du, pilota txapatik gertu utzita. Gainera, ondoko tantoan Dariok gora bidali du pilota. Errioxarrari patxada falta izan zaio momentu horietan. Azkenerako, atzera ondo luzatutako pilota batekin lortu du garaipena Lasok.Â
Partida amaieran «oso pozik» zen: «Buruz batez ere oso partida gogorra zen, irabazi beharra nuelako. Lehen zatian ondo aritu naiz, gero apur bat nekatu naiz, eta bigarrenean gehiago kostatu zait. Buruari buelta asko eman dizkiot, baina lanean jarraitu dut, eta irabaztea lortu dut». Triste zegoen Dario: «Sentipen onekin nentorren, baina gaur ez naiz batere ondo aritu. Unairen meritua ere bada hori. Gerturatu naizenean, gainera, ez dut aprobetxatu».
Bihar jokatuko dute multzoko azken partida Altuna III.ak eta Jakak, Legazpin (ETB1, 18:00). Biak txapelketatik kanpo daude. Baina biharko emaitzak erabakiko du zein izango den multzoko lehena. Altuna III.ak irabazten badu, Dario izango da; Jakak irabazten badu, berriz, Laso.Â
Â