Demi Volleringek irabazi du Munduko Txapelketa, esprintean

Bigarren Niewiadoma izan da, eta hirugarren, Longo Borghini. Ikusgarriak izan dira azken 38 kilometroak. Herbehereetako txirrindulariak Munduko Txapelketa falta zuen garaipen zerrendan.

Demi Vollering. UCI
Demi Vollering garaipena ospatzen. UCI
ainara arratibel gascon
2026ko irailaren 26a
20:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Giroa eta Tourra irabazi ostean, denboraldia amaitzeko helburu handi bat zuen Demi Vollering txirrindulariak (Herbehereak): errepideko munduko txapeldun izatea. Azken denboraldietan tropeleko txirrindulari indartsuena izan da, baina ortzadar maillota falta zuen; eta gaur lortu du, Montrealen (Quebec). Hala biribildu du denboraldia. Ikusgarriak izan ziren Giroa eta Tourra, eta halakoxea izan da gaur ere errepideko Munduko Txapelketa; batez ere azken 38 kilometroak. Beste behin buruz buruko ederra izan dute Volleringek eta Niewiadomak, eta oraingoan ere herbeheretarra nagusitu da, esprintean. Bere selekzioak lasterketa osoan egin duen indar erakustaldia biribildu du FDJko txirrindulariak. Poloniarrak eskuratu du zilarrezko domina. Hirugarren, berriz Elisa Longo Borghini (Italia) ailegatu da, eta harentzat izan da brontzea. 

Txirrindulariek 180 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute; desnibela, berriz, 2.500 metrokoa izan da. Mont Royal parkeko zirkuitua izan da lasterketaren ardatza. Txirrindulariek zortzi bira eman behar izan dizkiote, eta helmugara iritsi aurretik bazuten min egiteko aldapa bat. Ortzadar elastikoa janzteko faborito nagusia Vollering zen. Hauek ziren garaipena lortzeko aipatzen ziren beste hautagaietako batzuk: Lotte Kopecky flandriarra (Belgika), Longo Borghini, Niewiadoma eta Paula Blasi kataluniarra (Espainia). Irteera arrastoan izan da baita ere Magdalena Vallieres (Kanada). Iaz ustekabean irabazi zuen Munduko Txapelketa, eta gaurkoan etxeko zaleen babesa zuen. 

25. kilometroan osatu da bidea egitea lortu duen ihesaldia, helmugarako 156 kilometro falta zirenean. Lau txirrindulariz osatuta egon da: Marte Berg Edseth (Norvegia), Natalie Quinn (AEBak), Beatriz Roxo (Portugal) eta Gergana Stoyanova (Bulgaria). Berehala lortu dute minututik gorako aldea. Tropelaren lehen tokietan, berriz, laranja kolorea izan da nagusi: Herbehereetako selekzioaren txirrindularien elastikoarena. Kontrolpean eduki nahi izan dute lasterketa hasieratik, eta lortu dute.

Haiek baimenduta, iheslariak aldea handituz joan dira. Lasterketa amaitzeko 126 kilometro falta zirenean, 3.30eko aldea zuten. Baina zirkuituari lehen itzulia eman aurreko aurreneko igoeran, Roxo eta Stoyanova atzean geratzen hasi dira. Edseth eta Quinn bakarrik geratu dira aurrean, eta pixkanaka atzetik aldea murriztuz joan dira.

(ID_17904525075075) (/EZEZAGUNA)
Niewiadoma, Vollering eta Longo Borghini podiumean. UCI

Lasterketa esperotako bilakaera izaten ari ziren. Baina, amaitzeko 95 kilometro falta zirenean, tropelaren atzealdeko partean, erorikoa izan da. Hamabost bat txirrindulari joan dira lurrera. Tartean Blasi, Vallieres eta Kate Courtney (AEB). Txirrindulari horietako batzuek lasterketa utzi dute; beste batzuek, berriz, denbora dezente galdu dute. 

Handik 20 bat kilometroa harrapatu dituzte bi iheslariak. Tropela batu egin da. Hurrengo kilometroetan ihesaldi ahaleginak izan dira berriro ere, baina hutsalak izan dira. Herbehereetako txirrindulariek gehiago estutu dute, eta, Riejanne Markusek jarritako erritmoa tarteko, tropela mehetu egin da, lasterkarietako asko atzean geratu baitira. 

Volleringen saiakera, ordea, ez da hutsala izan. 38,5 falta zirenean jo du aurrera irabazteko faborito zen txirrindulariak. Hortxe piztu da lasterketa. Aurretik zihoan Maeva Squiban (Frantzia). Lasterketa mugitzen ahalegintzen ari zen Frantziako selekzioa, baina Volleringek handik gutxira utzi du atzean Squiban. Segidan,  zazpi txirrindulariz osatutako multzo bat zetorren, eta bertan ziren, besteak beste, Longo Borghini, Niewiadoma, eta erlojuaren aurka txapeldun izan zen Marlen Reusser (Suitza).

Ikusgarria izan da lasterketa amaiera. Reusser atzean geratu da, Juliette Berthetekin (Frantzia), eta Volleringek, Niewiadomak eta Longo Borghinik garaipenaren bila jo dute. Italiarra izan da ahalegintzen aurrena, eta segundo batzuen aldea lortu du, baina Volleringek estutu egin du. Gurpilean itsatsi zaio Niewiadoma. Azkenerako, harrapatu egin dute Longo Borghini, eta biek egin dute aurrera. Helmugara ailegatzeko hamar kilometro falta zirenean, bost segundoren aldea zuten.  

Italiarrak hortzak estutu ditu, eta saiatu da haiengana iristen, baina ez du lortu, eta azkenerako nahiago izan du brontzezko domina ziurtatu. Niewiadomak apenas eman dion erreleborik Volleringi. Lau kilometro falta zirenean baino ez du izan aukera.

Niewiadomak arriskatu beharra zuen, eta mugimenduren bat egin. Izan ere, Vollering bizkorragoa da. Baina behin bakarrik saiatu da, lau kilometro falta zirenean. Estu zegoen indarrez. Hala ere, 300 metro falta zirenean esprinta jo du Niewiadomak, baina Vollering ez du pasatu ere egin. Herbeheretarra nagusitasunez gailendu da, eta gaur egun tropeleko txirrindulari indartsuena dela berretsi du. Ederra izan da ikuskizuna. Ez dira aparte izan Longo Borghini eta Berthet.

Evenepoel faborito

Bihar jokatuko da gizonezkoen errepideko lasterketa. 273 kilometro izango dira guztira, eta bira bakoitzean hiru aldapa gaindituko dituzte, Camilien-Houde, Polytechnique eta Pagnuelo, 3.800 metroko desnibela pilatzeraino. Hamabi bira emango dizkiote zirkuituari. Tadej Pogacar (Eslovenia) ez da bertan izango, Espainiako Vueltan erori egin baitzen. Gaur bertan bideo bat jarri du bere sare sozialetan, ortzadar maillot batekin entrenatzen. Baina ez da garaiz osatu. 

Hala, hura gabe, txapeldun berria nor izango den argituko da bihar Remco Evenepoel flandriarrak urrezkoa kolkoratu berri du erlojuaren aurka, Belgikako selekzioarekin. Sasoi betean dago, eta baliteke ibilbidea egokia izatea harentzat. Beste hautagai nagusiak bi multzotan bana daitezke. Alde batetik, igotzaileak daude, Isaac del Toro (Mexiko) eta Paul Seixas (Frantzia); eta, bestetik, Wout van Aert flandriarra (Belgika) eta Mathieu van der Poel (Herbehereak) ere hautagaitzat jo beharrekoak dira. Astunagoak dira Seixas eta Del Tororen aldean, baina agian gai izango dira Montrealgo aldapak gainditzeko. Errepidean argituko da dena.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA