Belaunaldiak konektatzeko, atzera begiratzeko eta euskal gizartearen balioak berresteko partida bat. Palestinaren aurkako iazko partida arrakastatsuaren ondoren, euskal selekzioak San Mameseko zelaia zapalduko du berriz ere azaroaren 14an, 20:00etan (ETB1). Oraingoan, ordea, aurkaria eta helburua desberdinak izango dira. Elastiko berdedunek Venezuelaren aurka jokatuko dute, lehen Eusko Jaurlaritza osatu zeneko 90. urteurrena ospatzeko. Sarrerak gaur arratsaldean jarriko dituzte salgai.
Urriaren 20an iragarri zuten partida jokatuko zutela, eta gaur egin dute aurkezpena, Bilboko Carlton hotelean. Ekitaldian egon dira Iker Goñi Euskal Futbol Federazioko presidentea, Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordea, Glenna del Valle Cabello Venezuelako kontsula, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako kirol zuzendaria, eta Jose Angel Iribar, Xabi Prieto eta Mikel Labaka futbolari ohiak —Labaka selekzioko bigarren entrenatzailea ere bada—. Aurkezpenean, etorkizunera begiratu dute, eta mamitzen jarraitu nahi duten euskal selekzio horren balioak nabarmendu.
Sarrerak futbol federazioaren webgunean egongo dira salgai gaur arratsaldetik aurrera: https://www.euskadifutbol.eus. Publiko orokorrarentzat 30 euroan salduko dituzte, kudeaketa gastuak kontuan izan gabe. Zale taldeak eta familiak erakartzeko asmoarekin, deskontuak egingo dituzte bosgarren sarreratik aurrera. 25 pertsona edo gehiagoko taldeak ere federazioarekin kontaktuan jarri ahalko dira deskontuak izateko. Gainera, BERRIAlagunek %25eko deskontua izango dute erosketa prezioan, hau da, 22,5 euroan erosi ahal izango dute sarrera bakoitza. BERRIAlagun bakoitzak gehienez zortzi sarrera erosi ahalko ditu, eta sarrerok beheko harmaila nagusirako eta beheko ekialdeko harmaila nagusirako izango dira. Horrekin batera, BERRIAk bere komunitatean zozketatzeko sarrerak izango ditu.
Partidak, bestalde, lotura zuzena du Euskal Herriaren historiarekin, baita Jose Antonio Agirre Eusko Jaurlaritzako lehendakariarekin ere. Izan ere, Agirre bera futbolaria izan zen, baita euskal selekzioaren bultzatzaile ere. «Euskal selekzioa Euskadiren ahotsa eta irudia munduan zehar zabaltzeko tresna izan zen», kontatu du Ibone Bengoetxea Eusko Jaurlaritzako lehendakariordeak. Izan ere, euskal selekzioa 1937an sortu zen, Euzkadi izenarekin, eta gerra garaian eta erbestealdian bira bat egin zuen Europako eta Ameriketako hainbat herrialdetan. «Bizirik irauteko eta entzuna izateko nahia zuen herri baten ahotsa eraman zuen, eta kirol diplomaziako tresna bat izan zen», azaldu du.
Aurkaria Venezuela izatea ez dute hausaz erabaki. «Agirre lehendakariak Venezuela bisitatu zuen, tartean Simon Bolivarren hilobia», gogoratu du Iker Goñi Euskal Futbol Federazioko presidenteak. Ez da, ordea, Euskal Herriak Venezuelarekin duen lotura bakarra, 36ko gerrako eta frankismoko garai zailetan euskal herritar askoren harrera herria izan baitzen. «Han aurkitu zuten beste bizimodu bat eraikitzeko aukera, familia sortzeko aukera eta nortasunari eusteko aukera». Horregatik, Euskal Herriaren eta Venezuelaren arteko lotura «oso sakona» da.
Eusko Jaurlaritzarentzat oso garrantzitsua izango da norgehiagoka. «Beti babestu izan ditugu euskal selekzioaren futbol partidak. Baina honek balio berezia izango duela uste dut. Izan ere, ez da beste partida bat, besterik gabe: historia kontatzen duen partida bat da». Bengoetxearen arabera, hiru alderdi ditu ekitaldiak: «kirolaren eta erreibindikazioaren alderdiaz gain, badu alderdi historiko bat ere». Izan ere, partidak aukera ematen du Euskal Herriaren historiari erreparatzeko. «Partidak iraganari begiratzeko aukera ematen du, baina, batez ere, gure memoria kolektiboari begiratzekoa, baita herrialde moduan etorkizunera begiratzekoa ere», nabarmendu du.
Euskal selekzioa euskal herritarrak biltzeko toki izan dadin nahi dute. «Topaketa leku bat izatea nahi dugu, ideia desberdinak dituzten eta gure herria bizi izateko eta ulertzeko hainbat modu dituzten pertsonak batzeko toki bat». Goñiren ustez, euskal selekzioak ahalmena du jendea gauza baten inguruan biltzeko, desberdintasunak alde batera utzita. Horren adibide gisa jarri du Palestinaren aurkako iazko partida. «Topaketa horrek erakutsi zuen futbola ez dela zelaian gertatzen dena soilik; emozioak piztu ahal ditu, eta elkartasuna lortu», nabarmendu du Goñik. Hori da, hain zuzen, etorkizunean mamitu nahi duten euskal selekzioa.
Partidaren bitartez, euskal herritar guztiak batu nahi dituzte. «Euskal gizartea etortzera gonbidatu nahi dugu: futbolzaleak eta ez hain zaleak; euskal selekzioa gertu eduki dutenak, eta lehen aldiz gerturatu nahi dutenak», dei egin du Goñik. Izan ere, azaroaren 14ko partidan San Mameseko harmailan gizartearen aniztasuna ikusaraztea da partidaren helburuetako bat: «90 minutu horietan sentitzea 90 urteren ondoren badagoela gure arteko ezberdintasunen gainetik batzen gaituen zerbait»,.
Laugarren aldia
Goñik berretsi du Jagoba Arrasatek jarraituko duela hautatzaile. Azaroaren 14ko neurketa euskal selekzioa eta Venezuela elkarren aurka arituko diren laugarren aldia izango da. Orain arte, Vinotinto ezizenez ezaguna den selekzioaren aurkako partida guztiak irabazi ditu euskal selekzioak. Lehendabizikoz 2007an jokatu zuten elkarren aurka, San Cristobalen (Venezuela), eta 3-4 nagusitu ziren euskal herritarrak —Joseba Etxeberriak bi gol sartu zituen, Adurizek bat eta Gabilondok beste bat—. Gainontzeko neurketak Euskal Herrian jokatu dituzte. 2010ean, San Mamesen, euskal selekzioak 3-1 irabazi zuen, Gurpegik, Labakak eta Muniainek sartutako golei esker; 2018an, berriz, Mendizorrotzan neurtu zituzten indarrak, eta 4-2 irabazi zuen artean Jose Maria Amorrortuk eta Mikel Etxarrik zuzentzen zuen selekzioak, Ibairen, Bautistaren, Arbillaren eta Elustondoren golei esker.
FIFAk futboleko selekzioen maila neurtzeko duen sailkapenean, 49. postuan dago Venezuela. Sailkapen horretan egon diren azken aldaketetan, bi postu egin ditu beherantz; izan ere, ez zen sailkatu udan AEBetan, Mexikon eta Kanadan jokatu zen Munduko Koparako. Hego Amerikako hamar taldek jokatu zuten sailkapen ligaxka: lehen sei taldeak zuzenean sartu ziren txapelketara, eta zazpigarrenak beste aukera bat izan zuen. Venezuela zortzigarren sailkatu zen, hemezortzi neurketatan hemezortzi puntu lortuta. Jokatu dituen azken hiru partidetatik bi hutsean berdindu ditu —Jordaniaren eta Hego Korearen aurka—, eta hirugarrena 2-1 galdu, Japoniaren aurka; hiru norgehiagokak lagunartekoak izan dira. Oswaldo Vizcarrondok zuzentzen duen selekzioan Realeko bi jokalarik jokatzen dute: Yangel Herrerak eta Jon Mikel Aramburuk.