Futbola

«Denboraldi gorabeheratsua, luzea eta gogorra» izan du Realak

Eizagirrek eta Rodriguezek aitortu dute hasiera ikusita «gehiago» espero zutela. «Asko» ikasi dutela nabarmendu dute bi kapitainek, eta baikor mintzatu dira etorkizunaz.

Nerea Eizagirre eta Lucia Rodriguez, agerraldia baino lehen. GORKA RUBIO / FOKU
Nerea Eizagirre eta Lucia Rodriguez, agerraldia baino lehen. GORKA RUBIO / FOKU
ainara arratibel gascon
Zubieta
2025eko maiatzaren 15a
17:17
Entzun 00:00:0000:00:00

«Zaila, gogorra eta gorabeheratsua». Halakoa izan da Realaren denboraldia, Nerea Eizagirre eta Lucia Rodriguez kapitainek onartu dutenez. Sasoiaren balantzea egin dute biek, igandean Tenerifen azken partida jokatu aurretik. «Denek nahi genuen denboraldia hobea izatea», onartu du Eizagirrek, eta zera erantsi: «Oso ondo hasi genuen denboraldia; beharbada, inork espero gabe. Baina gero gauzak zailduz joan ziren. Bigarren itzulian partida onak ere jokatu ditugu, baina golak sartzea falta izan zaigu, eta  detaile txikiengatik galdu ditugu puntu asko. Azken bi partidak irabazi eta gero, hobeto gabiltza. Asteburu honetan, seigarren postua lortzeko lehiatuko gara», esan du Nerea Eizagirrek. Adierazi du aldi berean «asko» ikasi dutela. Etorkizunari begira ere jarri da. «Klubak eta talde honek hazten jarraitu nahi dute». 

«Josek [Sanchez Verak] lagundu digu egunerokoa beste modu batera ulertzen eta detailerik txikienak zaintzen»

NEREA EIZAGIRRERealeko jokalaria

 Jose Luis Sanchez Vera entrenatzaileak orain aste batzuk iragarri zuen ez duela taldean segituko. Horren inguruan hausnarketa hau egin du: «Joseren eta klubaren erabakia da. Ez genuen espero, baina taldeak gai izan behar du aurrera egiteko. Gauza asko erakutsi dizkigu, eta horri esker datorren denboraldian talde gogorragoa izango gara». Teknikariak erabakiaren berri eman ostean, jokalariei kritikak egin zizkieten sare sozialetan. Besteak beste, mezu horietan esaten zen jokalariek bultzatu zutela entrenatzailea kargua uztera. Ukatu egin zuen hori Sanchez Verak, eta hark esandakoa berretsi du Eizagirrek.  «Nire ustez, kritika gehiegi jasotzen ditugu. Gustatuko litzaiguke babes handiagoa sumatzea. Egia da aste gogorra izan zela, batez ere aldagelan ez genuelako kontatzen zuten hori bizi izan. Josek argi esan zuen ez zela hala izan, eta guk ere argi dugu. Esan bezala, ez genuen espero halako erabaki bat hartuko zuenik. Harreman ona dugu harekin eta entrenatzaile multzoarekin. Egunerokoa beste modu batera ulertzen erakutsi digu, eta detailerik txikienak zaintzen. Alde horretatik, oraingo multzoak ez du zerikusirik denboraldi hasierakoarekin».

Agurrak eta gazteak

Aurreko astean jakin zen bederatzi jokalarik ez dutela taldean jarraituko datorren sasoian. Jokalari garrantzitsuak daude tartean: Amaiur Sarriegi, Elene Lete, Sanni Franssi, Mauela Vanegas... Aldaketa handia izango da taldean. Baina Eizagirre baikor dago. «Ez dakigu zer gertatuko den. Baina gazteak indartsu datoz. Denboraldi honetan aurrerapauso bat eman dute, eta pozgarria da hori. Kanpotik datorren jendea, berriz, beti egoten da gustura hemen. Reala klub ona da, eta asteburuan ikusi zen nola esan zuten agur taldea utziko duten jokalariek. Kosta egiten da hemendik joatea, etxean bezala egoten baitira. Baina argi dago hemen egongo garenok proiektuan sinesten dugula». Hain zuzen ere,  Eizagirreren ustez hau izan da sasoi honetako albisterik onena: gazteek egindako urratsa: «Urtez urte gero eta gazte gehiago ari dira urratsa egiten: Intza, Maren, Aiara, Guridi... Maila handiko jokalariak dira, eta ilusio handia dute».

«Joan ez banintz bezala izan da. Reala beti sentitu dut gertu emozionalki» LUCIA RODRIGUEZ Realeko jokalaria

Lucia Rodriguezek antzeko balorazioa egin du: «Aho zapore gazi-gozoa geratu zaigu. Aurreko sasoiko emaitzak hobetzea zen helburua, eta bete dugu. Baina kontuan hartuta zein ondo hasi ginen, uste genuen zerbait gehiago lor genezakeela. Dena den, egunerokoan egin dugun lan ona hartuko dut gogoan. Nahiz eta mentalki gogorra izan den».  Sanchez Verak behin baino gehiagotan aipatu du exijentzia handitu beharra. Zama bat izan al da hori? «Ez dut uste. Josek exijentzia hori transmititu digu bere buruarekin eta ingurukoekin halakoa delako. Nik uste hori ona dela, horren bidez lortzen baita hobetzea. Erosotasun eremutik ateratzen zaitu».

Atzelariak ezker hegalean jokatu izan du, baina, lesioak tarteko, partida askotan aritu behar izan du erdiko atzelari postuan. «Horrek indartu egin nau. Zenbat eta postu gehiagotan aritu, orduan eta aukera gehiago dituzu jokatzeko». Bigarren aldia du Realean. 2021ean utzi zuen talde txuri-urdina, eta sasoi honetan bueltatu da. «Klubak aurrerapauso handiak eman ditu. Ni joan nintzenean, oraindik arratsaldez entrenatzen ginen; orain, berriz, eraikin bat dugu guretzat. Oso pozik nago hemen. Joan ez banintz bezala izan da, hau beti izan baita nire etxea. Reala beti sentitu dut gertu emozionalki». Hark ere ilusioz ikusten du geroa: «Hemen gaudenek uste osoa dugu honek gora egiten jarraituko duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.