Txuri-Urdin izotz hockeyko emakumezkoen taldeak hirutan irabazi du liga azken lau denboraldietan. Irene Senac entrenatzailea (Zaragoza, Espainia, 1994) da horren erantzule nagusietako bat. Prestatzaileak laugarren denboraldia egingo du Donostiako taldea zuzentzen. Derbi batekin ekingo diote sasoiari, Gasteizko Tartalo taldearen aurka neurtuko baitituzte indarrak gaur, etxean (14:30) —Nafarroako Uharte ere gorenean lehiatzen da—. Senacek nabarmendu duenez, aurreko denboraldiarekin alderatuta «ezberdina» izango da oraingoa, baina taldeak izan duen «esentziari» eusteko erronka dute.
Senacek balioa eman nahi izan die aurreko denboraldietan izan dituzten lorpenei. Baina oharra egin du: «Denboraldi hau beste modu batera hartuko dugu. Ez gara orain artekora ohitu behar, goian mantentzea zaila baita». Aurreko sasoian finaleko azken partidan lortu zuten garaikurra. Azken minutuetan sartu zuten gol erabakigarria. Taldeak izan zuen grina nabarmendu du prestatzaileak: «Ñabardura ugari izan zituen norgehiagoka hark. Baina etsitzen ez duten jokalariak ditugu, lehiakorrak, eta neurketa iraultzeko gai izan ziren». Jokalariek izaera lehiakor horrekin jokatzen segitu dezaten saiatuko da teknikaria.
Hainbat jokalarik taldea utzi dute, ikasketak eta lana tarteko. Talde gaztea izango du Senacek bere aginduetara. Besteak beste, 2010ean eta 2011n jaiotako hainbat jokalari izango dira taldean. «Entrenatzeko zailtasunak badituzte ere, izotz pistan daude beti, eta pasio handia dute». Adinari erreparatuta, talde «orekatua»« dute. «Esperientzia duten jokalariekin batera, ume baten ilusioa duten gazteak ere baditugu».
Azken urteetan Txuri-Urdinen gizonezkoen taldea larri ibili da, eta, joera hori aldatu asmoz, zuzendaritzak handitu egin du talde horrentzako aurrekontua. Hala, Finlandiako hiru jokalari fitxatu dituzte. Horrek emakumezkoen taldeari eragin dio, eta hori kontuan hartuta aztertu du taldearen osaketa Senacek: «Iritsi diren jokalariak ez dira fitxaketak izan. Hainbat arrazoirengatik hona etorri, eta gurekin jokatuko dute. Multzoa osatzen lagunduko digute». Senacek espero du taldean aldaketak egoteak eraginik ez izatea jokatzeko eran. «Oinarri tekniko eta taktiko berberak erabili nahi ditugu, eta orain arteko jokatzeko erari eutsiko diogu. Baina egia da joan den urtean errazago lortzen genuela paseak lotzea, elkarrekin denbora luzea zeramaten jokalariak genituelako. Alde horretatik aurten ezberdina izango da».
«Iritsi direnak ez dira fitxaketak izan, baizik eta taldea osatzen lagunduko diguten jokalariak. Hainbat arrazoirengatik Donostiara etorri, eta gurekin jokatuko dute»
IRENE SENAC Txuri-Urdineko entrenatzailea
Taldearen beste arazoetako bat entrenamenduak osatzea da, zenbaitetan jokalariak falta dituztelako. Baina lan saio horietan taldeak duen jarrera eskertu du: «Lehia sanoa dugu gure artean». Horrez gain, golak sartzeko duten zailtasunei erreparatu die: «Asko kostatzen zaigu, eta psikologikoki horrek zama handia ekar dezake». Hala ere, ez etsitzearen garrantziaz ere aritu da Senac: «Kirolean xehetasun ugari daude, eta unean unekoari erreparatzea ezinbestekoa da. Gure asmoa zera da: gauzak ilusioz egitea».