Arrauna

Denboraldia hasi aurretik, proba garrantzitsua: Euskadiko Traineru Txapelketa

Gaur jokatuko dute lehiaketa, Getarian. Ilusioz daude arraunlariak, hilabeteotan egindako lana erakusteko gogoz. Gizonezkoetan, Orio da faborito nagusia, eta emakumezkoetan, Arraun Lagunak.

Ontziak lehian, iaz, Euskadiko Traineru Txapelketan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ontziak lehian, iaz, Euskadiko Traineru Txapelketan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Jone Bastida Alzuru.
2026ko ekainaren 7a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ate joka dago traineru denboraldia, eta talde guztiak lan eta lan ari dira aspalditik. Orain arte egindakoa erakusteko, lehiaketa garrantzitsua jokatuko dute gaur: Euskadiko Traineru Txapelketa. Getarian (Gipuzkoa) izango da, 11:00etan (ETB1 ON). «Ilusioz» eta «gogoz» daude arraunlariak, eta bermatuta dago ikuskizuna. Izan ere, Gipuzkoako eta Bizkaiko txapelketetako trainerurik onenak lehiatuko dira.

Gizonezkoetan, Zierbena, Getaria, Santurtzi eta Hondarribia ariko dira lehen txandan, eta Urdaibai, Orio, Donostiarra eta Isuntza bigarren txandan. Emakumezkoetan, berriz, Ondarroa, Tolosaldea, Isuntza eta Hondarribia lehiatuko dira lehen txandan, eta Kaiku, Arraun Lagunak, Deustu eta San Juan bigarren txandan.

«Helburua irabaztea da, argi eta garbi. Baina hankak lurrean izan behar ditugu. Badakigu Orio dela faborito nagusia, eta Gipuzkoakoan gertu izan zuela Donostiarra, baita Getaria ere. Kontuz ibili beharko dugu», esan du Mikel Ojeda Urdaibaiko arraunlariak.

Bou Bizkaia ontzia izan zen azkarrena Bizkaiko Traineru Txapelketan, alde handiz, eta taldea konfiantzaz dagoela nabarmendu du Ojedak: «Bizkaiko txapelketa irabazteak ilusio handia egin dio taldeari, eta ilusioz gaude Euskadikorako ere. Aurkari gogorrak eta sendoak daude, baina saiatuko gara, umil-umil, bandera etxera ekartzen».

Lehiakideak «indartsu» sumatzen ditu, batez ere Orio, Donostiarra, Getaria eta Zierbena. «Ezin gara despistatu. Itsasoaren arabera, Isuntza ere gertu egon daiteke. Etsaiak badaude, baina gu ere etsai izango gara».

«Aurkari gogorrak eta sendoak daude, baina saiatuko gara, umil-umil, bandera etxera ekartzen»

MIKEL OJEDA Urdaibaiko arraunlaria

Bi urtez arrauna utzita egon ondoren bueltatu da Ojeda Urdaibaira. Proiektuak konbentzitu du: «Uste dut laguntzeko gai naizela, eta horretan ari naiz, esku bat botatzen: ahalik eta maila onena jartzen eta gazteei erakusten zer egin behar den hor goi mailan egoteko».

Iaz laugarren bukatu zuen taldeak ligan, eta urrats bat aurrera egin nahi dute aurten. «Egia da berriro ere ziklo aldaketa batean gaudela. Iaztik, bederatzik utzi dute, eta nabarituko dugu. Baina helburua goiko postuetan egotea da, eta, ahal badugu, banderaren bat irabaztea. Liga irabaztea zaila izango da. Zintzoak izan behar gara, eta uste dut Oriok abantaila duela».

Hondarribia, indartsu

Denboraldi zaila izan zen iazkoa Hondarribiarentzat. Azken postuan amaitu zuten Euskotren ligan, eta mailaz jaitsi ziren. Aurten, gorenera itzultzea dute helburu. Sasoiko daudela erakutsi dute. Laugarren izan ziren Gipuzkoako Traineru Txapelketan, Euskotren ligako zenbait ontziren aurretik, eta, hortaz, Euskadiko Traineru Txapelketarako sailkatu ziren.

«Ilusioz gaude. Aurreko igandean egin genituen akatsak lantzen ari gara Euskadikora inoiz baino indartsuago iristeko», adierazi du Miren Garmendia Hondarribiko patroiak. Euren lanean jarri nahi dute arreta, besteei erreparatu gabe: «Gure helburua beti da ondo sentitzea eta gure lana ondo egitea. Ahalik eta estropada onena egin nahi dugu, eta besteek jarriko gaituzte gure tokian. Ahal izanez gero, aurrean daudenei hortzak erakutsi nahi dizkiegu».

Ondo ari dira lanean, eta gogotsu daude. Mailaz jaitsi arren, arraunlari batek soilik utzi du taldea, eta, beraz, blokeari eutsi diote. Talde «polita» dutela azpimarratu du Garmendiak: «Proiektuan eta gugan sinisten dugu». Horiek horrela, Euskotren ligara igotzea dute xede: «Gure helburu nagusia hori da, liga irabazten saiatzea. Lehengo urteko arantzatxoa daukagu, eta ateratzen saiatuko gara. Badakigu zaila izango dela. ETEko beste taldeak ere indartsu dabiltza, eta liga lehiakorra izango da».

Garmendiaren ustez, Zarautz izango dute aurkari nagusia. Iaz liga irabazi zuten gipuzkoarrek, San Juanek baino puntu bat gehiago lortuta, baina, gero, kanporaketetan, ez zuten lortu mailaz igotzea.

«Gure helburua beti da ondo sentitzea eta gure lana ondo egitea. Ahalik eta estropada onena egin nahi dugu, eta besteek jarriko gaituzte gure tokian»

MIREN GARMENDIA Hondarribiko patroia

Entrenatzaile berria du aurten Hondarribiak, Osertz Aldai, eta arraunlariak oso gustura ari dira harekin: «Asko eskertzen dugu egiten ari den lana. Asko ari zaigu estutzen, eta nabaritzen ari gara emaitzetan. Ea neguko lan gogor horrek fruituak ematen dituen».

Ate joka dago liga ere, baina Euskadiko Traineru Txapelketan dute jarrita gaur arreta osoa. Lana ondo egiten eta gozatzen saiatuko dira guztiak, eta hala eginda, ahal bada, irabazten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE